Parlamentuak Europako Batasunaren eta Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmena arbuiatu egin du
Arrazoi gisa esaten da TTPIak erabaki guneak herritarren interesetik eta borondate demokratikotik kanpo dauden organoetara eramaten dituela eta alde anitzeko merkataritza kaltetzen duela
Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak “Europako Batasunaren eta Estatu Batuen artean negoziatzen ari den hitzarmen proiektuak ekar litzakeen ondorio larriak eta sakonak aurreikusirik, TTIParekiko arbuioa adierazten du”.
Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Parlamentuak “Europako Batasunaren eta Estatu Batuen artean proiektu hau negoziatzeko garaian agertzen ari den ilunkeria arbuiatzen” duen, eta proiektua lantzeko garaian gardentasuna eta herritarren eskubideekiko errespetua eskatzen” duen, bereziki osasun-, lan-, gizarte- eta ingurumen-eskubideekiko errespetua”.
Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “TTIParen aurkako jarrera adieraz eta defenda dezala Europan parte hartzen dueneko organo eta gune guztietan; Erregioen Batzordean besteak beste”.
“Edonola ere”, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “parte hartzen duen foro guztietan kontuan har dezala eta defenda dezala Europako Batasunaren eta Estatu Batuen artean merkataritzako hitzarmenerako edozein proposamen beti Europako Batasuna osatzen duten Estatu guztietan erreferendum baten bidez ebaztea, berretsia izan baino lehen; halaber, defenda dezala gauzatuko den tamaina honetako edozein negoziazio eta politika era garden batean eta herritar guztiengana iristeko modu batean egitea”.
Azkenik, adosten da “akordioa negoziatzeko garaian agertzen ari den ilunkeriarako arbuioa publiko eginen da, irismena dueneko hedabideetan publizitatzea emanen zaio, eta herritarrak TTIParen inguruan informatuta egon daitezen lagundu eta sustatuko da, berariazko kanpainen bidez edo parlamentuko ohiko jardunaren bidez”.
PSNk ordezkatze-zuzenketa bat aurkeztu du in voce, ekimenaren titular diren Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek onetsi ez dutena. Zuzenketaren xedea zen “negoziatze prozesuetan gardentasun maximoa” defendatzea, “zerbitzu publikoak eta interes komuneko zerbitzuak” gotortzea, eta “liskarrei konponbide emateko mekanismo independente” bat ezartzea, “datu pertsonalen babesari buruzko klausula espezifikoa” barne.
Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek bultzatu duten ebazpenak arbuiatzen du Europako Batasuna eta Estatu Batuak, “sekretuan eta antidemokratikoki”, Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmena negoziatzen ari direla. Hitzarmen horrek “aisa gainditzen du merkataritzaren esparrua, eta eragin oso zabala eta atzeraezina izango du bereziki osasunean, elikaduran, lanean, produktuen segurtasunean, ingurumenean, lan-eskubideetan, eta baita Nafarroako bizitza sozial eta ekonomikoko alderdi zehatz eta esanguratsuetan ere, gure produktuen jatorrizko izendapenetan esate baterako”.
Bestalde, proposatu duten taldeek ohartarazten dutenez, TTPIak “erabaki guneak herritarren interesetik eta borondate demokratikotik kanpo dauden organoetara eramanez”, baina gainera “irismen handiko aldebiko merkataritza hitzarmenak sustatuko ditu, alde anitzeko merkataritza kaltetuz. Horrek erronka global komunen sistema hobetzeko aukerak ahulduko lituzke, batez ere aldaketa klimatikoari eta ingurumenaren babesari dagokienez”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 32. zk, 2015-11-20koa)