Publicada el Jeudi, 14 de janvier de 2016

Parlamentuak Memoria Historikoaren Legea garatzeko eskatu dio Estatuko Gobernuari

Gutxienez ere 150.000 euroko kontusaila eskatu du hobi komunen mapa egiteko, gorpuak hobietatik ateratzeko eta ikur frankistak ezabatzeko

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeen baiezko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren aurkako botoekin gaurko osoko bilkuran Parlamentuak onetsi duen ebazpen batean Espainiako Gobernua premiatzen da “kontusail bat ezar dezan, gutxienez ere 150.000 eurokoa, Memoria Historikoaren Legea garatzeko”.

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, aho batez, Foru Gobernuari eskatzen zaio “lanean jarrai dezala Nafarroan 1936ko Altxamenduaren ondorioz eraildako pertsonen memoriaren eta errekonozimenduaren alde”.

Halaber, hirugarren atalean, Estatuko Gobernuari hau eskatzen zaio: “kontusail bat ezar dezala, gutxienez ere 150.000 eurokoa, diktadura frankista goresten duten ikur eta monumentuak agerian jartzeko eta kentzeko eta hobi komunen mapa egiteko, azken batean gorpuak hobietatik ateratzeko plan nazional bat garatze aldera”. Atal horri eta hurrengoari buruz UPN abstenitu egin da eta PPNk aurkako botoa eman du.

Ebazpenean Gobernu zentralari eskatzen zaio, gainera, “estatu-idazkaritza bat sor dezala Lehendakaritza Ministerioan, eta koordinazio organo gisa ministerioarteko agentzia bat sor dezala”.

Idazkaritza horrek “Gerra Zibilean eta Francoren diktaduran sortutako auzitegien epaiak deuseztatzea” izanen luke helburu. Horrez gain “gizateriaren aurkako krimenen biktima guztiei Justiziarako aukera” eman behar lieke, eta bidenabar “giza eskubideen eta memoria historikoaren arloetan jurisdikzio unibertsala berreskuratu eta aplikatzea” sustatu behar luke.

Geroa Bai parlamentu-taldeak aurkeztu eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeekin batera zuzendutako ebazpenak zioen azalpenean dioenez, Memoria Historikoaren Legea garatzeko aurrekontu-esleipena kendu egin da eta horrenbestez “de facto hustu eta indargabetu” da Gerra Zibilean eta diktadura garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen aldeko neurriak ezarri behar zituen araua. “PPren gehiengo osoari” egozten dio erabakiaren erantzukizuna, baita Francisco Franco fundazioarentzako 150.000 euroko diru-laguntzari dagokionez ere.

Hori dela eta, proposatzaileak gogora dakar “Nafarroako gizarteak urteak daramatzala lanean 1936ko biktimen memoria berreskuratzeko; lan hori batez ere senideen kolektiboek eta beste pertsona askok egin dute, trukean ezer jaso gabe”.

Eremu instituzionalera etorrita, gogorarazten da nola oraingo Foru Gobernuak “Gerra Zibilean fusilatu zituzten Gobernuko 33 langileen omenezko ekitaldi batekin” hasi zuen bere ibilbidea.

Eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza sortu berriak “1936ko biktimen memoria, babesa eta aitormena lortzeko lanari behin betiko bultzada” emanen diola eransten da.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 30. zk., 2015-11-13koa)