Publicada el Jeudi, 19 de février de 2015

Euskarari buruzko legea hein batean aldatzea onetsi dute

Eremu ez euskalduneko ikastetxe publikoetan euskaraz ikastea ahalbidetu dute, eskariaren araberako ildoak irekitzea berariaz aurreikusita

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea hein batean aldatzeari buruzko legea onetsi du gaur.

Euskarari buruzko legean egiten den bigarren aldaketa da, 2010eko otsailaren 18an IUN-NEBk eskatuta onetsi zenaren ondoren. Orduan eredu mistoa Aranguren, Beraskoain, Galar eta Noain-Elortzibar udaletara hedatzea onetsi zen, “beti ere aldez aurretik eta gehiengo osoz udal horien osoko bilkura bakoitzak hala adosten badu”.


Honakoan, Socialiastas de Navarra parlamentu-taldeak, Izquierda-Ezkerrak eta atxiki gabekoek bultzatu duten legearen xedea eremu ez euskalduneko ikastetxe publikoetan euskaraz ikastea ahalbidetzea da, horretarako eskariaren araberako ildoak sortuta (D eredua).


Horretarako, alegia, ezein eremutan bizi arren euskaraz ikasteko eskaerari erantzuteko, 26. artikulua aldatzea proposatzen da, nahiz eta ikasleen ratioa zehaztea Gobernuaren esku uzten den, zeina “irizpide objektiboei jarraiki” exijentzia gisa hartzen den.


Alabaina, sozialistek UPNren babesarekin irizpenean gehitu duten zuzenketan erreferentzia gisa hartzen da “hezkuntzako administrazioak irakaskuntza-ereduetako edozeinetan eskola-unitate berri bat irekitzeko erabiltzen duen gutxieneko ikasle-ratioa”. Bildu-k eta Aralar-Nabaik aurka bozkatu zuten, eta I-Ek eta PPNk ez zuten bozkatu.


Ildo beretik doa hezkuntzako jardueraren “araudian eta antolakuntzan irizpide teknikoak” mantendu behar direla azpimarratzeko nahia, kasu honetan, Gobernuak araudiaren garapenean eskola unitate berri bat irekitzeko exijitzen den “gutxieneko ikasle-ratioa” ezartzeko betebeharra berretsita, “irakaskuntza-eredua ezein izanda ere”.


Horri dagokionez, adierazi beharra dago ratioen araudia Nafarroako irakaskuntza ez-unibertsitarioan euskara gehitzeari eta erabiltzeari buruzko 159/1988 Foru Dekretua garatzen duen 848/1988 Foru Aginduari jarraiki arautzen dela, non, “beste testuinguru demografiko batekin”, eremu misto eta ez-euskaldunetarako landa eremuetan 15 ikasleko gutxienekoak eta hiri eremuetan 20koak ezartzen diren.


Proposatu dutenen ustez, jada ez dira baremo horiek erabiltzen, izan ere, hain zuen “landa eremuko ikastetxeak mantentzeko 5 ikasleko ratioa erabiltzen ari baita, baina eskola unitate bat irekitzeko baremoa udalaren eta unearen arabera aldatzen baita”.


Bildu-k eta Aralar-Nabaik hezkuntzako administrazioak D ereduaren maila guztietan eskaria osotara beretzeko behar duen epean (hezkuntzan legeak gutxika aplikatzen dira) garraioko eta jantokiko gastuak diruz laguntze aldera aurkeztu zuten eta Batzordean kanpo geratu zen zuzenketa Osoko Bilkuran defendatu dute berriro. UPNk, SNk eta PPNk haren aurka bozkatu dute berriro, I-Ek honakoan ere ez du bozkatu eta, soilik atxiki gabekoen babesa jaso duenez gero, emaitza berdina izan da.


Egun eremu ez-euskaldunerako indarrean dagoen euskarari buruzko legeak babesa bakarrik jasotzen du, eta kasuan kasu, eskariaren araberako finantzaketa oso edo hein batekoa.


Egin den aldaketaren arabera, hezkuntzaren esparruan eremu ez-euskalduna eremu mistoarekin parekatzen duen euskarari buruzko legearen 26. artikulua honela geratzen da:


“26. Artikulua, eremu ez euskalduneko irakaskuntzari buruzkoa


1.- Euskara irakaskuntzan sartzea mailaz maila, gero eta gehiago, eta nahikotasunez eginen da, dauden ikastetxe publikoetan euskaraz irakasten duten lerroak sortuz eskariaren arabera.


2.- Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara irakatsiko zaie eskaera egiten duten ikasle guztiei, halako moduan non eskolatzearen bukaeran euskararen ezagupen nahikoa izan ahalko baitute.


3.- Eskariari sare publikoan erantzun ahal izan dakion, honako ikasle kopuru hau hartuko da aintzat: eskola-unitate bat taxutze aldera Hezkuntza Administrazioak irizpide objektiboei jarraikiz ezein irakaskuntza-eredutan baliatutakoa”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 116. zk., 2014-10-30ekoa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 3. zk., 2015-01-13koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 10. zk., 2015-01-26koa)