Publicada el Jeudi, 17 de décembre de 2015

Kontrolerako Osoko Bilkura. Gaurkotasuneko galderak

Taldeek, besteak beste, eskola-porrotari, PAIri eta Hezkuntzako lan eskaintza publikoari, Nafarroako Ubideari, aldaketa klimatikoari eta mendekotasunaren balorazioari buruzko galderak egin dituzte

Gobernuak errepikatu du Hezkuntzako lan eskaintza publikoa “proposamen” bat dela


Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak, Jose Luis Mendozak, baieztatu duenez, “une honetan lan eskaintza publikoa proposamen bat da, dagoen plantillaren beharren analisia abiapuntu hartuta egin dena” eta azpimarratu du “oraindik ez da zehaztu” zein izango den 2016rako egingo den eskaintza definitiboa.


Mendozak PSNk egin duen galdera bati erantzun dio eta azaldu du Hezkuntzako proposamena Mahai Orokorrean eta Irakasleen Mahai Sektorialean aurkeztu duela. Azpimarratu du lan eskaintza publikoa ez dela era difinitiboan zehaztu, “izan ere lehendabizi aipatutako foroetan egiten diren ekarpenak entzun, aztertu eta berrikusi behar dira”.


“Noski”, gaineratu du kontseilariak, “Gobernuaren nahia eta erabakia da jende horrekin adostasunean eta elkarlan estuan”.


Maria Chivitek (PSN) oroitarazi du iragan ostegunean “Nafarroako Parlamentuak Gobernua lan eskaintza publikoa aldatzera premiatu zuen erkidego honetako errealitateari erantzuteko eta ingelesez ikasteko programan gaztelaniako irakasleen beharrak asetzeko”.


Horrela, Chivitek esan du Gobernuak “ere Parlamentuak adierazten duena entzun eta hari erantzun behar diola. Proposatu den lan eskaintza publikoa desorekatua eta alderdikoia da eta sarbide berdintasunari eragiten dio, horregatik okerrago egiten du ez zuzenduta. Gobernua asko kezkatzen da euskarako plazekin, eta berdin zaio zer gertatzen den gaztelaniakoekin. Gobernu honek ez du Nafarroaren interesaren arabera jarduten”.


Bestalde, Mendozak azpimarratu duenez, “PAI programa ikastetxeen hein handi batean hedatzeak irakasleek ingeleseko C1 maila izatera behartzen du, eta horrek gaztelaniako plantillan eragiten du, baina ez du ia eraginik euskarako ereduan ia ez baitago PAIrik eredu horretan”.


Gobernuak “gehiengo zabala” duen hitzarmen eskolar baten alde egin du


Hezkuntzako kontseilariak, Jose Luis Mendozak, baieztatu duenez, Nafarroan beharrezkoa da “hitzarmen eskolar bat, indar politikoen gehiengo zabal baten bidez hitzartuta posizio koordinatu batera eramango gaituena, ez dezagun Madrileko Gobernuen moduan egin. Zenbat maisu, hainbat liburu eta Madrilen zenbat ministro, hainbat hezkuntza lege”.


Mendozak PSNren galdera bati erantzun dio eta baieztatu du Gobernua Ingelesez Ikasteko Programa (PAI) ebaluatzen ari dela “zorroztasun zientifikoarekin eta Nafarroako unibertsitate guztien eta hainbat ikastxeetako ebaluazioan, estatistikan eta hizkuntzen jabekuntzan adituak diren pertsonek osatutako jarraipen batzorde baten aholkularitzarekin”.


Kontseilariak esan duenez, lan hori egiteko “departamentuko ikuskaritza zerbitzua eta ebaluazio, kalitate eta bizikidetza zerbitzua inplikatuta daude. Azken hori PAI ikastetxe guztietan informazioa jasotzen ari da”.


Carlos Gimenok (PSN) baieztatu duenez, “aurreiritziak kontseilariaren iritzia ilun bihurtzen du”. Gai honetan gainera, “lehendakaria izan da bere tutorea. Politikan esanez gain, eginak ere eta batez ere keinuak garrantzitsuak dira”.


Gimenok kritikatu du departamentuak ikastetxeetara bidali duen ebaluazio plantillak “zortzi lerro” dituela. PSNri “sekulako lotsa emango ziokeen ikastetxeetara” horrelako zerbait bidaltzea.


Adibide gisa esan du galdetegiko galderetako batek irakasleei planteatzen diela “zein ekarpen egin dituen PAIk eta zeintzuk izan diren eragin dituen zailtasun nagusiak. Ni irakaslea banaiz eta PAIk baztertu egin banau, zer esango dut? Eta iraskaslea banaiz eta PAIrekin kontratatu banaute, bikaina irudituko zait. Galdetegia subjektiboa da, lerratua, eta erantzunak eragiten ditu”, kritikatu du.


Mendozak deitoratu du Carlos Gimenok lehendabizi gauza bat galdu duela eta gero “iruditzen zaionari eta nahi duenari buruz hitz egiten du, gorren arteko elkarrizketa da”. Gainera, deitoratu du PSNk “arinkeria handiegiz mesprezatzen” duela ebaluazioaren zeregina.


Hezkuntzak eskola-porrotari “konponbidea emateko borondate irmoa” du, nahiz eta ez den “ikasturte batetik bestera egiten”


Hezkuntzako kontseilariak, Jose Luis Mendozak, baieztatu duenez, Nafarroako Gobernuak eskola-porrotari “konponbidea emateko borondate irmoa du”. Alabaina, esan du Nafarroak Espainiako eta Europako mailekin alderatuta, posizio “ona, erakusteko modukoa eta dezentea” duela.


Mendozak I-Ek egin duen galdera bati erantzun dio eta esan du Gobernua “ez da ezer egin gabe geldituko eta ahal duen guztia egingo du” hobekuntzak egiteko, nahiz eta gai hau “ez den ikasturte batetik bestera konpontzen”.


Edonola ere, adibide gisa esan du irailean 50 irakasle berri kontratatu direla “hezkuntzako behar berezientzat” eta oroitarazi du Gobernuak iragarri zuela “ratioak leheneratuko direla, hezkuntzaren kalitateari zuzenean eragiten baitio”. “Halaber, irakasleen ordutegiak leheneratzea ere pendiente dugu”, gaineratu du.


Horrez gain, adierazi du departamentua egoerari buruzko “azterlanak egiten ari dela” “etengabe” eta esan du ez direla “arreta jartzen ari funtzionatzen duenean, baizik eta hezkuntzako hainbat behar dituzten ikasleak egotea eragiten duten eskola barruko eta eskolaz kanpoko alderdi guztiak hobetzean”.


Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) esan duenez, “Gobernua egoera hobetzeko jarduketak egiten ari da, esaterako ikasgelen ratioak leheneratzea” eta adierazi du “onartezina da ikasgeletan ehuneko 20ko eskola-porrota egotea”.


“Gai honi kurrikulumaren aukeraketatik ekin behar zaio. Eta lan eskaintza publikoak ere zerikusia du, enpleguaren egonkortasuna funtsezkoa baita, eta ildo honetan kontseilaria ez da Parlamentuak dioena entzuten ari”, ohartarazi du.


Gobernuak dio Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan banderak “lehentasuneko” leku batean daudela


Nafarroako Gobernuko eledunak, Ana Ollok, baieztatu du Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan dauden banderak “lehentasuneko” leku batean daudela eta ziurtatu du Gobernuak “indarrean dagoen legea zehatz-mehatz betetzen duela, bai gai honetan bai besteeetan”.


Ana Ollok UPNk egin duen galdera bati erantzun dio eta deitoratu du hau izatea “UPN kezkatzen duen gaurkotasun handieneko gaia. Ez da kezkatzen enpleguarekin, ez da kezkatzen hauteskundeetako bere kideak, PPk, helegitea aurkeztu duelako polizien foru legearen aurka autogobernuari berriro erasoteko”.


Zehazki, alderdi erregionalistak Tronuaren Aretoko banderak lekuz aldatzeari buruz galdetu du. Kontseilariak erantzun du banderek “lehentasuneko” lekua dutela eta adierazi du tradizioan “bandera horiek hainbat lekutan egon dira eta ez da inoiz horri buruzko galderarik egin Parlamentuan”. Adibide gisa, Nafarroako Jauregiko gida bat erakutsi du, aurreko Gobernuak editatu zuena, eta bertan banderek izan dituzten kokaleku ezberdinak ikusten dira.


Javier Esparzak (UPN) esan du ez zuela “sekula” pentsatu horrelako galderarik egin beharko zuenik eta esan du “Nafarroan argazkian beti egiten zen lekuan Espainiako, Nafarroako eta Europako banderekin agertu ez zen lehendakari bat dugu. Argazki horietan agertzea saihesteko argazkia alde batean egiten zuten, eta nekatuko ziren argazkiak alde batean egitez eta banderak izkina batean jarri dituzte”.


Esparzak esan duenez, Nafarroako Gobernuak “bost hilabete daramatza erkidego hau bozkatu zutenentzat gobernatzen eta zuek bezala pentsatzen ez dugunok zapalduak izan gara, eta milaka gara. Nafarroaren sinboloak ukitzen diren aldiro salatu egingo dugu”.


Gobernuak aldaketa klimatikoari buruzko hitzarmena aplikatzearen alde lan egingo du, toki entitateak eta Parlamentua gehituz


Landa Garapeneko kontseilariak, Isabel Elizaldek, baieztatu du Pariseko Aldaketa Klimatikoaren Konferentzian adostu zena Nafarroan aplikatzeko lan egiten ari dela Gobernua eta zehaztu du horretan bat egin behar dutela toki entitateek, Parlamentuak eta gainerako erakundeek.


Elizaldek Aldaketa Klimatikoaren Konferentziaren hitzarmen eta konpromisoez egiten duen balorazioari buruz I-Ek egin duen galdera bati erantzun dio eta jakinarazi duenez, “hitzarmen unibertsal bat lortu da, 195 estatuengatik. Apirilean sinatuko da, eta arrakasta bat da orain arte ez zelako gertatu”.


Elizaldek baloratu du “beharrezko gisa ikustea aldaketa klimatikoari premiaz aurre egitea” eta “uste zena baino hobea den xede bat lortzea”.


“Hori guztia Nafarroan aplikatzen ari gara, estalkia izango den estrategia bat lantzen, non toki entitateak, Parlamentuak eta gainerako erakundeek bat egingo duten. Kontua erronka garrantzitsu bat dugula da. Kyotoko xedeak betetzen ari gara, baina gas gehiago emititzen ari gara. Planifikatu, exekutatu eta ekin behar dugu”, esan du.


Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) esan du “gure planetaren batez besteko tenperatura igotzen ari dela errealitate zientifiko bat da eta ezin dugu saihestu. Planetarentzat ondorio katastrofikoak izan ditzake. Helburua prozesu hori geldiarazi eta leheneratzea da”.


Baieztatu duenez, “arazoa izugarria da eta hortaz leku guztietan, Nafarroan ere bai, funtsezkoa da lehentasun maximo gisa hartzea. Nafarroako Gobernuaren konpromisoa foru erkidegoan era horretan tratatzea da”.


Gobernuak baieztatu du telebistei diru-laguntzak emateko deialdiak sexistak ez diren tratuak eta hizkuntza aniztasuna ziurtatuko dituela


Kontseilari eledunak, Ana Ollok, esan du Nafarroako telebistei diru-laguntzak emateko deialdiak, 2016. urtearen hasieran egingo denak, “sexistak ez diren tratuak eta hizkuntza aniztasuna ziurtatuko” dituela.


Ollok Podemos-Ahal Duguren galdera bati erantzun dio eta esan du Gobernua lanean ari dela “lehenago egin diren deialdiak gainditu nahi dituen diru-laguntza deialdi batean”.


Zehaztu duenez, “diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintzen artean exijituko da ikus-entzuneko edukietan indar demokratikoen presentzia plurala egotea eta ez indar politikoak soilik, baizik eta Nafarroako gizartea osatzen duten kolektiboena ere bai”. Era berean, sexistak ez diren tratuak eta hizkuntza aniztasuna bermatzea exijituko da.


Ana Ollok adierazi du orain arte indarrean zegoen diru-laguntzen deialdia “atipikoa” zela eta ez ziela “irizpide horiei erantzuten, ia telebista bat finantzatzen baitzuen. 1,6 milioitik 1,5 milioi telebista bat finantzatzeko ziren”.


Gaineratu duenez, Nafarroako Gobernuak “deitoratzen du” “ezein enplegu galera. Ba al dakizue Nafarroako komunikabideetako zenbat kazetari kaleratu diren edo EREn dauden? Zer egin duzue haien alde? Ba al dago komunikabide horientzako diru-laguntza deialdi espezifikorik?”.


“Nafarroako telebista batean kaleratzeak badaude, pentsatzen dut funts publikoekin mantentzen zirelako zela. Enpresa pribatu baten bidez funts publikoen kudeaketa sistema faltsutzea dela iruditzen zait. Nahi duzuna Nafarroako telebista publiko bat bada hau da foroa; Gobernua ez da proposatu behar duena”, azpimarratu du.


Deialdi berriarekin “ideia eta iritzi aniztasuna jasotzen duen informazioa izateko eskubidea sustatzen dela ziurtatu nahi dugu. Horretarako azken urteotan asko aldatu den sektore honetan lehia handiagoa ahalbidetuko duen baldintza-txostena prestatu dugu”.


Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu) esan duenez, funtsezkoa da “indar demokratiko guztien sarbide anitza, sexista ez den tratua eta hizkuntza aniztasuna ziurtatzea. Baldintza-txostena parte-hartzailea eta zehatza, xehea, izatea gustatuko litzaiguke”.


Halaber, defendatu du “langileen lan-eskubideak bermatu” behar dituela, bai eta “aniztasun demokratikoa ere, egiazko informazio zehatza jasotzea ziurtatuko duena, interes alderdikoetatik at”.


Osasun Departamentuak dio NUP Osasun Ikerketarako Institutuan sartzeko elkarrizketak egiten ari direla


Osasuneko kontseilariak, Fernando Dominguezek, nabarmendu du alderdien arteko elkarrizketak hasi direla dagoeneko Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuan (IDISNA) sar dadin lortze aldera.


Dominguezek Podemos-Ahal Duguk egin duen galdera bati erantzun dio eta azpimarratu du, osasun ikerketaren alorrean, zuzentzen duen departamentuak Gobernua osatzen duten lau alderdien artean adostu zuten hitzarmen programatikoan jasotzen ziren “bi xedeak” beteko dituela.


Era horretan, ziurtatu du Osasunak Osasun Ikerketarako Institutuaren “garapena bultzatuko” duela eta “sistema publikoan ikerketa biosanitarioa bultzatuko” duela.


Ildo horretan, zehaztu du alderdien arteko elkarrizketak hasi direla dagoeneko NUP IDISNAN “berehala” sar dadin lortzeko, eta azpimarratu duenez, “horrek ez du Carlos III.ak institutu hori egiaztatzeko prozesua geldiarazten”.


Horrela, departamentuak kalitateko ikerketa biosanitario publikoa sustatzeko duen konpromisoa “berretsi” nahi izan du. “Hori ziurtatzen du aurrekontu partidak ehuneko 12,5 inguru areagotu izanak”.


NUP IDISNAN sartzeko hasi den negoziazio prozesuari dagokionez, Dominguezek azpimarratu du “bide onetik” doala. “Ez du IDISNA egiaztatzeko prozesua geldiarazten. Prozesuan inplikatuta dauden hiru alderdiek ahalik eta gehien arintzea adostu dute horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta, estatutuetan eta hitzarmenetan egin behar diren aldaketek prozesua atzeratzea saihesteko”.


Tere Saezek (Podemos-Ahal Dugu) kontseilariari eskatu dio “hala egin dadin” eta “ikerketa publikoaren aldeko apustua egin dadin, publikoaren eta pribatuaren arteko banaketa desorekatua eta bidegabea baita. NUP institutuan sar dadin eskatzen dutena ekartzeko, eta horregatik ez ziren lehenago sartu, beharrezkoa da Osasuneko departamentuak kalitateko botoa izatea, publikoak benetan erakunde horretan erabakitzeko aukera izatea. Buruzagitza Gobernuari dagokio eta ez erakunde pribatu bati”.


Gobernuak dio Gobernua Zilbetiri buruzko epaiaz geroztik garapen ekonomikorako neurriak lantzen ari dela


Gobernuko kontseilari eledunak, Ana Ollok, baieztatu du Gobernua Zilbetin garapen ekonomikoa lortzeko neurriak sustatzen ari dela Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren epaiaz geroztik, Nafarroako Gobernuak 2010. urtean baimendu zuen mehatzaritzako proiektuak indargabetu baitzuen.


Ana Ollok UPNk egin duen galdera bati erantzun dio eta oroitarazi du Justizia Auzitegi Gorenaren epaiari helegitea ez aurkeztea erabaki zen Gobernuaren saio berean, Gobernuak eskualdearen garapen ekonomikorako neurrietan lan egiten hastea adostu zela, ingurumenaren garapenarekin bateragarri eginez.


Era horretan, Ollok adibide gisa esan du iragan astean Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak, Manu Ayerdik, bilera bat izan zuela eskualdeko ordezkariekin.


Kontseilariak adierazi du epaia “Gobernuak 2010.ean urtean onetsi zuen proiektuarentzat kolpe handia izan” zela eta “Nafarroako Justizia Auzitegi Gorena oso kritikoa izan” zela, “presaka izapidetu zen espedienteak akats larriak zituen. Presak ez dira aholkulari onak, esan zion auzitegiak aurreko Gobernuari”.


Gainera, Gobernuko eleduank esan duenez, “kalitateko enplegua sortzea lehentasuneko xede bat da eta bateragarria izan behar du ingurumenarekiko errespetuarekin”.


Juan Luis Sanchez de Muniainek (UPN) galdetu du zergatik, “proiektu honen bideraezintasunak eskualdeari kalte izugarria egiten badio ere, Gobernuko eledunak, inongo txosten juridikorik gabe, esan duen ez diola helegiterik aurkeztuko epaiari”.


Sanchez de Muniainek, gainera, adierazi du “Gobernuko kide bat gai honetan auzi-jartzailearen abokatua izan zen” eta hortaz “auzi honetan interes ekonomiko zuzena zuen”, Maria Jose Beaumont kontseilariari erreferentzia eginez.


Ana Ollok erantzun du “Gobernuko kideei buruz irdakitzen ari zaretenaren frogak badituzue jo ezazue auzitegietara, han konpondu behar dira-eta”.


Halaber, kontseilariak baieztatu du UPNko parlamentariak esan duena “ez dela egia”, berak ez baitzuen iragarri ez zuela Nafarroako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako helegiterik aurkeztuko zerbitzu juridikoei kontsultatu gabe. Prentsaurrekoan azaldu nuen zerbitzu juridikoak epaia aztertzen ari zirela eta momentuz Gobernuak ez zuela arrazoirik ikusten helegitea jartzeko. Ondoren, Gobernuak “Landa Garapeneko departamentuaren zerbitzu juridikoek eman zuten txostena dela-eta epaiaren aurkako helegiterik ez aurkeztea” adostu zuen.


Eskubide Sozialak mendekotasuna duten pertsonak baloratzeko langile kopurua areagotu du


Eskubide Sozialen lehendakariordeak, Miguel Laparrak, azaldu du bere departamentuan mendekotasuna duten pertsonak artatzen eta baloratzen dituzten langile kopurua areagotu duela, plantillaren lan-zama areagotu egin baita.


Lan areagotze hori prestazio sisteman mendekotasuna duten 3.000 pertsona baino gehiago sartzeari zor zaio, lehendakariordeak PSNk egin duen galdera bati erantzuterakoan azaldu duenaren arabera.


Laparrak zehaztu du lan-zama ehuneko 115 areagotu egin dela, “espediente horiek balorazioa atzeratzeak izan duen eragina minimoa izan bada ere”.


Zehazki, esan du 2011n eta 2012an kudeaketa 10 hilabete baino gehiagokoa bazen, 2014an zortzi hilabetera murriztu zela eta 2015ean “aste bat bakarrik luzatu” dela.


“Giza baliabideak areagotu diren arren, errazagoa eta eskuragarriagoa bilakatzeko prozedura berrikusten ari gara, eta eskuratzea sinplifikatzea aurreikusten dugu”, esan du.


Nuria Medinak (PSN) baieztatu duenez, “mendekotasunari buruzko legeak berebiziko garrantzia du eta egin beharreko zerbait badago, osotasunean aplikatzeaz gain, beharrezkoak diren prozesu guztietan arinak izatea da, zaurgarritasun maximoan dauden pertsonez ari baikara eta Alderdi Popularraren legegintzaldian eskubideak murriztu baitzaizkie. Atzerapenak puntualak izan behar dira eta ezin dira orokortu”.


Gainera, Medinak esan du PSNk “legea betetzen dela zainduko duela legegintzaldi osoan”, eta aldi berean lehendakariari eskatu dio “propaganda gutxitzeko eta zaurgarrien arazoak konpontzeko”.


Gobernuak dio bigarren Gazte Plana 2016ko bigarren seihilekoan onetsiko dela


Kultura, Parte-hartze eta Gazteriako kontseilariak, Ana Herrerak, azadu du bigarren Gazte Plana 2016ko bigarren seihilekoan onetsiko dela eta 2020 arte aplikatuko dela.


Herrerak EH Bildu-k egin duen galdera bati erantzun dio eta esan du lehenengo plana ixten denean onetsiko dela, eta hori “berehala” egingo dela. “Bigarren plan honek gazteriaren erronka eta aukerei aurre egiteko lehentasunak zehaztuko ditu. Zeharka landu behar dugu, departamentu guztietatik”.


Herrerak zehaztu du parte-hartzea aktibatuko dutela toki entitateekin, gazteen elkarteekin, alorreko teknikariekin eta sektoreko bestelako erakundeekin.


Iragarri duenaren arabera, prozesu parte-hartzaile horretan elkarrizketa egituratu bat abiaraziko da eta herritarren parte-hartzerako zerbitzu berriaren laguntza izango da. “Prozesua eta metodologia Gazteriaren Institutuak eta eragileek zehaztuko dute”.


Herrerak agertu du “kezkatuta” dagoela “parte-hartzea egiazkoa izan dadin. Hori da garrantzitsuena eta aurreko prozesuan ez zitzaion behar adina garrantzi eman”, esan du. Jarraian dagoeneko lehenengo urratsak ematen ari direla jakinarazi du.


Asun Fernandez de Garaialdek (EH Bildu) esan du bestelako gai batzuk aztertu beharko liratekeela, adibidez, enplegua, emanzipazioa, etxibizitza, aisia, denbora librea eta indarkeria matxista. “Buruzagitza eta koordinazioa behar dira”, esan du. Jarraian galdetu du gai hau Aurrekontuetan jasotzeko “dirua nondik atera behar ote den. Moduak aldatzen ari dira, parte-hartzea eta zeharkakotasuna areagotzen ari baitira”.


Gobernuak nabarmendu du Gobernua emakume eta gizonen arteko “estereotipoak” saihesteko neurriak sustatzen ari dela


Herritarren eta Erakundeen Harremanetako kontseilariak, Ana Ollok, azpimarratu du Gobernua emakumeen eta gizonen “estereotipodun irudiak” saihesteko neurriak hartzen ari dela, bai esparru publikoan bai komunikabideetan.


“Komunikabideetan ematen diren estereotipodun irudiek gobernu honek aurre egin nahi dion berdintasun sozial eza finkatzen dute”, esan du Ollok EH Bildu-k egin duen galdera bati erantzun dionean.


Kontseilariak azpimarratu duenaren arabera, Gobernua emakume eta gizonen arteko “estereotipoei” amaiera emateko “neurriak hartzeko kezka eta beharra du” eta ziurtatu du jarduketak sustatuko direla “edukiek emakume eta gizonen aniztasuna eta berdintasuna errespetatzeko eta estereotipodun irudiak saihesteko”.


Azpimarratu duenez, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra borrokatzeko legearen esparruan, gizartea sentsibilizatzeko neurriak bultzatzen ari dira jada, bai eta “komunikabideetan eta iragarkietan sexismoa ezabatzeko” ere eta azpimarratu du telebisten diru-laguntzen deialdian “alderdi hori gehituko” dela.


Gainera, Ollok azaldu duenez, “gizarteari bideratutako kanpaina instituzionalak aurreikusi dira” eta Herritarren eta Erakundeen Harremanetarako departamentuan “komunikazioan aldaketa bat” sustatzen ari da, “hizkuntza sarkaria eta sexistak ez diren irudietan aurrerapausoak emango dituena”.


Bakartxo Ruiz (EH Bildu) poztu da gai honetan Gobernua “aurrerapausoak ematen ari delako. Gai honek garrantzi berezia du, ezberdintasun eza emakumeen aurkako indarkeriaren oinarria baita”.


Bere ustez, “UPNren gobernuek ez dute ia ezer egin alor honi dagokionez, nahiz eta esparru publikoan eta komunikabideetan emakumeen eta gizonen estereotipazio argia ematen den. Asko dira hartu beharreko neurriak”.


Lehendakariak dio UPN eta PP izan zirela Nafarroako Ubidearen bigarren fasea geldiarazi zutenak


Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Uxue Barkosek, baieztatu du UPN eta PPren Gobernuak izan zirela Nafarroako Ubidearen bigarren fasea geldiarazi zutenak eta errepikatu du Nafarroako Gobernua “hausnarketa unibertsal batentzat konponbiderik onena zein den” aztertzen ari dela, eta “uraren balio estrategikoarena” dela.


Barkosek UPNk Kontuen Ganberak Nafarroako Ubiderari buruz egin zuen txostenaren harira egin duen galdera bati erantzun dio eta adierazi du Gobernuak beti txosten horien iritzi “ona” duela eta “errespetu izugarria” diela, eta errepikatu du Gobernuak “bertan ematen diren aholkuak betetzeko asmoa” duela.


Edonola ere, nabarmendu du “Nafarroako Ubidearen bigarren fasea geldiarazi duena UPNren eta PPren Gobernua izan da, Gobernu hau egiten ari dena hitzartu zutenak, hain zuzen, Nafarroa osoak kalitateko ura izatea ziurtatzeko modurik onena zein den aztertzea” eta “urre likidoa izango ez den” prezio batean.


Alberto Catalanek (UPN) ziurtatu du Kontuen Ganberaren txostena Geroa Bai-ko parlamentari batek eskatu zuela “asmo jakin batekin, arrazoia eman ez zion txostena”. Catalanen esanetan, txostenaren ondorioek azpimarratzen dituzte “era horretako lanak egiteko beharrezkoak diren baliabideak eta esaten da belaunaldien arteko proiektu bat dela eta urak ondasun estrategiko gisa garrantzi handia duela”.


Catalanek azpimarratu du proiektuak “etorkizuna ziurtatu” dezakeela. “Enplegua eta garapena sortzez ari gara, batez ere erkidego honetan gehien behar duten eskualdeetan”.


Barkosek oroitarazi du Kontuen Ganberak berak aipatu zuela “azpiegitura horri buruz iritzia emateko mugak. Emaitza emateko askoz epe luzeagoa behar da”, baina zehaztu du kontuan izango dituela “errespetu izugarriz” erakunde ikuskatzaileak “ematen dituen aholkuak”.


“Egia da azpiegitura hori datozen hamarkadetan errentagarri bihurtu beharko dela eta bere kostua hurrengo belaunaldien gain uzten ari garela. Aztertu beharreko gaiak dira”, amaitu du.


Gobernuak dio Nafarroak 2016an Estatuari egingo dion ekarpen definitiboa Batzorde Koordinatzaileak zehaztuko duela


Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak, Mikel Aranburuk, azaldu du 2016ko Aurrekontuen proiektuan Estatuari ekarpena egiteko jasotzen diren 516,6 milioiak indarrean dagoen Hitzarmen Ekonomikoaren irizpideen arabera zifratu dira, baina azaldu du behin betiko ekarpena “ez da hau izango, dagokion egunean Batzorde Koordinatzaileak ezartzen duena baizik”.


Aranburuk PPNk egin duen galdera bati erantzun dio eta argi utzi nahi izan du “Aurrekontuez ari gara, aurreikustea dela” eta azpimarratu du 2015. urtea “irekita dagoen urte bat da, bosturtekoaren oinarria baita”.


“Kasualitatez 2015. urtea Hitzarmenaren oinarria den urtea da eta negoziazioari ekin behar zaio. Aurreko Gobernuak ez zituen elkarrizketa horiek hasi 2013 eta 2014 urteak itxi gabe zituelako; ixtea legegintzaldia bukatu baino pixka bat lehenago egin zen”, zehaztu du kontseilariak.


Komentatu duenaren arabera, “naturala” da egoera honetan “alde bakoitzak datuak bere alde interpretatzea” eta horren adibide gisa esan du 2010. urtean Estatuak 582 milioitan ezarri zuela Nafarroako ekarpenaren aurrekontua, eta azkenean Batzorde Koordinatzaileak 474 milioi izatea adostu zuela.


Horrela, azpimarratu du “guk gure datuekin aurreikuspen hau egin dugu 2016rako” baina “bosturtekoaren oinarrizko urtea den 2015. urteko ekarpena zehazteke dago, irekita dago”.


Adierazi duenez, zuzentzen duen departamentua “gai horiek aurreratzen saiatu da”, baina une honetan “ez du” Ministerioaren “harrera topatu 2015. oinarrizko urtearekin 2016.ean lan egin ahal izateko”. Gainera, azaldu du “aurreko Gobernuaren hitzarmenak behin betiko ixteke ditugu”.


Ana Beltranek (PPN) deklaratu du bere alderdiari Gobernuak Nafarroak datorren urtean Estatuari egin behar dion ekarpena aurrekontuan sartzeko egin dituen kontuek ez diote koadratzen eta bere ustez gutxienez 590 milioikoa izan beharko luke, “hori baita azkeneko Hitzarmenean ezarri den ekarpena”.


Gobernuak baieztatu du Indusalek Martzillako azpiegiturak berreraiki nahi dituela jakinarazi diola Gobernuari


Ekonomiako lehendakariordeak, Manu Ayerdik, baieztatu du Indusal enpresak Martzillan duen fabrika orain dela gutxi sute baten ondorioz suntsituta geratu zela eta Gobernuari azpiegiturak “berreraiki” nahi dituela eta bere jarduera Nafarroako udalerri horretan mantendu nahi duela jakinarazi diola Gobernuari.


Ayerdik Podemos-Ahal Duguk Martzillako Indusal Garbitegi Industriala enpresaren azpiegituren suteari buruz egin duen galderari erantzun dio eta azaldu du ikertzen ari direla eta badirudiela ustekabe bat izan zela.


Lehendakariordeak esan du bere departamentuak Indusalen Kudeatzailetzarekin harremana duela eta jakinarazi duela “azpiegiturak berreraiki eta bere jarduera Martzillan mantendu nahi duela. Jarduerari herrian berriro ekiteko asmoa du”, azpimarratu du. Jarraian oroitarazi du kapital nafarra duen taldea dela.


Ayerdik Nafarroako Gobernuak “eman diezaiekegun laguntzak onginahi handienarekin aztertzeko” “konpromisoa” duela agertu du eta inbertsiorako subentzioak eta eraginkortasun energetikorako diru-laguntzak aipatu ditu. “Gobernura inbertsio horiei buruzko interes foraleko adierazpen bat eramateko aukerak baloratuko ditugu azkarrago joan dadin”.


Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu) galdetu du gertakariaren ondorengo “ikerlanen ondorioez”, bai eta “enpresak etorkizunean izango duen ekoizpen egoeraz” ere. “Ez dugu zalantzan jartzen Gobernua enpresaren jarraipena egiten ari dela”, esan du eta kontseilariak eman dituen informazioak baloratu ditu.


Gobernuak Polizien legeari aurkeztutako helegitea “autogobernua erasotzeko saiakera berri baten” moduan ikusten du


Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak, Maria Jose Beaumontek, baieztatu du Estatuak Polizien foru legearen aurka aurkeztu duen helegitea “Estatuko Gobernuak Nafarroaren eskumenak mugatzeko eta gure autogobernua erasotzeko saiakera berri bat” dela, “foru legeak seguritate publikoaren alorrean Estatuaren eta udalen eskumenak saihesten dituela argudiatuta”.


Beaumontek Geroa Bai-k egin duen galdera bati erantzun dio eta oroitarazi du urrian Nafarroako Gobernu berria Kooperaziorako Batzordean Gobernu zentralaren ordezkariekin harremanetan jartzen hasi zela helegitea saihesten saiatzeko.


Alabaina, esan du ondoren Barneko ministroak, Jorge Fernandez Diazek, komunikabideetan egin zituen adierazpen batzuetan, Estatuak helegitea jarriko zuela iragarri zuela. “Erabaki politiko bat izan zen, Ministerio horretan bertan ordezkariak dituen Kooperaziorako Batzordearen lana kontuan hartu gabe eta hura gaindituz”, azaldu du. Jarraian, aipatu du geroago Gobernuari ahoz jakinarazi zitzaiola helegitea jarriko zela.


“Komunikabideen bidez jakin dugu Gobernuan Estatuak konstituziokontrakotasun helegitea jartzea adostu zuela. Ez da inongo jakinarazpenik jaso Ministroen Kontseilutik, ez Barneko Ministeriotik, ez Auzitegi Konstituzionaletik”, esan du, eta oroitarazi du ostegun honetan bertan Auzitegi Konstituzionalak helegitea izapidetzea onetsi duela.


Beaumontek azpimarratu du helegitea hauteskundeetako kanpainaren barruan aurkeztu dela eta UPN eta PP batera aurkeztuko direla, “biek Nafarroako foru erregimenarekin konpromiso bat dutelakoan harrotuta. Gure kezka oso serioa da. Ez dakit mitin eta mitin artean argituko diren”, esan du helegitea kentzeko eskatuz.


Edonola ere, kontseilariak azaldu du Gobernuak dagoeneko Kooperaziorako Batzordean defendatu dituen arrazoiak “paperean” jarriko dituela eta espero duela Auzitegi Konstituzionalak “arrazoia emango diola” Nafarroari.


Unai Hualdek (Geroa Bai) esan du helegite hau “legegintzaldi estatal honentzat amaiera bikaina da, izan ere, Gobernu zentrala Auzitegi Konstituzionalean 16 foru lege indargabetzen saiatu baita. Nafarroako Gobernuak hartu duen bidea da egokia, erantzun egin behar da eta gure arrazoiak baliarazi”.


Nafarroako Gobernuak Europako erakundeekin duen kolaborazioa “areagotzearen” aldeko apustua egin du


Herritarren eta Erakundeen Harremanetako kontseilariak, Ana Ollok, baieztatu du Gobernuak Nafarroak Europako erakundeekin duen kolaborazioa “areagotzearen” aldeko apustua egiten duela, hartara Nafarroako “proiektu komunak abiaraztea eta kooperaziorako eremu bat sortzea ahalbidetuko duen lehentasuneko kokaleku batean” jartzeko.


Kontseilariak adibide gisa esan du Nafarroako Gobernuak Bruselasen duen Ordezkaritza programen 1.500 sareei eta Europako Batzordearen funtsei buruzko informazioa emateko atari bat prestatzen, Nafarroako eragileek ezagutza zuzenagoa izan dezaten.


Ollok Geroa Bai-k egin duen galdera bati erantzun dio eta oroitarazi du Nafarroa aurtengo bigarren seihilekoan Autonomia Erkidegoen parte-hartzearen koordinatzailea izan dela Europako Batzordearen Ingururemeneko Ministroen Kontseiluan.


Ollok nabarmendu du horrek “koordinazio lan oso intentsoa eta Nafarroaren irudia Europan islatzeko kolaborazioaren adibide izugarri ona” ekarri dituela.


Ildo berean, Maria Solanak (Geroa Bai) azpimarratu du “Nafarroak Kontseilu horretan bete duen papera” eta esan du “era praktikoan ikusi daiteke toki paperak eta erregionalak Eurpan izan dezakeen garrantzia”.


Solanak defendatu du “autonomia erkidegoen parte-hartzea funtsezkoa da eta pena bat da Ingurumeneko kontseilariak, Isabel Elizaldek, Europan parte hartu ezin izana, berriro ere PPk jarri duen traba batengatik. Nafarroak bi aldiz eskatu zuen Ingurumeneko Kontseiluan parte-hartzea, baina ezin izan du, nahiz eta zilegitasun osoa izan horretarako, Ministerioa baita txandak eskatzen dituena eta ez du Nafarroa sartu, besterik gabe”, deitoratu du.


Jarraian, gaineratu du “agian erabaki honek zerikusia izango du euskaraz parte hartzea eskatu izanarekin, edo agian ez, eta beste interes batzuei erantzungo die, ez dutenak Nafarroa inola ere errespetatzen”.