Publicada el Mardi, 22 de décembre de 2015

Toki ogasunek Nafarroako tributuetan 2016rako parte hartzeko duten funtsa aldatzea onetsi dute

Ekarpena KPItik bi puntu gorago areagotzen duen eguneratze formula berreskuratzen da eta sinbologiari buruzko atal zigortzailea ezabatzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak haren alde eman dituzten botoekin, azaroaren 12ko 21/2014 Foru Legea aldatzea onetsi du gaur, zeinaren bidez toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa formula 2015eko eta 2016ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen diren. UPNk eta PPNk haren aurka bozkatu dute eta PSNk ez du bozkatu.


Toki ogasunen funtsa Nafarroako Gobernuak udalen eta kontzejuen gastu arruntak finantzatzeko duen sistema da (langileak, bulegoak, hornidurak …). Inbertsioak (azpiegiturak, sareak berritzea eta garbitzea, kaleak zolatzea …) ordea, toki inbertsioen planaren bidez kofinantzatzen dira, Nafarroako Parlamentuak beste bat onetsi arte luzatu duena.


Lehenik eta behin, Legearen xedea da 2016rako aurreikusitako funtsaren zenbatekoa areagotzea Nafarroako Foru Komunitatean izandako kontsumo prezioen indizetik (KPI), ekainetik ekainera neurtua, bi puntu gorago.


Era horretan aldaketa baino lehenago indarrean zegoen eguneratze formula errekuperatzen da, 2011n egin zena eta soilik KPIaren igoerari mugatuta, “toki entitateen iraunkortasun finantzieroan hain ondorio larriak izan zituena”.


2015en indarrean dagoen Toki Ogasunek parte hartzeko duten funtsaren zenbateko globala 200.688.073 eurokoa da. Horietatik 171.474.537 transferentzia arruntetara bideratuko dira, 23.401.274 euro Iruñeko Udalaren Hiriburutza Agiria delakoari, 5.421.544 Nafarroako udalen korporazioko kideei ordainketak egitera eta Nafarroako Udal eta 390.718 Kontzejuen Federazioari.


Udalek urtean jaso ahal duten gehieneko ekarpena, udala osatzen duten hautetsien kopuruaren arabera eta legeria orokorrari jarraikiz esleitzen da udaletxeetako zinegotzien jarduketa konpentsatzeko. Zenbateko hori 3 zinegotzi dituen udalek jasotzen dituzten 4.196,43 euro eta 27 zinegotzi hautetsiko udal batek jasotzen dituen 193.908,04 euroren artekoa da.


Hona hemen ekarpenen taula osoa
:


b.1) 3 zinegotzi dituzten udalak: 4.196,43 euro.
b.2) 5 zinegotzi dituzten udalak: 10.807,87 euro.
b.3) 7 zinegotzi dituzten udalak: 15.893,99 euro.
b.4) 9 zinegotzi dituzten udalak: 19.073,19 euro.
b.5) 11 zinegotzi dituzten udalak: 30.516,69 euro.
b.6) 13 zinegotzi dituzten udalak: 52.768,37 euro.
b.7) 17 zinegotzi dituzten udalak: 80.742,22 euro.
b.8) 21 zinegotzi dituzten udalak: 115.709,39 euro.
b.9) 27 zinegotzi dituzten udalak: 193.908,04 euro.


Kargu publikoen ordainketak kentzea edo atxikitzea ezabatu da


Bigarren berrikuntza 2015.eko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginekin karguan aritzeagatiko ordainketak atxikitzea, kentzea edo itzultzea eragiten zuten kasu guztiak ezabatzea da. Batzuk Nafarroako Sinboloen, Terrorismoaren biktimak laguntzearen eta 1936ko kolpe militarraren biktimei aitortza eta ordain morala ematearen foru legeak urratzearekin zerikusia zuten, eta beste batzuek sinbolo frankistak erakustearekin.


Aldaketa hori 21/2014 Foru Legearen 7. artikuluaren e) hizkia ezabatzean gauzatzen da. Honela zioen:


e) Artikulu honen b) hizkian jasotzen diren ordainsariak honako kasuetan kendu edo atxikiko dira:


1. Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2003 Foru Legea urratzea, jarraian zehazten diren kasuetan:


- Udaletxeko fatxadan legeak aurreikusten dituen banderak ez egotea.


- Udalaren eraikin edo azpiegitura orotan, bai eta kale-plazetan ere, beste lurralde, erkidego autonomo edo toki entitateetako banderak egotea, Nafarroako Sinboloei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluan aurreikusten diren kasuetan izan ezik.


2. Gerra zibilean eta diktaduran jazarpena eta indarkeria jasan zutenen aldeko neurriak ezartzen diren eta haien eskubideak aitortzen eta hedatzen dituen abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 15. artikuluan sinbolo frankistak agertu eta mantentzeari buruz xedatzen dena urratzea.


3. 1936ko kolpe militarraren ondorioz erail ziren Nafarroako herritarrei eta indarkeria jasan zuten biktimei aitortza eta ordain morala emateari buruzko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen 11. artikulua urratzea.


4. Era berean eta prozedura berdina aplikatuta honako kasuetan ordainsariak indargabetu edo atxikiko dira:


- Indarkeria, talde terroristak edo ilegalizatutako erakundeak babestu eta terrorismoaren apologia egin edo goratzea eragiten dituzten entitate edo kolektiboei lokal edo eraikin publikoak uztea.


- Aurreko atalean jasotzen diren edukiekin zerikusia duten pintaketak, kartelak, sinboloak edo bestelako elementuak jartzea.


- Lokal eta eraikin publikoetan terrorismoaren biktimen memoria iraintzen dituzten ekintzak egitea haien eta haien senideen izena zikintzea, gutxietsiz eta umiliatuz.


5. Indargabetzeak edo atxikitzeak urratzea frogatu egin den ekitaldiari dagokion ekarpenaren zenbateko osoari eragingo dio.


www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Proiektuaren argitalpena (NPAO, 33. zk., 2015-11-23koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 41. zk., 2015-12-14koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 44. zk., 2015-12-18koa)