Publicada el Jeudi, 25 de février de 2016

Ez da onartu Nafarroako 2014ko Kontu Orokorrei buruzko Lege proiektua

Gastuen %83 gastu korronteak izan ziren, eta sortutako aurrezki gordina baino 232 milioi gehiagokoa izan zen zorpetzearen finantza-zama

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin, Nafarroako 2014ko Kontu Orokorrei buruzko Lege proiektua, zeina 2012ko Aurrekontuen luzapena baita (3.837,72 milioiko aurrekontuak, 2016koen aurretik onetsitako azkenak).


Behinola Kontuen Ganberak emandako txostenaren arabera, Nafarroako 2014ko kontu orokorrek Foru Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioaren gaineko ikuspegi orokorra eskaintzen dute. Ildo horretan, txostenean jaso dira Nafarroako Gobernuaren kontuak eta haren erakunde autonomoenak, Nafarroako Kontseiluarenak, sozietate eta fundazio publikoenak, Parlamentuarenak eta haren menpeko organoenak (Kontuen Ganbera eta Arartekoa).


Nafarroako Gobernuaren kontuei dagokienez, iragan urtean 3.803 milioi euro gastatu zituen eta 3.855 euroko diru-sarrerak izan zituen.


Gastuetako kapitulu nagusia transferentzia arruntena da (1.387 milioi), eta bigarren garrantzitsuena langile-gastuen kapitulua da (1.111 milioi). Ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu arruntek 532 milioi egin zuten, eta inbertsioak ez ziren 100 milioira iritsi.


Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergek 1.428 milioi egin zuten eta zeharkakoek 1.586 milioi. Hirugarren finantzaketa iturri garrantzitsuena zorpetzea da, hala finantzatu baitziren ia 500 milioi.


Ekitaldian 169 milioiko aurrezki gordina sortu zen (gastu eta diru-sarrera arrunten arteko aldea Aurrezki gordina ez zen aski izan, ordea, zorpetzearen finantza-zamari eusteko. Zama hori 401 milioikoa izan zen.


Gastuaren funtzioari erreparatuta, osasun arlora %24 bideratu zen, hezkuntzara %15 eta Estatuarentzako ekarpenera beste %15. Zor publikoak gastuaren %10 bereganatu zuen, eta gizarte zerbitzuek %6.


Departamentuen arteko banaketak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu departamentuaren nagusitasuna erakusten du, %31 jaso baitzuen. Osasun Departamentua dago bigarren, %24arekin, eta Hezkuntzakoa hirugarren, %15arekin. Sailkapeneko azkena, gastu osoaren %1arekin, Kulturako, Turismoko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentua da.


Kontuak aztertutik, Kontuen Ganberak txostenean adierazten du irudi zehatza erakusten dutela, oro har, ondareari, aurrekontuen likidazioari eta Foru Administrazioaren finantza-egoerari dagokienez. Hala ere, hiru salbuespen egiten ditu: ondasun guztien inbentario baloraturik ez egotea, funtzionarioen montepioaren obligazioak balantzean erregistratu ez izana, eta oroitidazkian informatu ez izana ebatzi gabeko auzietatik etor litezkeen gorabeherei buruz.


2013ko ekitaldikoen aldean, bai gastuak bai diru-sarrerak ehuneko 3 hazi ziren. Gastuen kasuan, finantza-pasiboen igoera nabarmentzen da. Diru-sarreren atalean, berriz, gora egin zuten zeharkako zergek, kapital-transferentziek eta finantza-pasiboek.


Foru Administrazioak aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren helburuak bete zituela azpimarratzen du txostenak. Izan ere, 2014ko abenduaren 31n Nafarroako sektore publikoaren guztizko zorpetzea 3.197 milioikoa zen, gure komunitatearen BPGaren %17,9 hain zuzen, eta finkatuta dagoen mugaren –BPGaren %18,1– azpitik zegoen.


Enpresa publikoak 16 dira. Guztira 816 milioiko ondare garbia dute, eta 224 milioiko zorra. Ekitaldiko emaitza orokorra positiboa izan zen, 3,3 milioikoa. 2014aren amaieran enpresa publikoek 1.038 langile zituzten, eta Tracasaren plantilla nabarmentzen zen, 364 langile baitzituen.


Kudeaketa ekonomiko-finantzarioa hobetzen jarraitzeko gomendioak ere ematen ditu txostenak: kontabilitate publikoaren plan orokorra onets dadila, Foru Administrazioaren ondasunen inbentario baloratua egin dadila, eta zerbitzu publikoen kostuen gaineko informazioa emanen duen kontabilitate-sistema gara dadila.


www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (16. NPAO, 2016-02-12koa)