Publicada el Jeudi, 13 de février de 2014

Nafarroako Gobernua emakume nafarrek haurdunaldia borondatez eteteko duten eskubidea defenda dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Nafarroako osasun zentro publikoetan ahalik eta azkarren haurdunaldiak borondatez eteteko beharrezkoak diren neurriak har ditzan

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “emakume nafarrek haurdunaldia borondatez, eta duintasunez, eteteko duten eskubidea defenda dezan, eta emakume horiek inolako koakzio edo larderiarik ez jasateko baliabide guztiak presta ditzan”.


Onetsi duten ebazpenak bigarren idatz-zati bat du, non, halaber, Parlamentuak “2012ko maiatzaren 10eko Osoko Bilkuran onetsi zen ebazpenean onetsitakoa, eta geroago hainbat aldiz berretsitakoa, berriz ere adierazten du, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du behar diren neurriak har ditzan, ahalik eta denbora laburrenean haurdunaldiaren borondatezko eteteak osasun zentro publikoetan egin ahal izateko, eta lehenengo eta behin, etete farmakologikoak, horiek baitira egiten diren borondatezko eteteen % 40. Gainera, haurdunaldiko 8-9 asteen barruan egin daitezke, eta ez lukete antolaketa-neurri nabarmenik hartzera behartuko”.


Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Parlamentuak “berriro adierazten du erabat arbuiatzen duela, Kontzebituaren Biziaren eta Emakume Haurdunaren Eskubideen Babeserako Lege Organikoaren Aurreproiektua, emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideak larriki urratzen dituen atzerapen sozial onartezina dakarrelako. Horiek horrela, Nafarroako Gobernua premiatzen du Parlamentu honen gehiengoaren eta Nafarroako herritarren gehiengoaren borondateari jarraikiz joka dezan, 2014eko legearen aurka aurkeztutako errekurtsoa kenduz, eta behar diren mekanismo guztiak azter eta abian jar ditzan, emakume nafarrek haurdunaldia borondatez eteteko duten eskubidea bermatzeko eta, beraz, inboluzio hori Nafarroan ez gertatzeko”.


Gainera, Parlamentuak “konpromisoa hartzen du PPk proposatzen duen erreformari aktiboki aurre egiteko, eta babesa eskaintzen die elkarte feministak eta beste gizarte-mugimendu batzuk, helburu horrekin egiten ari diren mobilizazioei”.


Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da “behar diren baliabide materialak eta giza-baliabideak ezar ditzan, nahi gabeko haurdunaldien prebentziorako. Helburu horrekin, behar diren neurriak hartuko ditu, ikastetxeetan sexualitateari eta afektibitateari buruzko derrigorrezko programak prestatzeko. Halaber, antisorgailu guztiak eskuragarri egotea bermatuko du, emakumeak laguntzeko zentroen bidez”.


Azkenik, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak hala eskatuta, Espainiako Gobernua premiatzen da “ez dezan Abortuari buruzko Legean aurrerapausorik egin (osasun sexual eta erreproduktiboari buruzko legea) gainerako indar politikoekin hitz egin eta adostasunetara iritsi arte”.


Zioen azalpenean, Bildu-k bultzatu duen ebazpenak dio lege proiektua “guztiz atzerakoia” dela eta “sexu- eta ugalketa-eskubideak larriki urratzen” dituela kontuan hartu gabe, “sektore ultrakatolikoekiko eta bizi-eskubidearen aldeko mugimenduekiko elkar aditzearen” alde egiten du, hezkuntza eta prebentzioa bultzatu ordez.


Proposatu duen taldeak errepikatzen du Parlamentua legearen aurka dagoela eta, halaber, Antsoaingo klinikara joaten diren emakumeek jasaten dituzten “koakzio eta larderia” salatzen ditu eta oroitarazten du Nafarroako osasun publikoak zerbitzu hori emateko beharrezkoak diren azpiegiturak eta profesionalak badauzkala, Kontuen Ganberak 2013ko apirilean egin zuen txosten batean oroitarazten duen moduan, non gobernuari “gomendatzen” dion aukera hori azter dezan, horrez gain, “diru publikoa aurreztea ekarriko” luke-eta.


www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 23. zk., 2014-02-7koa)