Publicada el Jeudi, 13 de février de 2014

Nafarroako kontuen egoerari buruzko Ikerketa Batzorde bat sortzea onetsi dute

UPNk oposizioaren proposamena osotara babesten du, hau da, BEZa atzeratzeak eta Foru Komunitateko Ogasuneko zuzendari ohiaren akusazioak ikertzea

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez eta SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek hala eskatuta, Nafarroako kontuen egoerari buruzko Ikerketa Batzorde bat sortzea onetsi du gaur.


Zehazki, batzordearen ikerketak honako ataletan egingo dira:


1.- Nafarroako kontuen egoera, 2011tik aurrera izan duten garapena eta haien lotura defizitaren xedea betetzeko politiken aplikazioarekin.


2.- BEZa itzultzea atzeratze aldera, Nafarroako Gobernuko lehendakariak egindako arauak, legez ezarritako epeak bete gabe, eta horrek Nafarroako ekonomian izan duen eragina.


3.- Foru Komunitateko Ogasuneko kudeaketa zuzendari ohiak Foru Komunitateko Ogasunaren independentziaren aurka Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak behin eta berriro eskua sartzeko asmoz egindako saiakerei buruz egindako akusazioak.


4.- Foru Komunitateko Ogasuneko kudeaketa zuzendari ohiak kontseilariak eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak legez babestutako informazio pertsonala eskatzeari buruz egindako akusazioak.


Parlamentuko araudiko 62. artikuluaren xedapenei jarraiki, Ikerketa Batzorde bat sortzea adostuta, Mahaiak, Eledunen Batzordearekin adostasun loteslea jaso ondoren, batzordearen osaera, antolamendu eta funtzionamenduari buruzko arauak emango ditu.


Ikerketa Batzordeek lan-plangintza bat idatziko dute eta haren barruan batzorde txostengileak izendatzeko aukera izango dute, bai eta, Parlamentuko Lehendakariaren bidez, ezein pertsona entzuteko bertaratu dadin eskatu ahalko dute.


Pertsona horri eman behar duen informazioaren nondik norakoak gutxienez hiru egun lehenago jakinarazi beharko zaizkio.


Ikerketa Batzordeek haien xedeak betetze aldera Nafarroako Gobernuko kideen eta Foru Komunitateko Administrazioetako goi-karguen jarduerei eta interesei buruzko kasuan kasuko erregistroko informazio babestu guztirako sarbidea izango dute.


Ondorioak ez dira auzitegientzat lotesleak izango eta ez dute judizio-ebazpenetan eragingo. Alabaina, Parlamentuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den irizpen batean islatu beharko dira.


Osoko Bilkurak onetsitako ondorioak Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta Foru Komunitateko Diputazioari jakinaraziko zaizkio, Parlamentuko Mahaiak haiek Fiskaltzari bidaltzeari utzi gabe, dagokionean egoki diren ekintzak burutu ditzan.


Proposatzen duen taldeak edo duten taldeek hala eskatuz gero, bazter utzitako botoak ere Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.


Bestalde eta araudiaren 78. artikuluan jasotzen denaren arabera, agertzea xede duten Ikerketa Batzordearen saioetara sarbidea izango dute komunikabideek, baina batzordeak saio horiek isilpekoak izatea ere erabaki ahalko du, bai deitu diren pertsonek eskatu dutelako bai batzordeko kideek hala proposatu dutelako, eta baldin eta batzordearen xedeak betetzen direla ziurtatzeko edo pertsonek zein ondasun juridikoek ohorerako eskubidea babesteko egiten bada.


Ikerketa Batzordearen gainerako lanak eta saioak isilpekoak izango dira.


Parlamentuko Mahaiak Ikerketa Batzordean egin diren proposamenak, irizpenak, txostenak edo ondorioak eztabaidatzen diren Osoko Bilkuraren saioak isilpekoak izan daitezen erabaki ahalko du, bai batzordeak proposatu duelako bai Mahaiak berak hala erabaki duelako.


Bozeramaileak


Nafarroako Parlamentuak aho batez onetsi du gaur ikerketa batzorde bat sortzea argitzeko gobernuko lehendakari orde eta ekonomiako kontseilariak Foru Komunitateko Ogasunaren jardueran “esku sartzeak” egin dituenetz edo babestutako informazio fiskala jasotzen saiatu denetz.


Lourdes Goicoechearen aurkako akusazio horiek parlamentuan bota zituen iragan asteazkenean Ogasuneko zuzendari ohi Idoia Nievesek, iragan urtarrilean dimisioa aurkeztu zuenak.


"Dagoeneko atera dituzue ondorioak”, aurpegiratu du UPNko bozeramaileak, Carlos García Adanerok, zeinaren hitzetan Ogasuneko zerga-ordaintzaileen konfiantza “funtsezkoa” den eta horregatik bere alderdiak ikerketa batzordearen alde egin duen, eta ez babesten duen gobernuaz fida ez delako.


Hain zuzen, baieztatu du “zurikeria bat” dela eta PSN kritikatu du “nahikoa boto ez dituenean” akusazioak baieztatzen badira eta Yolanda Barcina lehendakariak dimisioa aurkezten ez badu zentsura mozioa aurkezteko asmoa duela esateagatik.


Hortaz, García Adanerok adierazi du “akusazio larri” horien aurrean “ikerketa batzordeak egin beharrekoa egin dezan” nahi duela, baina aurreratu du “UPNrekin amaitzeko erabakia” hartua dagoenez gero, “besteaz alderdi sozialistarekin hitz egiteko beste une bat” egongo dela.


“Berehala argitu” behar diren “susmo arrastoak” dira, esan du bozeramaile sozialista Roberto Jiménezek, oroitarazi duenak akusazioak ez dituela oposizioak egin, UPNren gobernuko konfiantzako kargu batek baizik.


Horren karietara, gaineratu du Goicoecheak bere buruaren onura bilatu badu edo Nafarroako Kutxako pertsona jakin batzuei buruzko informazioa lortzen saiatu bazen “beldurtzeko, xantaia egiteko, jasan ezina eta arbuiatzekoa dena, etikaren ikuspuntutik benetan tamalgarria da”, Nafarroako herritarrek “normaltasunez erantzun behar dute”.


Nafarroako SNrentzat “egoera honek ezin du aurrera egin. Nafarren irudia eta lana larriki kaltetzen ari dira”, hortaz, “oztopo bat” direla esan die eta, jarraian, ikerketa bat hasteko nahikoa arrazoi badaudela esan du eta bere alderdiak 15 eguneko epea ematen duela, “ezin baitugu denbora gehiago eman honetan”.


"Nafarroarekiko eta foruekiko zilegitasun, etika eta errespetu kontu bat da”, amaitu du.


Maiorga Ramírezek (Bildu) une hau “historikoa” dela esan du eta azpimarratu du ziklo politiko hau amaitu dela eta badela garaia “pilatuz joan den zikinkeria guztia garbitzeko, gizarte osoari gela guztiak irekitzeko”.


Xede horrekin, “adostasunen” eta “ustelkeriaren eta irregulartasunen aurkako” irmotasunaren alde egin du, zertarako eta Nafarroa jasaten ari den “salbuespen egoeraren” aurrean “demokrazian herritarrak askatasun osoz mintzatuko diren etorkizun bat eraikitzeko”.


Ikerketa batzordeak zehaztuko du zergatik egin duten “porrot kontuek”, esan du Ramírezek. Gainera, Barcina lehendakariari aurpegiratu dio “eskuin zaharminduena” ordezkatzea. Amaitzeko, zikloa aldatzeko zenbaitek “hauteskunde kalkuluak gainditu” behar dituztela.


Patxi Zabaletaren (Aralar-NaBai) ustez ikerketa batzorde bat sortzea eta PSNk lehenago Nafarroako Kutxarekin lotuta egin ziren antzeko eskaera batzuekin izan zuten jarrera aldatzea “oso berri onak dira”.
Alabaina, Goicoechea lehendakariordea “autoritatea haren onura pribaturako erabili” duenetz erabaki behar duen ikerketa batzordeak lan egiteko duen denbora mugatzearen aurka agertu.


“Nafarroan ustelkeria politikoa endemikoa da”, UPNk eta PSNk izan duten “erregimenaren parte izan da”, azpimarratu du Zabaletak. Halaber, gaineratu du “Nafarroako Kutxa eta ongizatearen estatua eraitsi dituen ustelkeria hau” Ogasunari buruzko salaketa berriak ikusita ikertua izan behar da.


Enrique Martínek (PPN) ikerketa batzordea babesten duela esan du Idoia Nievesek lehendakariordearen aurka egindako akusazio “larrien” aurrean “zilegi, beharrezkoa eta atzeraezina” delako.


Gainera, bozeramaile popularraren ustez, UPNren gobernuak “ez du nahikoa irmotasun eta sineste sendorik izan” “botere-abusutik” hurbil dagoen jarrera “desegokiari” buruz egindako akusazioen aurrean, zeinari “zalantzazko” kudeaketa ekonomiko bat gaineratu behar zaion, “Nafarroa txirotu duten” eta orain ezagutzen diren erabakiengatik, esaterako, enpresei BEZa itzultzea atzeratzea.


"Hau ez dabil ongi eta ez dakigu nahasmen honek zer nolako amaiera izango duen, baina jakin badakigu Nafarroak ez duela gertatzen ari dena merezi”, adierazi du Martínek, zeinak gaineratu duen PPk “Nafarroaren eta bere estatus bereziaren alde” lan egingo duela.


José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) ere zikloaren amaieraz mintzatu da, alabaina, ohartarazi du “egitatezko botereak” eta “muturreko eskuina” dagoeneko mugitzen ari direla “hori ekiditeko”.


Ogasuneko zuzendari ohiak esandakoa “izugarri larri” gisa deskribatu ondoren, Nuinek esan du, edonola ere, haren hitzak ez direla izan krisi politikoa sorrarazi dutenak, izan ere, I-Eren ustez krisi politikoa 2012ko ekainean hasi zen, PSN gobernutik botatzean UPNren gobernua gutxiengoan geratu zenean eta “lubaki antzeko batean ixtea” erabaki zuenean.


"Herritarren garaia da. Maiatzaren 25ean hauteskundeak erabakigarriak izateko garaia da eta guk konfiantza dugu garai berri bati hasiera emango diotela, ezkerretik eta nortasun-anizkotasunetik, krisiaren biktima diren eta ahaztuak dauden horiek alde”.


Manu Aierdik, atxiki gabeko parlamentariak, adierazi du honakoa “une oso berezia” dela Nievesen adierazpenak “erabakigarriak” direlako, gobernuak ez baitie “sinesgarritasunik” kendu Ogasuneko arduradun ohiari.


"Hau amaitu beharra dago, herritarrek bakoitza gure lekuan jarri behar gaituzte”, aipatu du. Aldi berean, Barcina lehendakariari “lehen pausua eman” dezan eskatu dio, zentsura mozioa bat itxoin gabe.