Publicada el Lundi, 20 de juillet de 2015

Inbestidurako eztabaida. Nafarroako lehendakaritzarako hautagaiaren parte-hartzea

Uxue Barkosek balioetan eta politika berdintzaile eta integratzaileagoak sustatzean oinarritutako aldaketa iragarri du; hori guztia Parlamentuaren adostasun giroan

Gaur 09:30ean hasi da Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko lehendakariaren inbestidura eztabaidarako Osoko Bilkuraren saioa.


Osoko Bilkuraren saioaren hasieran Ainhoa Aznarez Parlamentuko lehendakariak Gobernuko lehendakari izateko hautagaiaren proposamena jakinarazi dio Ganberari.
Jarraian, hautagaiak, Uxue Barkosek, osatu nahi duen gobernuaren programa politikoa ordubetez azaldu du eta Ganberaren konfiantza eskatu du.


Barkosek ziurtatu du bere “lehentasunak” gizarte politikak eta kalitateko enplegua sortzea direla.


Hautagaiaren hitzaldia amaitu denean, saioa ordubetez eten egin da eta 11:45ak arte ez da berriro hasi. Une horretatik aurrera parlamentu-talde eta agrupazioen eledunek parte hartu dute, handienetik txikienerako hurrenkeran eta ordu erdiz.

 


“Balioetan oinarritutako” aldaketa


Gaur Nafarroako Gobernuko lehendakaritzarako hautagaiak, Uxue Barkosek, balioetan oinarritutako aldaketa baten alde egin du, zintzotasunaren eta emandako hitzaren balioaren alde, politika egiteko beste modu baten alde, Parlamentuarekiko errespetu osoz eta herritarren parte-hartzearekin”.


Iragan den legegintzaldian zendu ziren Aitziber Sarasola eta Maria Victoria Arraiza Nafarroako parlamentariak omendu ondoren, Ganberako lehendakari den Ainhoa Aznarezek Uxue Barkosen parte-hartzeari hasiera eman aurretik inbestidurako saioaren garapena azaldu du.


Oholtzatik talde guztiei Parlamentuan egoteagatik eskerrak eman ondoren “herritarren borondatearen adierazpena”, Barkosek “besteen zerbitzura” dagoen politika bat defendatu du.


Hautagaiak Nafarroako azken hauteskundeetan parte-hartze altua egon dela oroitarazi du, ia % 70ekoa, herritarrek politikan interesa dutela azpimarratu du eta baikor agertu da parlamentuaren aniztasuna dela-eta oraina eta etorkizuna “era egokienean eta jasangarrienean” eraikitzeko oinarri den aldetik.


"Hemen politika beste era batean egiteko gai izateko gaude, gaitasun gehiagorekin eta adimen handiagorekin, erabakiak hartzeko adostasuna erabilita”, azpimarratu du Barkosek. Halaber, jakinarazi duenez, “elkar ulertu behar dugula ulertu nahi ez duena, bera bakarrik ari da bere burua bazter uzten”.


Gainera, Geroa Baiko zerrendako buruak defendatu du “garapenerako aldaketa bat, berdintzaileagoak diren gizarte politiketarantz eta baita integratzaileagoak diren politiketarantz ere”. Hori guztia “adostasun giroan” eta “Parlamentua bizitza politikoaren erdigune izaki”.


Horregatik, kontroleko osoko bilkurak egiteko, taldeei aldian behin informazioa emateko eta hitzarmenen bidez garrantzi politikoa eta soziala duten legeak ahalbidetzeko konpromisoa hartu du.


Bizitza politikoa berritze aldera, pertsona guztien eskubide zibil eta politikoak aitortzearen eta kode etiko baten alde egin du. Jarraian, aurreratu du erabaki duela Nafarroako Kutxaren ikerketa batzorde berri bat osatzea, Osasunaren tributu-zorrak aztertzea eta udalez gaindiko proiektuentzako aldez aurretiko eta derrigorrezko kontrol bat ahalbidetzea.


Langabezia, “premia”


Uxue Barkosek baieztatu du langabeziaren arazoaz arduratzea “premiazkoa” dela, % 15etik 16rako langabezia tasak mantentzea “jasanezina” delako.


Xede horrekin, aurreratu duenez, Nafarroako Gobernu berriak industria aurreratuaren, energia berriztagarrien eta eraginkortasun energetikoaren, osasunaren eta lehenengo sektoreari eta nekazaritzako elikagaien sektoreari lotutako zerbitzuen, turismo integralaren, zerbitzu aurreratuen eta teknologia berrien alde egingo du.


Horrez gain, I+G+Barekin aurrekontuei eta estrategiei dagokienez konpromisoa izango du, Lanbide Heziketarekin, nazioartekotzearekin, ekonomia sozialarekin eta toki garapenerako azpiegiturekin ere konpromisoa izango du, eta merkataritza txikia sustatuko du.


Barkosek Nafarroako Gobernuak Bruselan zuen bulegoa berreskuratuko duela esan du, “sindikatu ordezkatzaileago bat” izateari dagokionez irizpide inklusiboago baten alde egin du, bai eta Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua finantzatzeko esleipena ezabatzearen alde ere.


Hautagaiaren ustez, eskubide sozialak ere Nafarroan “esku-hartzeko premien” artean daude. Ildo horretan, pertsona guztiei gutxieneko diru-sarrera bat ziurtatzeko premia defendatu du, horretarako legegintzaldiko lehenengo sei hilabeteetan Oinarrizko Errenta bat ezarrita.


Iragarri dituen bestelako neurrien artean daude etxebizitzari buruzko estrategia plan bat prestatzea, zeinaren irizpide orokorra etxebizitza erostearen aurrean alokairuko etxebizitza lehenestea izango den eta horrekin batera Nafarroako Etxegabetzeen Aurkako Plataformaren proposamenak lehenestea.


Era berean, Uxue Barkosek Mendekotasunari buruzko Foru Lege bat, Haurtzaroari buruzko Plan bat, zahartzaro aktiborako programa bat eta orain alarguntza-pentsioak jasotzen dituzten pertsonen osagarriak gainerako pentsiodunei ziurtatzeko neurriak iragarri ditu.


Zergen erreforma “bidezkoa eta berdintzailea”


Zergei dagokienez, Uxue Barkosek ziurtatu duenez, Nafarroak behar duena ekonomia bultzatu, enplegua sortu eta oinarrizko zerbitzuak emango direla ziurtatuko duten baliabideak sortuko dituen erreforma bat egitea da. “Azken finean, xedea sistema bidezko, berdintzaile eta progresibo bat da”.


Erreforma hori 2016an indarrean sar dadin, udazkenean aurkezteko konpromisoa hartu du. Asmoa “garapen berdintzaile eta jasangarri bat” ahalbidetuko duen eredu bat diseinatzea izango da.


Xedea legegintzaldi osoan mantentzea da, bai eta “indartu” eta baliabideetan hobetu nahi den zerga iruzurraren aurkako borroka ere.


Barkosek baieztatu duenez, Gobernuak Autonomia Erkidegoak Finantzatzeari buruzko Lege Organikoa berrikustea proposatzeko aukera kontuan izango da eta Hitzarmenari dagokionez bosgarren bosturteko ekonomiko berriari helduko dio.


Era berean, aurreratu du Kontuen Ganberaren txostenak berrikusiko dituela Arena Pabilioiaren gisako lanei dagokienez, azpiegitura horren eraikuntzan erantzukizunak baleude ere eta guztiek, baita Osasunak ere, haien betebehar fiskalak bete ditzaten zainduko duela.


Esan duenez, asmoa da “familien errenta berreskuratzea, garapen harmonikoa egon dadin laguntzea eta Nafarroan iruzurra ezabatuko duen zerga politika bat aplikatzea eta aberastasuna egiaz ere progresiboan banatzea”.


Osasun eskubideak “berreskuratzea”


Uxue Barkosek aurreratu duenez, bere asmoa osasuna oinarrizko eskubidea izatea da, eta horretarako “murrizketa bidegabeek” kaltetu dituzten eremu eta prestazioak berreskuratzea beharrezkoa da.


Nafarroako osasuna hamarkadetan zehar “abangoardia” izan da, batez ere langileei esker, eta Barkosen xedea “bikaintasun marka” hori berreskuratzea da. Horretarako, eskualde osoan sarbidea, berdintasuna eta kalitatea ziurtatuko duen sistema bat defendatu du, herritar guztien osasuna “lehentasuna duen” xede bat izango baita.


Zerbitzu publikoen barruan eta hautagaiak aurreratu duenaren arabera, emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako estrategia plan bat gauzatuko da eta berdintasunaren alorrean lan sakona egingo da.


Gazteriaren alorrean, etxebizitzarako sarbidea eta enplegu duina ezarri dituen erronka nagusiak dira.


Azkenik, Barkosek azpimarratu du oinarrizko kirolaren alde egingo duela eta, ildo horretan, Gobernuak dituen azpiegituren erabilerari dagokionez indarrean dagoen araudia aldatzeko asmoa duela adierazi du, halako moduz non kanpoko pertsonek erabili ahal izango dituzten. Testuinguru horretan, gizarte entitateei eta kirol-entitateei dagokienez Administrazioarekin parametro berriak ezartzeko asmoa duela esan du.


Bestalde, Barkosek esan duenez, beharrezkoa da kulturaren alorrean hurbiltasuna eta parte-hartzea aniztasunetik egitea, azken hori garapen sozioekonomikoaren eragile bihur dadin.

Hezkuntza, “obsesioa”

Uxue Barkosek ziurtatu du hezkuntza gobernu berriaren “obsesioa” izango dela eta alor horretan LOMCE gelditzeko, eta beste erremediorik ez bada, indargabetu dadin lortzeko neurriak hartuko direla iragarri du.


Barkosek Nafarroako sare publiko osora D eredua zabaltzearen alde eta PAIren zabaltzea gutxienez urtebetez atzeratzearen alde egin du, era horretan indarrean dagoen programa ebaluatzeko eta hizkuntzen tratamendu bateraturako plan berri bat diseinatu eta curriculumean gehitu ahal izateko.


Halaber, hizkuntza politika berri bat defendatu du, herritar guztien eskubideak bermatzeaz gain, hizkuntza normalizazioan aurrerapauso bat izango dena.


Gizarte esparruan, pertsona helduak eta euskal hedabideak alfabetatzea eta euskalduntzea “oinarrizko elementuak” direla esan du.


Autogobernuaren “defentsa"

Uxue Barkosek beti Nafarroaren autogobernua defendatzeko konpromisoa hartu du. Estatuari 2015-2019 bosturteko berriaren oinarrizko urtearen esleipena negoziatzeko eta aurreko urteak ixteko konpromisoa hartu du, eta I+G+Baren, trafikoaren eta espetxe erakundeen eskuduntzak eskuratzea erreklamatzeko asmoa duela esan du.


Gainera, orain dela gutxi aldatu diren Hitzarmen Ekonomikoa eta erkidego autonomoak finantzatzeari buruzko legeak dituzten ondorioak aztertuko dituela eta Nafarroa-Akitania-Euskadi elkarlanaren protokoloari helduko diola adierazi du.


“Memoria, justizia eta ordaina” jasoko dituen bakea


Uxue Barkosek elkarbizitza demokratikoaren “salbuespenik gabe, biktima guztientzako memoria, justizia eta ordaina” jasoko dituen bakea lortzearen aldeko apustua egin du.


Baieztatu duenez, horrek “eragindako kaltea aitortzea eta biktimen egia jakiteko eskubidea” exijitzen du.


Nafarroak “hamarkada gehiegiz era desberdinetako indarkeria bidegabea eta giza eskubide zibil eta politikoen urraketa bizi” izan du, baina “garai politiko berri bat hastera doa, non guztiok bakearekin, normaltasunarekin eta elkartasun demokratikoarekin konpromiso irmoa izango dugun”.


Barkosen ustez, bakeak eta memoriak “konpromiso hori behar dute, baina eguneroko lana ere bai, askotan diskretua eta anonimoa dena”.


Ildo horretan, azpimarratu du programaren hitzarmenaren seigarren kapituluak “ibilbide argi bat zehazten du, indarkeria gure eskualdetik kanporatzeko eta biktimak haien memorian asetzeko”.


Hautagaiak egin duen parte-hartzean programa hitzarmena sinatu duten indarrek (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E) “indarkeria xede politikoarekin erabiltzea errefusatzen dutela” sinatu dutela nabarmendu du.


AHT “aztertuko da”


Uxue Barkosek jakinarazi du bere Gobernuak ez duela Estatuarekin hitzartutako AHTaren Campanas-Castejón zatian aurrera egingo egoera “goitik behera” aztertu arte.


Horrez gain, trenbideen alorrean Renferekin batera aldiriko trenen ordutegia eta maiztasuna hobetzea aztertuko da.


Halaber, Estatuari balizko konpentsazioak eskatu ahal izateko Pirinioetako Autobidearen gainkostua ebaluatzea eta Esa handitzea geldiaraztea defendatu du.


Urari dagokionez, araudi komunitarioa kontuan hartuko du eta energian kanpoko mendekotasuna murriztu nahi du berriztagarrien eta erabilera zentzudunaren bidez, hornikuntza bermatuta.


Hondakinen alorrean, Barkosek gaikako bilketa eta “eskualde bakoitzaren errealitateari hobe egokitzen zaion” tratamendua indartuko direla esan du, sistemarik “aurreratuenak” kontuan hartuta.


Landa eremuko garapenari dagokionean, Nafarroa berriro Nafarroa-Euskadi-Akitania euroeskualdean sartzea eta landa eremuen garapen jasangarriari buruzko plana berrikustea proposatzen dela jakinarazi du.


Toki Administrazioaren esparruan, hautagaiak eskumenen esparru berrirako, finantzazio sistemarako eta mapa edo egiturarako erreforma atzeraezina dela esan du.


Bestalde, lurralde-antolamendurako udal hirigintzako arauetan koherentzia eskatu du, batez ere mugikortasunean.

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoHautagaiaren hitzaldia