Publicada el Jeudi, 4 de février de 2016

Gobernua trenbide begizta kentzearen alde dago eskualdeko antolamenduaren mesedetan

UPNren jabeldura bati erantzunez, trenbidearen gaia higiezin-eragiketatik bereizteko eskatu du eta erabakiak "zorroztasunez" hartuko direla ziurtatu

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik baieztatu du Iruñeko trenbide begizta kentzea "eskualdeko antolamendurako intereseko" gaia dela eta berekin ekarriko lukeela tren geltoki berri bat egitea, kontuan izanik Etxabakoizko UPSan aurrez ezarritako kokapena "guztiz zentzuzkoa" dela.


Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran UPNk egindako jabeldurari erantzutean Ayerdik azaldu duenez, Etxabakoizko UPSan trenbide kontuarekin zerikusia duen zatia "argia" da, baina "hortik aurrera hirigintzako antolamendua dago; horregatik, behar adina denbora hartu eta gaia zorroztasun osoz aztertu nahi dugu" planeamenduari buruzko behin betiko erabakia hartu aurretik.


Hala, bada, 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 100.000 euroko kontusaila dago atal horretan, "Gobernuak aurrekontu-baliabideak eduki nahi dituelako azterlanak eskatzeko, bere jarrera irizpide hobearekin finkatze aldera".


"Trenbide begizta kentzearen inguruko erabaki garrantzitsuak hartu beharko dira eta Gobernuak bere balorazioak eginen ditu. Garrantzitsua da gure jarrera ahalik eta irizpide onenarekin finkatzea, aurrean dugun jokalekuak inplikazio handiagoak dituela jabetuta", adierazi du.


Ayerdik azpimarratu egin du "trenbidearen gaia higiezin-eragiketatik bereizi" beharra dagoela, eta "lasaitasun osoa" izateko mezua zabaldu du, Gobernuak "zorroztasunez" hartuko baititu erabakiak.


Luis Zarraluquiren (UPN TP) esanetan, hasieran aurreikusita zegoen planteamenduaren bidez ingurua antolatuko litzateke eta, gainera, etxebizitza berriak eginen lirateke, "Etxabakoitz auzoa birkualifikatuko litzateke" eta kirol eremuz nahiz berdegunez hornituko. "Urte askotako garapenerako plana da, lehen mailako hainbat hirigintza-helburu dituena".


Zarraluqui kexu agertu da, ordea, egungo Gobernuak planteamendu berria egitea erabakitzen badu "ondorio larriak etor litezkeelako, esate baterako, kareletik behera botatzea aldez aurretik egindako inbertsio guztia".


Patxi Leuza
k (Geroa Bai) esan du, kontseilariarekin bat etorriz, proiektu honetan bi kontu bereizi behar direla, hots, bere taldeak ere onartzen duela tren geltoki berria eraiki beharra, baina ez dela hori nahasi behar prestazio handiko trenbidea Iruñera iristearekin.


Maiorga Ramirez (EH Bildu PT) kritikoago agertu da. Izan ere, "guztiek parte hartzeko eztabaida sakon bat" eskatu ondoren, "noraezeko burugabekeria" iritzi dio UPNko Gobernuak gai honekin egindako kudeaketa lanari. "Lehenetsi beharrekoaren ordez, eraikuntza enpresen interesak eta higiezinen negozioa lehenetsi dira", gehitu du.


Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu PT) argi mintzatu da UPS hau bere taldeak ez duela gogoko azpimarratzean, eta nahi diren helburuak beteko ote dituen "zalantzak" agertu ditu, "higiezinen burbuilaren garai betean" idatzia delako. Bereziki kritiko agertu da planteatutako 9.000 etxebizitzak eraikitzearen aurka.


Santos Cerdanek (PSN PT) Ayerdi kontseilariaren adierazpenekin bat egin du: "gustatzen zait entzun dudana eta bat nator berak esan duenarekin". Baina lauko gobernuan EH Bildurekiko desadostasunak daudela aipatu du eta, horregatik, Parlamentuko ponentzia bat sortzea proposatu du, jarrerak elkarri azaltzeko eta eztabaidatzeko.


José Miguel Nuinek (I-E FPE) bat egin du ponentziarako proposamen horrekin, bera ere tren geltoki berria eraikitzearen alde agertu da, eta ezbaian jarri du eragiketaren hirigintza alderdia.