Publicada el Vendredi, 27 de juin de 2014

Nafarroako Gobernua jantokirako bekak ematera premiatzen da

Parlamentuak Gosariak programaren bultzatzaileen lana aitortzen du eta administrazio publikoei eskatzen die udan ere ikasleen oinarrizko behar izanak asetzeko irtenbideak topa ditzaten

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak “aintzat hartzen eta eskertzen du Gosariak proiektuaren bultzatzaileak egiten ari diren lana, eta uste du administrazio publikoei dagokiela ikasleen oinarrizko beharrizanak asetzeko behar diren baliabideak detektatzea eta taxutzea”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “ekainean egin dezan eskolako jantokirako beken aurreikuspena, irailean ordainduko direla bermatzeko”. Idatz-zati horrek, gainerakoen moduan, guztien babesa jaso du, UPNrena izan ezik, ez baitu bozkatu.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “behar diren neurriak har ditzan, udaletan jantokirako bekak emateko irizpideak batera daitezen”.

Halaber, Foru Komunitateko Gobernua premiatzen da “familiek ordaindu behar duten gutxieneko kuota jaits dezan, egiaztatuta baitago zenbait neska-mutikok ez dutela jantoki zerbitzurik erabiltzen beren familiek ezin dutelako gutxieneko kuota ordaindu, nahiz eta beka bat eduki”.

Bestalde, premiatzen da “behar diren neurriak taxutu ditzan, jantokirako bekek ekaineko eta iraileko eskolaldi trinkoak ere har ditzaten, eta ez soilik eskolaldi zatituko egunak, bai eta ikasturteko asteazken guztiak ere”.

Ildo horretan, eskatzen zaio “Hezkuntza Departamentuko Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren ‘Fruten Programa’ egokitu dezan, halako moduan non 3 egunetik 5 egunekoa izatera igaroko baita, ikasturte osoan eginen baita eta Lehen Hezkuntzara hedatuko baita”.

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “konponbide eragingarri bat bila dezan udako oporretako hilabeteetan asetze aldera, gutxienez ere, Gosariak programan egun parte hartzen duten 146 neska-mutikoen beharrizanak, eta ekimenaren bultzatzaileekin lehenbailehen harremanetan jar dadin”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai, Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek eta atxiki gabekoek bultzatu duten ebazpenak iragan ekainaren 3an parlamentuan egin zen lan saioa aipatzen du, non programaren helburuak, norainokoa eta funtzionamendua landu ziren. Horren harira, proposatu dutenek Gosariak programa sustatu dutenen hausnarketekin bat egiten dute, izan ere, uste dute arazoa egiturazkoa dela eta konponbideak ere, hortaz, egiturazkoa izan behar duela, administrazioen ardurakoa”.

Ildo horretan, baieztatzen da “ikastetxe askotan oinarrizko beharrizanetan gabeziak ematen direla, elikadurazkoak ere, bai eta krisia familian pairatzen ari diren neska-mutikoak ahultasun-egoeran” daudela.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 75. zk., 2014-06-13koa)