Publicada el Vendredi, 29 de avril de 2016

Asunción Olaechea Kontuen Ganberako lehendakari karguaz jabetu da

Foru Komunitateko fiskalizazio organo nagusiaren ezaugarri diren "zintzotasun instituzionalari, irmotasunari eta zorroztasun teknikoari" eusteko deia egin du lehendakariak

Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznarezek, lehenbiziko aldiz emakume bat Kontuen Ganberako buru izatearen garrantzia nabarmendu du. “Beste mugarri bat da politikaren eta erakundeen feminizaziorako bidean; guztion artean lortzen ari garen mugarriak dira, berdintasun hori agerian jartzeko eta ardura goreneko karguetan ere emakumeen parte-hartzea normalizatzeko beharraz jabeturik dagoen gizarteari esker”.


Kontuen Ganberako lehendakari berriaren ibilbide profesionala goraipatu ondoren, adierazi du Parlamentuak konfiantza duela harengan, aurreko lehendakariarengan bezala, “funts publikoak fiskalizatzeko eta Parlamentuari ekonomia eta finantza gaietan aholku emateko lanak bete ditzan”. Halaber, “herritarrek kontu publikoen kontrolean parte hartzea” bezalako erronkei heltzeko eskatu dio Ainhoa Aznarezek Kontuen Ganberari, “erreferentzia berezia eginez «kontabilitateko akzio publikoa» delakoari, funts publikoen kudeaketarako «herritartasun aktiboa eta parte hartzeko herritartasuna» deituaren adierazpen paradigmatiko gisa”.


Lehendakariak, amaitzeko, berriz ere “zorionak” eman dizkio eta “zorte handia” opatu dio “eginkizun berri honetarako, eta indar handia, azaltzen diren erronkei ekiteko”. Gainera, Helio Robleda Cabezasek azken sei urte hauetan egindako lan ona eskertu du.


Lehenago, Mahaiko kideen aurrean karguaren zina egin eta Parlamentuko lehendakariaren eskuetatik Parlamentuaren intsignia jaso eta gero, Asunción Olaechea Estangak “esker ona” agertu die berarengan uste osoa jarri dutenei, eta iragarri du saiatuko dela bera babestu ez zutenen konfiantza ere irabazten, inoiz ahaztu gabe Kontuen Ganbera “ororen gainetik herritarren zerbitzaria” dela.


“Sinesgarritasuna eta gizartearen nahiz erakundeen errespetua mantendu eta areagotzea” funtsezko premisak dira “teknikari eta auditore lanetan ia bi hamarkada egin ondoren” onartu duen erronka horretan, “Kontuen Ganberaren arrastoari jarraituz, independentziari, objektibotasunari, inpartzialtasunari eta gardentasun erabatekoari dagokienez”, sinetsita baitago “funts publikoen kontrolaren kalitatea heldutasun demokratikoaren adierazle ona” dela.


Kontrolaren kultura hedatu nahi du Olaecheak, horrela, finantzak eta legezkotasuna gainbegiratzeari utzi gabe, auditoretza operatibora jotzeko, emaitzen azterketa eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioa azpimarratzen dituen horretara. Hala, “eraginkorragoak izateko premia” azpimarratu du.


Ildo horretatik, Kontuen Ganberako buru berriak gogorarazi du nola “oparotasun ekonomikoko garaiek eraginkortasunik gabeko kudeaketa-inertziak sustatzen dituzten, atzean analisi behar bezain zorrotzak ez dituzten inbertsioak. Nafarroan ere horren lekuko izan gara: Gobernuak zorra hazten ikusi du krisiaren hasierako 600 milioietatik egungo 3.200 milioietaraino”.


Esandakoaren harira, Olaechea zergen kudeaketaren ebaluazioari erreparatu dio, auditoretza informatikoaren bultzadari, Nafarroako udal egituraren arrazionalizazioari eta “arduradun politiko askoren portaera lotsagarriak” gizartean eragindako nazkari.


Hori dela eta, Olaecheak azpimarratu duenez, “ustelkeriaren izurriaren aurkako arau, kode etiko eta legeetatik harago, herritarrek politiko eta kudeatzaile zintzoak eskatzen dituzte. Aristotelesek esan zuen bezala, politikarien funtsezko ezaugarria prestutasuna da, eta 2.000 urte geroago hori ez da aldatu”.


Amaitzeko, eraginkortasuna handitzeko eta jardunbide okerrak baztertzeko bere apustua azpimarratu ondoren, Foru Komunitateko fiskalizazio organo goreneko lehendakariak kudeaketaren kultura berri horren sustapenean parte hartzeko deia egin dio Gobernu berriari. “Altxor publikora iristen den euro bakoitza ahalik eta ongien erabiltzea izan behar dugu helburua. Apustu horretan, Kontuen Ganbera beti izanen da aliatu zintzoa”.


Asunción Olaechea Kontuen Ganberako lehendakaritzaz jabetzeko ekitaldian izan dira, beste agintari batzuen artean, Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos, arartekoa, Javier Enériz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria, Joaquín Galve, Nafarroako Kontseiluko lehendakaria, Enrique Rubio, eta parlamentu-taldeetako eledunak.


Gainera, bertan izan dira Estatuko Kontuen Auzitegiko lehendakaria, Manuel Núñez Pérez, Galiziako, Gaztela eta Leongo, Euskal Autonomia Erkidegoko, Valentziako, Asturiasko, Andaluziako eta Kanarietako kontuen auzitegietako lehendakariak, 1997-09 bitartean Kontuen Ganberako lehendakari izandako Luis Muñoz, eta haren aurretik (1991-97) karguan aritutako Patxi Tuñón.


Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa fiskalizatzen duen erakundea da Kontuen Ganbera. Parlamentuaren menpeko organoa da, eta ekonomia eta finantza gaietan aholku ematen dio, baina bere kabuz funtzionatzen du. Lehendakariak zuzentzen du; ganberako beste kide eta organo batzuk idazkari nagusia eta auditoreak dira.