Publicada el Jeudi, 26 de juin de 2014

Interes pribatuen mesedera bideratutako erabakiak hartu zituztelako susmagarriak diren kontseilari edo enpresa publikoen kudeatzaileak arbuiatzen dituen proposamena bazter utzi dute

Kontuen Ganberaren txosten bat aipatzen zen, non 4 milioiko galera egon zela adierazten zen eta Torres eta Iribarren aipatzen ziren erabakien erantzule edo onuradun gisa

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk haren aurka emandako botoarekin, SNren eta PPNren abstentzioekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez arbuiatu egiten diren “kontseilari edo enpresa publikoen kudeatzaile karguan zeudenek egindako jarduketak, arlo publikoaren interesetik eta defentsatik urrun zeudenak, haiek interes pribatuen mesedera bideratutako erabakiak hartu baitzituzten, baliabide publikoak arriskuan jarriz eta 37 milioi euro publiko baino gehiago galtzea eraginez”.

Bazter utzi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “beharrezkoak diren ekintza administratibo eta judizialak has ditzan beren zeregin publikoa betetzean erabaki horiek hartu zituztenen aurka, erabaki horien ondorioz galdutakoa diru-kutxa publikoari itzultzeko”.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabaik bultzatu duen mozioak Kontuen Ganberak egindako fiskalizazio txostena aipatzen zuen, Foru Sektore Publikoak oihan enpresa batzuekin egindako finantza- eta kontratu-eragiketak, 1997-2012 aldia delakoa. Bertan arduradun politikoen jardunen nondik norakoen berri ematen da, “interes publikoaren nahitaezko defentsatik oso urrun daudenak, eta askoz ere zerikusi handiago zuen haiek libreki izendatutako karguen interes pribatuen aldeko faboritismoarekin”.

Jarrera horren ondorioz, proposatu duen taldeak erakunde fiskalizatzaileak egin duen auditorian oinarrituta, “ia lau milioi euro galdu dira” eta “inbertsio gehienak” ere bai, horretan guztian José Torres –Ingurumeneko zuzendari nagusi ohia- eta Francisco Iribarren –Ekonomiako kontseilari ohia- zuzenean lotuta ageri dira, erabakietan erantzuleak edo onuradunak izan ziren neurrian.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 59. zk., 2014-04-30ekoa)