Publicada el Jeudi, 26 de février de 2015

Gizarteratze Errentari buruzko legea aldatzea onetsi dute

Sozialisten zuzenketek arauaren muga berriak definitzen dituzte, jasotzeko gehieneko epea 30 hilabetetik 36ra hedatzeaz gain, hartzaileen adin tartea handitzen duena

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman duten botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka eman duten botoekin, Gizarteratze Errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legea aldatzen duen legea onetsi du gaur.

Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek aurkeztu duten eta Socialistas de Navarra parlamentu-taldearen zuzenketa asko jaso dituen Foru Legearen xedea “bazterkeria egoera dauden pertsonen egoerari eta areagotzen ari diren gizartearen beharrei erantzutea” da.

Horretarako, hainbat doiketa gehitu ditu, Iñigo Alli kontseilariak 32,3 milioitan zenbatu dituenak eta sei hilabetetan garatuko dela aurreikusten den araua kudeatzea hurrengo Gobernuaren esku uzten duena. Legearen muga berriak zedarritzen dituzten sozialisten 21 zuzenketek UPNren eta PPNren babesarekin eta Bildu-ren, Aralar-Nabairen, I-Eren eta atxiki gabekoen aurkako botoarekin egin dute aurrera. Azken horiek aurkeztu behar zituzten bost zuzenketak kendu dituzte.

Egin diren aldaketei jarraiki, prestazioa jaso ahal izateko betebeharrak malgutzen dira. Era horretan, gutxieneko adina 25etik 18ra murrizten da eta aukera ematen zaie familia karga duten 65 urtetik gorako pertsonei, emantzipatuta dauden eta seme-alabak dituzten 18 urtetik beherakoei eta, gainerako baldintzak betetzen dituzten eta lanpostua galtzeagatik legezko bizilekurik gabe geratu diren familia-unitateei.

Salbuespen gisa, prestazioa jasotzeko eskubidea izanen dute baldintza guztiak betetzen ez dituzten familia unitateek ere, baldin eta zenbait egoera objektibo direla medio beharrizan egoeran badaude.

Bizileku legal eta eraginkorrari dagokionez, 24 hilabeteko betebeharra mantentzen da (ekimenaren titularrek 12 proposatzen zuten); betebehar horretatik salbuetsita geratzen dira lege hau indarrean sartu aurretik dagoeneko hamar urte baino gehiagoan Nafarroan bizi izan direnak. Esparru horretan, bi hilabeterainoko ez egoteak aurreikusten dira, bai norberaren edo hurbileko senideen osasun arrazoiak direla-eta, bai enplegu bilaketatik edo generoko indarkeriatik eratorritako arrazoiak direla-eta.

Prestazioaren iraupenari dagokionez, kobratzeko gehieneko epea 30 hilabetetik 36ra hedatzen da (12 hilero berritu daiteke). Gehieneko epe hori departamentuaren foru agindu bidez zabaldu ahal izanen da, Gizarteratzearen Baloraziorako Batzordeak aldez aurretik haren aldeko txostena ematen badu, baldin eta 16 urtetik beherakoak zaintzeak eskatzailearen eta gainerako kide helduen laneratzea salbuespenez eta epe batez ekiditen badu edo osasun egoera larriak edota bat batean etorritakoak badaude. Jatorrizko lege proposamenak erabaki hori gizarte langile baten esku uzten zuen.

“Salbuespen” gisa 36 hilabetez baino gehiagoan berritzen den kasuetan, prestazioaren zenbatekoak familia-unitatearentzat aurreikusitako zenbatekoaren hilabeteko baliabide ekonomikoak % 100eraino osatuko ditu (lehen % 80), legean indarrean dagoen eskalaren arabera.

Prestazioaren zenbatekoa handitu egiten da, kasu honetan Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek proposatu duten testuari jarraiki. Hartzaile unitatea pertsona bakar batek osatzen badu, prestazioa lanbide arteko gutxieneko soldataren % 100ekoa izango da; bi pertsonak osatzen badute % 120koa; hiruk % 130ekoa; lauk osatzen badute % 140koa; eta bost pertsonak edo gehiagok osatzen badute, % 150ekoa. Gutxieneko zenbatekoak araudi bidez ezarriko dira.

Ez dira aldatzen Gizarteratzearen Hitzarmenari dagozkion kasuak. Hortaz, eskatzailearen “ezaugarriak, beharrak eta aukerak” izango dira Administrazioak haren gizarteratzea edo laneratzea ahalbidetzeko eskaintzeko betebeharra duen programaren perfila zehaztuko dutenak.

Bildu-k, Aralar-Nabaik, Izquierda-Ezkerrak eta atxiki gabekoek aurkeztu duten jatorriko lege proposamenaren xedea zen “herritarrek behar dituzten gutxieneko diru-sarrerak edukitzeko bermea ematea aldizkako prestazio ekonomiko baten bidez, bermatutakoa, besterendu ezina eta, haien administratiboa ezein dela ere, gutxienez 12 hilabetez Nafarroan bizileku efektiboa duten familia-unitateen diru-sarrera minimoak ziurtatzeko gai izango dena”.

Lehenago egindako aldaketak

Gizarteratze Errenta arautzen duen foru legea 2014ko ekainaren 12an aldatu zen azkeneko aldiz. UPNk eta PPNk eskatuta egin zen, 16 urtetik beherako kideak dituzten familia-unitateei Gizarteratze Errenta xedatzen zen gehieneko epean baino gehiagoan, 30 hilabete, kobratzeko aukera izan zezaten errazte aldera. Era horretan, luzapen horren “epe bateko” iraupena ezabatu zen, izan ere, jada ez zen “eskatzailearen eta gainerako kide helduen laneratzearekin” derrigorrez amaituko.


Horren aurretik, 2013ko maiatzaren 23an, 1/2012 Foru Legea Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak hala eskatuta aldatu zen. “krisiaren intentsitatetik eta denboran luzatzetik eratorritako gizartearen beharrak areagotzeari” erantzuteko.


Helburu horrekin, 24 hilabetetik 30era handitu zen jasotzeko gehieneko epea, besteak beste, epe hori luzatzea ahalbidetuko zuten salbuespen egoerak aurreikusita.
Bi aldaketetan, 1/2012 Foru Legea 2015eko urriaren bukaeran berrikusiko zela adierazten zen, “indarrean sartu zenetik 30 hilabete igaro ondoren”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 17. zk., 2015-02-06koa)