Publicada el Jeudi, 13 de février de 2014

Fundazio jakin batzuen zuzendaritza organoak arautzen dituen legea onetsi dute

Nafarroako Kutxa Fundazioak ekainaren 28ra arte izango du bere estatutuak egokitzeko eta Patronatu berria, Parlamentuaren aurrean erantzulea, zortzi hilabeteko epean hautatuko da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, fundazio jakin batzuen zuzendaritza organoak arautzen dituen foru legea onetsi du gaur.


Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen legearen xedea “gizarte-intereseko, ordezkagarritasun demokratikoko eta gardentasuneko” irizpideei jarraiki, haien esku-hartze esparruak Foru Komunitateaz gaindikoa ez den aurrezki kutxak eraldatzetik sortu diren fundazioak ikuskatzea eta kontrola arautzea da.


Lege honen mende dauden fundazioak aurrezki kutxen finantza-jarduerak eta ongintzako gizarte-jarduerak banandu izanaren emaitza dira. Haien jarduera nagusia burutzen duten gizarte lana kudeatzea da eta horri eman behar zaizkio haien ondarea osatzen duten funts, partaidetza eta inbertsioetatik lortutako etekinak.


Ildo horretan, proposatu duen taldeak zehaztu duenez, proposamena CAN Fundazioarentzat pentsatua dago, lege proposamenak jasotzen dituen baldintzak “betetzen ez dituen bakarra” baita. I-Ek eta SNk hala eskatuta, gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko legean fundazio publikoentzat xedatzen den guztia gehitu da foru lege proposamenean.


Entitate horien jarduketak behar bezala kontrolatzeko, bi zuzendaritza organo ezartzea proposatzen da: erabakitzailea izango den bat (Patronatua) eta ordezkaritzako, erabakiak betearazteko eta ikuskatzeko beste bat (Lehendakaritza).


Nafarroako Parlamentuaren esku uzten da Patronatuaren 11 kideetatik 6 hautatzea (Zuzendaritza barne). Patronatua gobernu eta erabaki organo gorena da eta langileek beraien artetik hautatutako langileen bi ordezkarik, Nafarroako Gobernuak hautaturiko ordezkari batek eta Iruñeko Udalaren Osoko bilkurak hautaturiko beste batek ere osatuko dute.


Patronatuko kideak gehienez ere estatutuak onetsi edo egokitzen direnetik (gehienez ere ekainaren 28a) zenbatzen hasita hiru hilabeteko epean hautatuko dira eta, edonola ere, lege hau indarrean sartzen denetik gehienez ere zortzi hilabeteko epean.


Parlamentuari izendatzea dagokion sei horien kasuan eta lehendakaria alde batera utzita, gehiengo sinplez hautatuko dela aurreikusten baita, jasotzen diren hautatze-arauak parlamentuko gutxiengoa Patronatuan ordezkatua egongo dela ziurtatzen du, izan ere, forudun bakoitzak “gehienez ere hiru hautagai bozkatu ahal izango ditu”.


Patronatuko kideak kargu-publikoak izan daitezke eta lau urtetarako hautatuko dira, eta berriro hautatu ahalko da agintaldi bakar baterako. “Doan” lan egingo dute, soilik “behar bezala justifikatutako gastuak kobratzeko” eskubidea izango dute. Eta kargu publikoak izan ahalko dira, izan ere, sozialistek parlamentariak, zinegotziak, Nafarroako Gobernuko Kontseiluko kideak, alderdien zuzendari nagusiak eta zuzendaritzako organoetako kideak, sindikatuak eta enpresa-erakundeak kanpo uzte aldera aurkeztu zuten zuzenketak Osoko Bilkuran soilik PPNren “lekukotasun” babesa jaso zuen.


Legeak patronatuetatik ordezkatua izateko edo kargua utzi behar izateko bi arrazoi ezabatzen ditu, bata kasuan kasuko ordezkarietako baten bat edo guztiak ordezkatzeko edo kargugabetzeko ahalmena Nafarroako Gobernuaren eta Parlamentuaren esku uzten zuena; eta bestea izendatua izan zeneko kargua amaitzeagatik.


Patronatuaren eskudantzien artean jasotzen da estatutuak, aurrekontuak eta kasuan kasuko plangintzak eta jardunbide programak zein entitatearen kontuak onestea (eta aldatzea), hori guztia “gehiengo osoz”. Halaber, ondarearen erabilerari mugak ezartzen zaizkio (inbentarioa onestea haren lehenengo zeregina izango da), halako moduan non gastuek ezin izango duten ekitaldirako aurreikusten diren diru-sarreren % 125a gainditu, ez eta aurreko ekitaldian aurreikusi ziren ordainketak baino % 10 handiagoak izan, salbu eta, bi kasuetan, Patronatuak Parlamentuaren “berariazko baimena” badu. Bai aurrekontuek bai kontuen ikuskaritzari buruzko urteroko txostena, Kontuen Ganberak egingo duena, “publikotzat” hartuko dira.

 

Gainera, Patronatuaren zeregina izango da Fundazio Berezia sortzen duen jatorrizko entitatearen dokumentazioa “berreskuratzea eta zaintzea”, era horretan, dokumentazio hori “antolatu eta sailkatu” ondoren, “patronatuko zein parlamentuko kideek nahi dutenean erabiltzeko errazagoa izan dadin”. “Beharrezkoak diren kudeatze” guztiak egitea dakarren agindu hori burutzeko “patronatua sortzen denetik sei hilabeteko” epea ezartzen da.

 

Urteroko maiztasunarekin eta haren lehendakariaren agertuta, fundazioak haren jarduerari buruzko kontuak emango dizkio Parlamentuari, zeinak edozein momentutan haren gobernu organoen titularrak agertzea eskatu ahalko duen, “laguntzera eta eskatzen zaien informazio oro ematera behartuta” daudenak, aurrekontuen betearazpen mailari dagokionaz gain, hiru hilero bidaliko dutena.

 

Lege honen eraginkortasuna ziurtatze aldera, izaera bereziko fundazioei hiru hilabeteko epea ematen zaie; epe hori bukatu ondoren indarrean dauden eduki arautzaileei kontrajartzen zaizkien estatutuen xedapen guztiak “indargabetuta” geratuko dira. Aldi berean, egokitutako estatutuak onetsi ondoren, zuzendaritza organoetako kideek haien kargua utziko dute, lehenago utzi ez badute. Idatz-zati hori SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek hala eskatuta atxiki zaio irizpenari.

 

Sozialisten lege proposamena ez dator bat Nafarroako Gobernuaren jarrerarekin, 9/2012 Legean aurreikusitakoa Nafarroako Kutxari zuzenean aplikatzekoa jotzen baitu. Arau horrek xedatutakoaren arabera eta kutxak duen “forudun” izaera errespetatuz, Nafarroako Gobernuak eta Ekonomiako Ministerioak CANen estatutuak aldatzea adostu dute, zeintzuek gobernuaren esku uzten baituten patronatuko bederatzi kideetatik bost izendatzea (hiru parlamentuaren esku). Kasu horretan denak “independenteak”, kargu politikoak izateko aukerarik gabe.

 

Osoko Bilkuran egin den eztabaidan izaera teknikoa zuten 30 in voce zuzenketa eztabaidatu dira. SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek aurkeztu dituzte eta UPNk eta PPNk haien aurka emandako botoekin onetsi dira.

 

www.parlamentodenavarra.es
•Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 73. zk., 2013-06-25ekoa) •Zuzenketen argitalpena (NPAO, 1. zk., 2014-01-07koa)
•Irizpenaren argitalpena (NPAO, 21. zk., 2014-02-04koa)