Memoria historikoari buruzko legearen esparruan Norbanakoaren Ordaintza eta Aitortzarako 60 ziurtagiri emateko ekitaldia
Edozein eratako arrazoi politiko edo ideologikorengatik bidegabekeriak eta laidoak jasan zituztenen memoria omentzera eta berreskuratzera dei egin du Catalanek
Nafarroako Parlamentuan Ordain eta Aitorpen Pertsonalaren Adierazpena emateko ekitaldi berri bat egin da gaur arratsaldean, orain arte egin den hirugarrena, 2011ko abenduaren 15ekoaren (69 eman ziren) eta 2014ko martxoaren 21ekoaren (30) ondoren, kasu horretan Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Familien Elkarteko (AFFNA) 60 kideri eman zitzaien, guztiak Gerra Zibilean eta diktaduran indarkeria eta jazarpena jasan zituzten herritarren ondorengoak.
Alberto Catalánek eman dio hasiera ekitaldiari, Memoria historikoari buruzko legearen esparruan. Catalanek egin duen parte-hartzean ekitaldiak argi eta garbi frogatzen du Nafarroako Parlamentuak “edozein motatako arrazoi politiko edo ideologikoengatik bidegabekeriak eta irainak jasan zituzten pertsona guztien memoria ohoratzeko eta berreskuratzeko beharra mantentzen” duela, “bereziki bizitza galdu zuten edo espetxeratu, deportatu eta erbesteratu zituzten eta gatibu lanak egin behar izan zituzten horiek, baita haien familiak ere”.
Catalanen hitzetan horiek guztiek argi eta garbi frogatzen dute Nafarroako Parlamentuak “edozein motatako arrazoi politiko edo ideologikoengatik bidegabekeriak eta irainak jasan zituzten pertsona guztien memoria ohoratzeko eta berreskuratzeko beharra mantentzen” duela, “bereziki bizitza galdu zuten edo espetxeratu, deportatu eta erbesteratu zituzten eta gatibu lanak egin behar izan zituzten horiek, baita haien familiak ere”.
Testuinguru horretan, lehendakariak 2013ko azaroaren 14an onetsi zen foru legean xedatzen denari jarraiki eta Memoria Historikoari Buruzko Dokumentu Funtsak egin duen “azterketa eta ikerketa” lanari esker “1936ko altxamendu militarraren ondorioz erail zituzten Nafarroako kargu hautetsi guztien omenez” iragan urtarrilaren 12an Parlamentuan jarri zen plaka aipatu du.
Aitortza hori “gaur Konstituzioak ekartzen duen eskubidezko estatu sozial eta demokratikoa abiapuntu hartuta egiten ari gara, batzeko, adiskidetzeko eta zauriak ixteko esparrua baita” esan du Catalanek.
Amaitzeko, Alberto Catalanek oroitarazi du, demokraziarekin konprometituta daudenak lanean dihardutela, hartara “bizikidetasun oso eta baketsu baten alde, giza eskubideak zaintzen direla ziurtatzeko”.
Olga Alcegak, AFFNAko lehendakariak, “eraildako 3.452 nafarrentzat justizia” eskatu du. “Nafarroan ez zegoen gerra fronterik. 77ko Amnistia legea bertan behera utz dadin eta hiltzaileak, nahiz eta hilda egon, epaitu daitezen nahi dugu. Horretarako, noski, epaile ausartak egon beharko lirateke, eta orain arte ez dira egon. Hamarkadetan zehar burumakur egon ondoren, biktima horiei entzungor egin ondoren, haien seme-alabak markatu eta baztertu ondoren, gauzak aldatzen ari dira. Gorpuak ateratzeko aurrekontu esleipen bat falta da, oraindik ez dira Diputazioko eta udaletxe askotako plakak jarri, baina Nafarroako Parlamentuak ateak ireki dizkigu berriro. Eskerrik asko, egiten dugun guztia gutxi izango da eta”.
Francisco Javier Enerizek, Foru Komunitateko Arartekoak, baieztatu duenez, “aitortza honekin intolerantzia eta basakeria jasan zuten horien izena ordaintzen dugu eta 1936an eta ondorengo urteetan mina eta sufrimendua eragin zuten horiek kondenatzen ditugu. Bakeranzko eta justiziaranzko bideak dira, hain zuzen ere, baketa eta justizia. Ez dago beste biderik. Inposaketak, beldurrak, zigorrak, isiltasunak, ezkutatzeak, sasiak sutzeak, gertakariak desitxuratzeak edo besteak gutxiesteak ez dute balio”.
Enerizek ohartarazi duenez, “garai eta gizarte berri batean aurrean gaude eta eskatzen dena gehiago parte-hartzea, eskuzabalagoa izatea , eta pertsonak zein haien eskubideak gehiago errespetatzea da. Arazoak konpontzea beharrezkoa da, ez sortzea, eta desadostasunaren, dogmatismoaren, mendekuaren edo estremismoaren bidetik doazen horiengatik ihes egitea. Gaur era bidegabean erori zirenak omentzen ditugu, inor kanpoan utzi gabe”.
Jarraian, Julia Otxoa (Balbino García de Albizu Usarbarrenaren biloba), José Antonio Amatria (Angel Pablo Amatria San Joseren iloba) eta Rafaela Vicente (Corteseko senideen ordezkoa) oholtzara igo dira poema, eskutitz eta “erokeria hori ez ahazteko” alegatu baten bidez haien senideei buruz mintzatu dira.
Haien testigantza eman ondoren, Parlamentuko lehendakari Alberto Catalanek eta Arartekoak, Javier Enerizek, Gerra Zibilean eta ondoren izan zen diktaduran errepresaliatuak izandako 60 pertsonen senideei agiriak eman dizkiete.
Jarraian, orain gutxi zendu zen Nerea Aldunateren familia omendu da, Nafarroako Fusilatuen Familien Elkartearekin kolaboratzen zuelako.
Banaketa bukatu ondoren, Orreaga Oskotzek (haren anai Bautista, Luciano eta Constantinorekin batera erail zuten Isidoro Egia Olaetxearen biloba) baieztatu duenez, “hemen ez da gertatu zenaren larritasuna kontatu. Bizilagun batzuek beste batzuk etxetik atera zituzten, eta inolako zigorrik jaso gabe, bizia kendu zieten. Eta tortura muturreraino eramanda, haien senideak desagerrarazi zituzten eta ez zitzaion inori inongo erantzukizunik eskatu. Hori al da eman nahi dugun mezua?”.
Ildo horretan, Oskotzek esan duenez, “beti egia gailentzen bada ere, justizia inoiz ez da gure alboan egon. Dagoeneko ez dut espero, memoria zigorgabetasunaren aurkako arma onena da. Urtebete baino gehiago da gure aitona non dagoen dakigula, gizon on bat, kontsekuentea eta maitemindua. Eta kakaztutako bilaketa honetan maitasuna aurkitzea da gehien gustatu zaidana”.
Ekitaldia aurresku batekin (Aritz Ibañez), jota batekin (Alvaro Aldunate, Jesús Ayensa, Koldo Pastor) eta Julen Leuza eta Dani Kaspistegik jo duten gaita abesti batekin amaitu da.
Ekitaldian honako kargu hautetsi eta autoritateak bertaratu dira: Javier Morrás, lehendakaritza, justizia eta barneko kontseilaria, Pedro Rascón (SN), Bakartxo Ruiz, Víctor Rubio (Bildu), Juan Carlos Longás (Aralar-Nabai), José Miguel Nuin, (Izquierda-Ezkerra), Uxue Barcos, Patxi Leuza (Geroa Bai) eta Fatima Andreo (Podemos).
Ordain moralerako agiri horiek abenduaren 26ko 52/2007 legearen 4. artikuluaren 1. paragrafoan xedatzen denari jarraiki egin da, “zeinaren bidez gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen diren, eta haien aldeko neurriak ezartzen diren”.
Memoria historikoari buruzko legearen artikulu horren arabera, “Gerra Zibilean eta Diktaduran aurreko artikuluetan aipatutako ebazpenen ondorioak pairatu zituztenek birgaitze eta errekonozimendu pertsonaleko Aitorpena lortzeko eskubidea dutela onartzen da. Eskubide hori guztiz bateragarria da aurreko arauetan kaltea ordaintzeko onartutako gainerako eskubide eta neurriekin, baita auzitegian aurrera eraman litezkeen ekintzak gauzatzearekin ere”.
Honakoak dira omendu diren pertsonak:
Casildo, Abad Alcega, Misericordia Abad Alcega, Fortunato Aguirre Lukin, Gregorio Albo Urcelay, Angel Pablo Amatria San Jose, Manuel Aranda Urzaiz, Hilario Baigorri Ayegui, Ricardo Baigorri Ayegui, Luis Baztán Ibañez, Javier Bea Soto, Manuel Bea Soto, Pedro Bea Soto, Jose Benede Artieda, Luis Benede Artieda, Moises Bobadilla Navaz, Gregorio Bonel Perez, Blas Diez Belloso, Jose Díez de Arizaleta el Rio, Corpus Dorronsoro Arteta, Jesus Dorronsoro Arteta, Jesus Dorronsoro Tercero, Bautista Eguia Olaechea, Isidoro Eguia Olaechea, Anastasio Faldos Jimenez, Antonio Faldos Jiménez, Balbino Garcia de Albizu Usarbarrena, Segundo García Osacar, Julián García Urzaiz, Teófilo Goldaracena Elizalde, Matías Guerrero Martínez, Marcelino Guinda Pérez, Pedro Hueso Mañas, Jorge Iguzquiza Solchaga, Marcos Iguzquiza Solchaga, Serafín Iguzquiza Solchaga, Teodosio Eugenio Larramendi Recalde, Catalino Lázaro Pérez, Aurelio León Inda, Jaime León Inda, Mateo Leuza Corera, Perfecto Leuza Legorburu, Félix Leuza Legorburu, Enrique Lores Bambo, Ramón Martínez Lozano, Esteban Muñoz Oset, Víctor Ortigosa Irulegui, Francisco Pejenaute López, Simón Pejenaute Martínez, Antonio Pidal Hualde, Isidro Pidal Hualde, Avelino Ignacio Pidal Hualde, Angela Rodrigo Berrojo, Macario Rodríguez García, Florentino Rubio Martínez, Joaquín Crescencio Ruiz Martínez, Delfín Saldaña Modrego, Rogelio Sánchez Araiz, José Sánchez Bonel, Enolasca Vela Salvador, José Velasco Arzabala eta Isidro Torres.