Publicada el Jeudi, 21 de avril de 2016

Eskola-eredu publiko anitza, inklusiboa eta ongi hornitua bultzatzeko eskatu du Parlamentuak

"Beren irizpideekin bat datorren hezkuntza-eredua zenbait ikastetxetan garatu nahi duten pertsona edota talde sozialen aurrean"

Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren baiezko botoekin eta UPNren ezezko botoarekin, ebazpen bat onetsi du zeinean Nafarroako Gobernua premiatzen baita “bultza dezan eskola-eredu publiko anitza, inklusiboa eta ez-segregatzailea, baterako hezkuntzakoa, bere hurbileneko ingurune sozialean inkardinatua eta bere egitekoa kalitatez egiteko behar dituen baliabide guztiez hornitua”.

Onetsitako ebazpenak badu bigarren puntu bat non Foru Gobernuari eskatzen baitzaio “irakaskuntza publikoaren garapena lehenets dezan eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoak babestu ditzan, guztiei hezkuntza sozializatzailea eta kalitatezkoa bermatze aldera”.

Hirugarren atalean, bestalde, Estatuko Gobernua premiatzen da “LOMCE indargabetu dezan”. Puntu horretan UPN abstenitu egin da. Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek puntu horretan ere aldeko botoa eman dute.

Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteak sustatutako ebazpenak zioen azalpenean gaitzetsi egiten du azken hamarkadan indarrean egon den eskola-antolamenduaren eredua. Hiriguneetan bereziki, “eskola-antolamendu hori gidatu duten irizpideak lotuago daude pertsona eta/edo talde sozial batzuen interesei; izan ere, pertsona horiek beren interesekin bat datorren hezkuntza-eredua garatu nahi dute zenbait ikastetxetan”.

Horren harira, azpimarratzen da eskolatze-eskaintzaren antolaketa ez datorrela bat “hezkuntza-sistema publiko batean sustatuko diren aukera-berdintasun, hezkuntza-konpentsazio, ikasleen sozializazio, bizikidetasun eta eskolaren eta ingurunearen arteko inkardinazioarekin”.

Horiek horrela, LOMCEk bete duen egitekoa ere aipatzen du proposatzaileak, esanez lege horrek ezikusia egiten diola “hezkuntzaren izaera konpentsatzaile eta sozializatzaileari”, eta apustu egiten duela “eskola-antolamendu segregatzaile eta merkantilista baten alde, hezkuntza-premiei eta ikasleen interesei arrotz zaizkien bestelako interesen mesedetan, haien sozializazioari eta ingurumen sozial eta naturaleko integrazioari dagokionez”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (35. NPAO, 2016-03-11koa)