Publicada el Jeudi, 5 de mai de 2016

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du landa-eremuko eskolak manten ditzan

Beharrezkoak diren baliabideak liberatuz, horrela, diskriminazio positiboko politiken bidez, eskolei lortu nahi den kalitatezko irakaskuntzarako bitarteko egokiak emateko

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “neurri egokiak har ditzan landa-eremuko eskolak hezkuntza-erakunde gisa mantentzeko, beren antolamendu-egitura heterogeneo eta bereziarekin, bai eta beharrezkoak diren baliabideak libera ditzan eskola horiek osatzen dituzten eskola-unitateen sarea mantentzeko eta ezartzeko, eta, halaber, joan den legegintzaldian hartutako erabakia bete dezan”.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, UPNren eta PPNren abstentzioekin, Foru Gobernuari hau eskatzen zaio: “Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako gelei euts diezaien, haien iraupena gutxieneko ikasle-kopuru baten bidez mugatu gabe, era horretan bermatuz biztanle gutxiko udalerrietan iraun dezaten, erreferente soziala izan daitezen eta landa-eremuko biztanle-kopuruari eusteko aukera eman dezaten. Landa-eremuko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei behar adinako giza baliabideak eta baliabide ekonomiko eta teknikoak emanez, irakaskuntzaren kalitate maila egokiak eskaini ahal izan ditzaten”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek puntu horretan ere aldeko botoa eman dute.


PSN parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean landa-eremuko eskolaren iraupena eskatzen da, esanez “antolamendu-egitura heterogeneo eta berezia” duela, “eta, halaber, konfigurazio pedagogiko eta didaktiko dimentsioaniztuna”. Kontzeptu hori mehatxupean ikusten dute erabakiaren sustatzaileek, krisiaren aitzakian egin litezkeen arau-garapenak eta ondoriozko aurrekontu-murrizketak direla eta.


Horiek horrela, eskolak landa-eremua sendotzeko duen garrantzia azpimarratu ondoren, aurreko legegintzaldian (2012-6-1ean) hezkuntza-eredu horren alde onetsi zen erabakia dakar gogora proposatzaileak.


Bertan eskatu zen gutxieneko ikasle kopurua ezar zedin, eta kopuru hori gainditzen zuten lekuetan eskola zabaltzeko, “herriek bizirik iraun dezaten”. Eta “diskriminazio positiboko politikak” eskatu ziren, “laguntza bereziak” ezarri behar dituztenak.


Landa-eremuko irakasleei dagokienez, Nafarroako Gobernuari “pizgarriak” eskatu zitzaizkion, lanpostuak “erakargarriagoak eta egonkorrak” izan daitezen, bai eta “berariazko prestakuntza” ere, hala Unibertsitatean nola eskualde bakoitzeko ILZn. Landa Eskoletarako Bulegoa sortzeko ere eskatu zen.


www.parlamentodenavarra.es
Mozioa (13. NPAO, 2016-02-05ekoa)