Publicada el Jeudi, 15 de septembre de 2016

Ez da onartu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Legea aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzea

PSNren ekimenaren bidez kontu-ematea erraztu nahi zen, eta erabaki publikoak hartzeko prozesuan herritarren parte-hartzea eta informazioa hobetu

Nafarroako Parlamentuak, gaurko Osoko Bilkuran, ez du onartu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legea aldatzeko proposamena aintzat hartzea. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek proposamenaren aurkako botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aldekoa.

PSN parlamentu-taldeak aurkeztutako foru lege proposamenak xede zuen “ekarpena egitea kontuak emateari, gardentasun horizontalari eta gobernu egokiari begira, garrantzizko akats batzuk konponduz, herritarrek erabakiak hartzen hobeki parte har dezaten”.

Horretarako, proposamenak apustu egiten zuen foru legearen aplikazio-esparrua honako hauetara zabaltzearen alde: Nafarroako Parlamentua, Kontuen Ganbera, Arartekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, alderdi politikoak, sindikatuak, enpresa-erakundeak, partzuergoak, enpresa mistoak eta enpresa pribatuak, azken horiek “urtean 50.000 eurotik gorako diru-laguntzak jasotzen badituzte, edo bestela haien urteko diru-sarreren gutxienez % 30 diru-laguntzetatik heldu bada, eta, betiere, kopuru hori 5.000 eurotik gorakoa bada”.

Arau proposamenak aurreikusten zuen lobbyen edo Interes Taldeen Erregistro Publikoa sortzea, Europako Parlamentuan eta Europar Batasuneko zenbait estatutan egin duten gisan, eta nahitaez argitaratu behar izatea zenbait datu, hala nola goi karguen agenden edukia, bidaietan eta telefono mugikorretan egindako gastuak, auto ofizialen erabilera edo 500 eurotik gorako fakturak, “etika sustatzeko eta euro publiko bakoitzaren xedea agerian jartzeko”.

Hedapenaren atalean, tresna digitalak ezarri nahi ziren, sortzen den informazioa eskuratu ahal izateko, erabiltzailearen maila teknologikoa zein den ere, halako moldez non “egiaz hedatuko baitira herritarrek Gobernu Irekiaren eta Gardentasunaren arloan dituzten eskubideak”.

Bestalde, lege proposamenean jasorik zegoen zehapenei buruzko atal bat eranstea, erantzukizunak eskatzeko, desgaikuntza eta kargu-uztea ere barne, arau-hausterik larrienetarako.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proposamena (88. NPAO, 2016-06-17koa)