Publicada el Jeudi, 9 de juin de 2016

Nafarroako inbertsioak nahita bertan behera uztea egotzi dio Gobernuak Estatuari

Geroa Bai-ren jabeldura bati erantzunez, zeinean azpimarratzen baita Foru Komunitatea azken 10 urteetan diru gutxien jaso duen autonomia-erkidegoetakoa dela

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilari Mikel Aranburuk baieztatu du Estatuaren aldetik "berariazko utzikeria eta abandonua" dagoela, Nafarroako azpiegituretan inbertsioak egiteari dagokionez.


Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran, Aranburuk, Geroa Bairen jabeldura bati erantzunez, esan du Nafarroako biztanleria-indizea ehuneko 1,4 dela baina "Estatuak azken hamar urteetan obra publikoetan egindako inbertsioak ehuneko 0,13koak" direla. "Ingeniaritza zibilean, inbertsioak ehuneko 0,06koak dira; Adifen obretan, ehuneko 0,11koak, eta AENAren obretan, ehuneko 0,9koak", aipatu du adibide gisa. "Guztiak ehuneko 1,4tik oso urrun dabiltza".


Kontseilariak gaineratu du egoera hori "berariazkoa" dela. "Ez da kasualitatea, eta Madrileko gobernuei galdetu behar litzaieke zein diren arrazoiak. Madrilekoak Nafarroako Gobernua bere alde edo bere mendean eduki duen hamar urte horietan ere ez da aurrerapen handirik lortu", esan du.


Egoera horren aurrean, kontseilariak ohartarazi du Nafarroak bere eskumenak indartu litzakeela Hitzarmen Ekonomikoan akordio berri bat eginez, Foru Komunitateak bere gain hartu ahal ditzan azpiegiturak. "Guk eginen genituzke obrak eta ez genuke ordainduko Estatuko azpiegituren ehuneko 1,6. Geureak ordainduko genituzke", iradoki du.


Koldo Martinez
ek (Geroa Bai parlamentu-taldea) azaldu duenez, "datuek agerian jartzen dute Estatuaren lehentasunen zerrendan Nafarroa atzean dagoela, azken hamar urteetan inbertsio gutxien jaso duen autonomia-erkidegoetakoa baita".


Martinezen esanetan, Alemaniako Estatuaren ereduari jarraituz, "Nafarroari emanen balitzaio bere azaleraren edota biztanle kopuruaren arabera dagokion dirua, azpiegituretako gastuaren ehuneko 2,7 jasoko luke, hots, 1.250 milioi euro, eta ez azken urteotan jaso dituen 58,5 milioi eskas horiek". Ondoren, "Nafarroak jasan duen utzikeria historikoa eta egun jasaten ari dena" kritikatu du.


Carlos García Adanero
k (UPN parlamentu-taldea) Gobernuari ohartarazi dio kontuz ibili behar duela "bertan goxo egin gabe", goizero 40.000 pertsona jaikitzen direlako lan bila kaleratzeko, eta badagoelako jendea osasun zerbitzuetarako zerrendetan itxaroten.


"Kobratzeko eta lege sozialei errekurtsoa jartzeko garaian bakarrik ibiltzen da adi Estatua", iritzi dio Maiorga Ramirezek (EH Bildu parlamentu-taldea). Egungo ereduarekin ados ez dagoela esan du, eta Nafarroak autonomia eta erabakimena edukitzearen alde agertu da.


Fátima Andreo
k (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak) esan duenez, "Estatutik zenbat diru jasotzen den baino gehiago kezkatzen gaitu zertarako erabiltzen diren funtsak".


Guzmán Garmendia
ren (PSN parlamentu-taldea) esanetan, "Nafarroan 2007an egin ziren inbertsio gehien, gobernu sozialista zegoela, eta bigarrenik 2010ean, orduan ere gobernu sozialistarekin", eta "errekor negatiboa 2013an izan zen, Rajoyren lehenbiziko aurrekontuen garaian", orduan "ez baitzen batere inbertitu".


Ana Beltran
ek (PPN foru parlamentarien elkartea) gezurtatu egin du Aranburuk inbertsioetarako "berariazko" utzikeriari buruz adierazitakoa, "oso larria" dela esan du, eta interpretazio horri "erabat elektoralista" iritzi dio. "Ziur nago independentista katalanek ere noizbait berdin-berdin esanen zutela, Espainia lapurretan ari zaigula salatzeko, baina guztiz faltsua da", nabarmendu du.


José Miguel Nuin
ek (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) azaldu duenez, "lurralde-gatazkaren aldetik jotzea okerreko aukera da, ez dituelako azaltzen gertatzen ari denaren arrazoiak. Ez da Espainiako Estatua pobretzen gaituena, baizik eta xahukeria, austerizidioa, lan erreforma edo zerga paradisuak. Funtsezkoa da hitzarmena eguneratzea."