Publicada el Jeudi, 19 de novembre de 2015

Nafarroako Gobernua indarkeria matxista estatu-auzia dela adieraz dezan premiatu dute

Erakundeen erantzuna azkartzera eta 14/2015 FLaren aplikazioa finkatzera dei egiten dute, emakumeen eta neskatilen aurkako indarkeria mota guztiak islatuta egon daitezen

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua eta gainerako administrazio publikoak premiatzen diren “adieraz dezaten indarkeria matxistaren aurkako borroka estatu-auzia dela”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “adieraz dezaten Istanbuleko Hitzarmena garatu eta aplikatu behar dela, bai eta CEDAW konbentzioaren gomendioak ere, halaber, 14/2015 Foru Legearen aplikazioa ere sendotu behar da, emakumeen eta neskatilen aurkako indarkeria mota guztiak islatuta egon daitezen”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, premiatzen da “adieraz dezaten gizarte osoak, eta bereziki bere erakundeek eta instituzioek, indarkeria matxistak prebenitzeko eta desagerrarazteko konpromisoa hartu behar dutela, baita indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzeko eta ordaina emateko ere, edozein dela ere haien egoera administratiboa, eta arreta-prozesuetan biktimizazio multiplean erori gabe. Izan ere, honako hau da funtsezko helburua: emakumeei laguntzea errekuperatzeko, ahalduntzeko eta erabateko autonomia bilatzeko prozesuan”.

Era berean, azpimarratzen da “beharrezkoa dela komunikabideen inplikazioa tratamendu egokia eskaintzeko emakumeen eta neskatilen aurkako indarkeria guztien aurrean, haien tratamenduan sentsazionalismo morbosoa saihestuta, eta hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabilita”.

Halaber, Parlamentuak adosten du “gure elkartasuna adieraz diezaiegun emakume eta neskatila erasotu edo/eta erailei, indarkeria sexista muturrekoenaren biktima diren aldetik, laguntza osoa eskaintzen diegu haiei eta haien familiei”.

Azkenik, “herritar guztiak, eta oso modu berezian neska eta mutil gazteak, gonbida ditzagun konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde, bai eta azaroaren 25ean Emakumearen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna dela-eta eginen diren ekitaldietan modu aktiboan parte hartzera ere”.

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek bultzatu duten ebazpenak azpimarratzen du generoko indarkeria “gizonen eta emakumeen artean dauden ezberdintasun sozialen agerpen bortitzena” dela eta “erantzun global” bat eskatzen du, “prebentzioan eta arreta instituzionalean” oinarritutakoa, hartara haren ustez “gizonezkoek gizartean duten gehiegizko nagusitasuna” denari amaiera emateko.

Era horretan, oroitarazi du “1995etik terrorismo matxistak 1.383 emakume baino gehiago erail dituela”. Jarraian, ebazpena proposatu duten taldeek adierazi dute ez daudela ados “eskubide sexualekin, ugalketarekin eta indarkeria matxistaren aurrean babestearekin zerikusia duten zerbitzu eta laguntzetan egindako murrizketekin” eta mugimendu feministak hala eskatuta, “haien proposamenak programetan eta jarduketa instituzionalean jasotzeko” konpromisoa hartzen dute.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 31. zk., 2015-11-17koa)