Publicada el Jeudi, 22 de octobre de 2015

Nafarroako Plan Ekonomiko eta Industrial bat taxutzera premiatzen zuen mozioa bazter utzi dute

PPNk etorkizunean ekoizpena garatu dadin laguntzea eskatzen zuen, "enplegu egonkor, ziur eta kalitatekoari" lehentasuna emanez; baina UPN eta PSN izan dira babestu duten bakarrak

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin eta UPNk, PSNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin, mozio bat bazter utzi du zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “sei hilabeteko epean Nafarroako Plan Ekonomiko eta Industriala taxutu eta Parlamentura igor dezan, enplegu egonkor, seguru eta kalitatezkoa sortzeko neurriak jasoko dituena. Halaber, enpresa-sarea ezartzeko pizgarriak emanen ditu, bereziki enpresen deslokalizazio eta desagertze handiena pairatu duten eskualdeetan”.


Bazter utzi den mozioak bigarren idatz-zati bat zuen non zehazten zenez, plan horrek “orobat ezarriko ditu enpresa-inbertsiorako eta ikerkuntza, garapena eta berrikuntza –I+G+B- garatzeko pizgarriak, jarduketa-esparru berriak identifikatuko ditu eta dagoen enpresa-sarearen modernizazioa, produktibitatea eta egonkortasuna sustatuko ditu”.


PSNk hala eskatuta gehitu den eta ekimenaren titular den PPNk onetsi duen hirugarren idatz-zati batean, proposatzen zen “Nafarroako ekonomia- eta gizarte-eragileen parte-hartzea izatea, Foru Erkidegoaren berrindustrializazio eta modernizazio ekonomikoaren prozesu honetan”.


Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen mozioak Plan Industrial bat taxutzeko xedearekin aurreko legegintzaldian Parlamentuak onetsi zituen hainbat ekimen aipatzen zituen, eta azaltzen zuen enpresa-ehunean galerak egon direla (2011 eta 2013 artean 6.673 enpresa desagertuta), enpresen tamaina murriztu dela, esportazioak gutxitu direla eta enpresen inbertsiorako eta I+G+Brako laguntza zuzenak gutxitu direla. Eta, horren harira, ohartarazten zuen Nafarroak erkidego gisa “industria ekoizpenaren indizearen hazkundeari dagokionez azken aurreko postura” erori dela.


“Lehiakortasun galera” horren aurrean, proposatu duen taldeak Plan Ekonomiko eta Industrial bat eskatzen zuen, “datozen hamarkadetan ekoizpena garatu dadin laguntzeko, enplegu egonkor, ziur eta kalitatekoari lehentasuna emanez”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 15. zk., 2015-10-02koa)