Publicada el Mercredi, 10 de septembre de 2014

Zergen arloko autogobernuari buruzko ezohiko bilkura

UPN, SN ETA PPN alderdiek Konstituzioa autogobernuaren bermetzat jo dute, Bilduk eta Aralar-NaBaik erabakitzeko eskubidea defendatu dute eta I-Ek demokrazia gehiagori buruz hitz egin du

Nafarroako Gobernuko presidenteak, Yolanda Barcinak, zergen arloko autogobernuari buruzko bilkura monografikoari hasiera eman dio, esanez Hitzarmen Ekonomikoaren berehalako moldaketa bultzatuko duela, zerga-erregimena ziurtatze aldera. Gainera, Espainiako Gobernuari Nafarroako zerga-eskubideak zalantzan jartzen dituzten helegiteak ez aurkezteko exijituko dio.

Testuinguru horretan, eta Foru Komunitatean eragina izan dezaketen helegiteak kentzeko eskatuko duela jakinarazi ondoren, presidenteak datorren asteartean, Nafarroaren eta Estatuaren arteko eskumenen inguruko tirabirak murrizte aldera, Cristóbal Montoro Ogasun ministroarekin bilduko dela aurreratu du.

Barcinak eztabaida bat piztu du berarentzat “interes handikoa” dena, bakoitza bere tokian jarriko duelako. Zentzu horretan, “argi eta garbi, ez erdizka, hitz egiteko garaia dela” azpimarratu du eta “indartsuagoak izateko adostasunera heldu behar direla” defendatu du.

Konstituzioaren Laugarren Xedapen Iragankorra ezabatzearen alde agertu ondoren, foru-sistema defendatu du Espainiaren batasun konstituzionalaren barruan, Estatuaren proiektu bateratua mantenduz.

Presidenteak Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoa aipatu du eta Konstituzioak eta Hobekuntzak babesten duten eskubide historikotzat jo du, beraz, bi administrazioen artean adosten denenez, ezin du alde bakar batek moldatu.

Aldaketak, presidenteak adierazi duenez, negoziazio batzordean adostu behar dira, eta eguneraketak, hilabete honetan Iruñean bilduko den koordinazio batzordean.

“Prozesu zaila” dela baieztatu du Barcinak, izan ere, Hitzarmen Ekonomikoak duen berezitasunak Estatuarekin negoziatzea eta ados jartzea eskatzen baitu eta adostasunera heltzeko, alde bakoitzak bere asmoak arindu behar baititu.

Presidenteak hitz eman du Gobernuak foru-erregimena eta Nafarroako interesak kalte litzaketen hitzarmenak ez dituela egingo. Halaber, foru-erregimenaren kontrako kritikak baztertu ditu eta, aldi berean, pribilegio bat denik ezeztatu du.

“Gobernuak tresna guztiekin defendatuko duen eskubide bat dela” baieztatu du, eta jarraian Konstituzioan biltzen diren eskumen eta aginpideak errespetatzeko eskatu du.

Barcinak energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruz Konstituzio Auzitegiak (KA) emandako epaiarekin kezkatuta dagoela aitortu du, zerga-sistemaren ahalmenaren kontrako “atentatu argia” baita.

Nafarroako Gobernuaren iritziz, foru-zergak aplikagarria den eta, besteak beste, hitzarmen ekonomikoak osatzen duen konstituzionaltasun blokearekin guztiz bat datozela gehitu du.

Horregatik, energiaren sektorearen zergei buruz KAk hartutako erabaki berriarekin sortutako egoera Nafarroaren eta Estatuaren arteko aldebiko negoziazioan jorratzen ari dela zehaztu du.

Amaitzeko, Barcinak Cristóbal Montoro ministroarekin uda honetan izan duen bilera gogorarazi du. Montoro, presidentearen esanetan, harkorra agertu zen berak azaldu zion proposamenarekin, eta Nafarroaren zerga-ahalmenaren aurkako interpretazio juridikoak saihestuko dituen hitzarmenaren berridazketa posible bat ahal bezain laster adostuko duela agindu zuen.


I-Ek autogobernua eskubide demokratiko gisa defendatu du


Izquierda-Ezkerra parlamentuko taldeak, eztabaidan, Nafarroako autogobernua herri nafarraren eskubide demokratikoa dela defendatu du, eta egungo egoera "larria eta kezkagarria" dela adierazi du.

José Miguel Nuinek, I-Eko bozeramaileak, Nafarroarekin eta bere gizartearekin, demokraziarekin, herritarren eskubideekin eta elkarbizitzarekin konpromisoa hartzen duen autogobernua “gogor” aldarrikatu du.

Nuinek autogobernuaren defentsa eta demokraziarekiko konpromisoa bereizezinak direla azpimarratu du, eta I-Ek eta koalizioa osatzen duten taldeek gobernuaren ahalmena Nafarroaren aurrerapenarentzat funtsezko tresna dela uste dutela baieztatu du.

Zentzu horretan, beste alor batzuekiko leialtasuna eta elkartasuna erakutsiz autogobernuaren garapenarekin konpromisoa agertu du, eta I-Ek “kontrako erasoen aurrean gogor” defendatuko duela adierazi du.

Horri dagokionez, PPren Gobernuak hainbat arau nafarren kontra aurkeztu dituen helegiteak salatu ditu. Horien atzean, etxebizitzarekin lotutako helegiteetan esate baterako, “gaizki tratatuak izan diren herritarren” kontra bankuen onurak defendatzeko interesak, eta orokorrean, arazoi “ideologikoak” daudela ikusi du.

Horrekin “Nafarroaren autogobernua ahultzen” ari dela baieztatu du Nuinek. Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruz KAk emandako epaia azpimarratu du, eta Barcina presidenteari Cristóbal Montororekin izan duen azken bileran helegiteak kentzeko exijitu ez izana aurpegiratu dio.

Laster egingo den Hitzarmen Ekonomikoaren eguneraketari dagokionez, “Nafarroako Gobernuak zergen inguruko eskumenak errespetatzea bermatuko duen negoziazio bat egingo duen” pentsa daitekeen galdetu du eta Nuinek berak “ezetz” uste duela erantzun du.

Bozeramaileak, bere mintzaldiari amaiera emateko, parlamentuko taldeei prozesu horretan parte-hartze handiena egoteko eskatu die, “modu horretan soilik egon daitezkeelako hitzarmenaren eguneraketaren inguruan ados jartzeko bideak irekiko dituzten baldintzak”.

PPN: “Foruak defendatzeko modurik onena Konstituzioa defendatzea da”


Nafarroako PPko parlamentuko bozeramaileak, Ana Beltránek, “foruak defendatzeko modurik onena Konstituzioa defendatzea dela” baieztatu du gaur, bere ustetan, Konstituziorik gabe, foruak, “gobernuen nahien menpe geratuko liratekelako”.

Bere mintzaldian, Beltránek konpromiso politikorako unea dela adierazi du. Nafarroa autogobernu maila altuena duten erkidegoetako bat dela nabarmendu du, eta “indarrean dagoen esparru juridikoari eutsi behar diola” azpimarratu du.

Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruzko foru legea deuseztatu zuen KAren epaiari buruz, popularrak aurka agertzen badira ere, epaia “foruen kontra ez doala” argitu du.

Bozeramaileak, “honekin gamazada edo gamazadatxo bat egin nahi duten” pertsonak daudela adierazi du, eta jarraian azpimarratu du “egun Nafarroa ez dela kanpoko inolako etsairengandik edota zentralismotik babestu behar”, baizik eta “langabeziatik eta bere ekonomia nazioartekotzeko hesietatik”.

Beltránek nafarrek “oso lasai egon behar dutela” baieztatu du, espainol guztiek foruak onartzen dituztelako. Halaber, Konstituzioak babeste duen foru-erregimena, Hobekuntza eta Hitzarmen Ekonomikoa, funtsean “askatasunen” erregimen bat dela azpimarratu du.

Nafarroako PPak “foru nafarrak inolako salbuespenik gabe onartzen dituela” defendatu du parlamentariak, eta PPren Gobernuak “autogobernua errespetatzeko eta sendotzeko nahia izan duela” beti azpimarratu du.

Ana Beltránek foru-gobernuari kooperazio batzarra behar bezala ez erabili izana aurpegiratu dio, eta Komunitateak eskura dituen tresnak erabiltzeko eskatu dio.

Modu berean, bozeramaile popularrak talde abertzaleek gai honekin agertu duten “zinismoa” salatu du, eta “haien eskutan egon izan balitz, Foru Hobekuntza ere ez zela aldarrikatuko” adierazi du.

Azkenik, Beltránek “zuhurtasuna” eskatu du, estatuaren arauen kontrako legerik ez egiteko.


Aralar-NaBaik autogobernuaren aldeko manifestazio bateratu baten alde egiten du apustu


Patxi Zabaletak, Aralar-NaBaiko parlamentuko bozeramaileak, “kontraforuari” erantzun “itzela” emateko eskatu dio foru parlamentuari. Horretarako, Nafarroako autogobernuaren eta eskubideen aldeko manifestazio bateratua deitzearen alde agertu da.

Nabarmendu duenez, zerga autogobernuaren inguruko eztabaida gaur izan da foru Ganberan, Kataluniako Diada baino egun bat lehenago eta Eskoziako erreferenduma baino zortzi egun lehenago. Ondorioz, Nafarroan ere nortasunaren defentsaren inguruan zerbait egin behar duten galdetu du, eta bere ustetan, “manifestazio bateratu handi” bat egin beharko litzateke.

Zentzu horretan, UPNri manifestazio bateratu batean parte hartuko lukeen galdetu dio, bere iritziz, adierazpenak eta erabakiak ez baitira nahiko.

Zabaletak, erreferendumarekin, “eskoziarren eskubideak erabat bermatuta egongo direla” azpimarratu du, eta Nafarroan erabakitzeko eskubidea errespetatu arte horrelakorik ez dela gertatuko adierazi du. Bai eskoziarren bai katalanen erreferendumak “legezkoak direla demokratikoak direlako” baieztatu du.

Aralar-NaBaiko bozeramaileak “Estatuak Nafarroarenak diren eskumenak bortxatu dituela” salatu du, eta “eskubide historikoak eta autogobernurako ahalmena babesteko modu bakarra erabakitzeko eskubidea lortzea dela” errepikatu du.

“Autogobernuaren defentsa erretorika hutsa bihurtu dela” aipatu ondoren, “UPNren nabarrismoa Nafarroaren autogobernurako ahalmena defendatzeko akituta dagoela” aitortu du. Era berean, Konstituzioak “ez duela dagoeneko nafarren eskubideak babesteko balio” eta LORAFNA ez dela eskubide historikoak defendatzeko gai izan adierazi du.

Zabaletak ”ziklo baten amaieran gaudela” eta “erregimen akitu bat dugula” agertu du, eta “koldarkeriatzat” jo du, orain, Laugarren Xedapen Iragankorra gogora ekartzea “ezinezkoa eskatzeko PPko Gobernuari Nafarroaren defentsari dagokionez”.

Izan ere, baieztatu duenez, “Madril eta Estatu espainola dira Nafarroari eraso egiten diotenak eta eskubideak kentzen dizkiotenak”.

“Nafarroaren ahalmen historikoak babesteko bide bakarra erabakitzeko eskubidea erabiltzea dela” esanez amaitu du.


Bilduk erabakitzeko eskubidean oinarritzen den Nafarroa “berria” eraikitzeko eskatu du


Bilduren ustez, nafar instituzioak, gizarte-eragileak eta herritarrak Nafarroa “berriaren” etorkizuna elkarrekin eraikitzen hasteko garaia da; erabakitzeko eskubidean eta eskubide historikoen defentsan oinarrituko den etorkizuna eraikitzeko garaia.

Bilduko bozeramaileak, Bakartxo Ruizek, “hitza herriari ematearen” eta zerga autogobernuaren zein Nafarroako eskubideen inguruan “sakonki” hitz egitearen alde agertu da, “erasoak gero eta ugariagoak eta sutsuagoak baitira, izan ere, legeak pikutara bidaltzen dituztelako eta zerga gaitasuna estutzen dutelako”.

Ruizek Foru Hobekuntza nafar herritarren “hitza eta erabakia isiltzeko” tresna izan zela eta horrekin nafar gizarteari “iruzur” egin ziotela aitortu du. “Iruzur bat” izan zen, “hitzarmen bati esker Nafarroak erabakitzeko eskubidea lortuko zituela” pentsarazi nahi izan zutelako.

UPNko Gobernuari Nafarren interesak defendatu ordez Madrilgoak defendatzen dituela esan dio. Ondoren, egungo ereduak ez duela nafarrak hobe bizi daitezen edo haien eskubideak defendatzeko balio eta horregatik berarentzat “akituta” dagoela adierazi du.

Beraz, Ruizen arabera, Nafarroak erronka garrantzitsuei egin beharko die aurre, eta “haize freskoa sar dadin ateak eta leihoak irekitzea” beharrezkoa dela defendatu du.

Gauzak horrela, Ruizek “EHBilduk demokratizatzeko prozesu hori burutu nahi duela” jakinarazi du, eta “etorkizuna eraikitzeko modu bakarra herritarrekin batera eraikitzea dela” adierazi du.

“Geure etorkizuna Nafarroan eraikiko dugu eta, inongo zalantzarik gabe, nafarrok erabakiko dugu”, azpimarratu du parlamentariak. “Jendeak erabaki nahi duela eta ez duela inposaketa gehiagorik nahi” ziurtatu du.

Zentzu horretan, Eskoziako eztabaidan honakoa baieztatzen zuen esaldia gogorarazi du: “nor gu baino hobe geure baliabideen inguruan erabakitzeko”. Bildurentzat, “erantzuna argi dago”.

“Eztabaida beste parametro batzuetan kokatu nahi duen inor oker dago”, esan du Ruizek, eta jarraian, mintzaldiari amaiera emateko, “ariketa demokratiko horrek gehiengoaren onurarako izango den eredu desberdin bat eraikiko duten akordioak ekarri behar duela” adierazi du.


PSNak Nafarroaren “berezitasuna” Espainia anitz baten barruan defendatu du


Nafarroako Sozialistak parlamentu taldeko bozeramaileak, Roberto Jiménezek, Nafarroaren “berezitasuna” eta foru-erregimena defendatu du, “herri eta nortasun guztiak eroso sentitzen diren Espainia anitz baten” barruan. Gainera, “hizketan oinarritutako erreforma lasaia” egiteko beharra azpimarratu du.

Jiménezek eskumen arazoak “argi uztea” beharrezkoa dela uste du, eta hau ez dela autogobernuaren “unerik onena, baina horrek ez duela esan nahi balio ez duenik, baizik eta hizketan oinarritutako erreforma lasaia egin behar zaiola” defendatu du.

Jiménezek “autogobernua esentzia dela, Nafarroaren odola, Konstituzioaren Espainian iltzatutako Nafarroa historiko eta demokratikoaren odola”, eta “zuhaitz handi baten gisara” ulertu eta bere osotasunean aztertu behar dela baieztatu du.

“Abiapuntua Konstituzioa da, foraltasunari legezkotasun demokratikoa ematen diona, foru-eskubideak babestu eta errespetatzen dituelako”, nabarmendu du Jiménezek, eta “PPren Gobernuak, aulki gorriekin (foru Gobernuarekin), geure enborra xaflaz xafla kentzen digu”, baieztatu du.

Zentzu horretan, bozeramaile sozialistak KAri Gobernu popularraren “bereizkuntzarik gabeko helegitea” salatu dio, “Konstituzioaren espiritutik eta hitzetatik aldentzen den ikusmolde ideologikoarengatik”.

Aldi berean, Yolanda Barcina presidenteak, bere ustez, gai horrekiko hartu duen “konpromiso txikia” azpimarratu du; izan ere, bozeramailearentzat, Barcina “Parlamentuan egiten diren akordioez baino PPren Gobernuarekin ongi geratzeaz gehiago kezkatzen da”.

Jiménezek LORAFNA “arbuiatzen” dituzten diagnostikoak partekatzen ez dituela baieztatu du. Berarentzat legea “guztiz demokratikoa” da eta horren inguruan Bilduri “elite eta pribilegioez” hitzegitea aurpegiratu dio. “Foraltasuna eta ustelkeria”, berak definitu duen moduan, banandu ditu.

“Aldaketa sakonak egiteko unean gaude, garai bat amaierara heltzen ari da”, aitortu du Jiménezek. Konstituzioan Nafarroari ere eragingo dioten beharrezko erreformak egin behar direla defendatu du.

“Argi dugu nafarrak eta espainolak garela, aurrerakoiak eta ezkerrekoak, eta ez gaude inoren aurka”, adierazi du. Mintzaldia ixteko, “guztiona dena guztion artean erabaki behar dugula” azpimarratu du.


UPNk Aralarren manifestazio bateratua egiteko gonbidapena ukatu du


UPNko parlamentuko bozeramaileak, Carlos García Adanerok, autogobernua eta Nafarroaren eskubideak defendatzeko Aralar-NaBaik proposatutako manifestazio bateratua ukatu du, bere ustez, “ETAren biktimak irainduko lituzkelako”.

García Adanerok Konstituzio Auzitegiaren energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruzko epaia ez zaiola “anekdota bat” iruditzen adierazi du. “Oso larria da eta ezin da iritzi bera izan”, azpimarratu du.

KAri ez zaiola bere kabuz jardutea bururatu, baizik eta PPren Gobernuko presidentea izan dela epaia bultzatu duena gogorarazi die parlamentari popularrei.

Bozeramaile erregionalistak Gobernuaren jarrera, dela PPkoa dela PSOEkoa, beti berdina izan dela esan du, eta horri dagokionez Nafarroako Gobernuak ezer egin ez duela dioten oposizioko kritikak ukatu ditu.

“Eztabaida hau, garrantzitsua bada ere, batzuk komunitatearen egoerari buruzko eztabaidaren aurrerapen gisa edo datorren hauteskunde kanpaina prestatzeko erabili dute”, gehitu du.

Aralar-NaBaik manifestazio bateratu batera joateko egindako gonbidapenari dagokionez, “zer den defendatuko dena” galdetu du, talde horren ikusmoldea “zaila delako defendatzea”.

García Adanerok bere alderdikoek ez dutela beste Komunitate bateko banderak zuzenduko duen manifestazio batera joan nahi adierazi du, ikurrinari erreferentzia eginez.

Horri dagokionez, bozeramaile erregionalistak baieztatu du Euskal Herriaren eta Nafarroaren izenean hil duten pertsonak babestu dituztenekin ez dutela ez manifestaziorik ez sinadurarik partekatuko, “horrek biktimak irainduko lituzkelako".

García Adanerok, nazionalisten “herriak ezin du hitz egin” mezua ezeztatu du, bere ustez, “tresna dutelako baina ez dutelako erabiltzen”.