Publicada el Jeudi, 12 de décembre de 2013

Aldaketa fiskalak egiteko bost proposamen aintzat hartzea bazter utzi dute

Bildu-k eta Aralar-Nabaik SICAVetan, sozietateen gaineko zergan eta PFEZn aldaketak egitea proposatu dute; atxiki gabekoek ordea, BEZa aldatzea eta eremu ez euskalduneko ikastolek desgrabatzea

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, aldaketa fiskalak egiteko bost proposamen aintzat hartzea bazter utzi du gaur. Horietatik hiru Bildu-k eta Aralar-Nabaik eta gainerako biak atxiki gabekoek bultzatu dituzte. PPNk ez du BEZari zegokiona bozkatu.

Bildu-k eta Aralar-Nabaik SICAVen pribilegioak bertan behera uztea, Sozietateen gaineko zergaren kenkariak murriztea eta lanaren eta kapitalaren errenten zergak ordaintzeko sistema bikoitza indargabetzea proposatu dute. UPNk, SNk eta PPNk kontra emandako botoak direla-eta I-Ek eta atxiki gabekoek talde horiei eman dieten babesa ez da nahikoa izan.

Bestalde, atxiki gabekoek BEZari buruzko legea aldatzea eskatu dute, hartara, itzultzeko epeak murriztuta finantzazio arazoak leuntzeko, ezarpen berriko enpresentzat bereziki garestiak baitira. UPNk eta SNk aurka bozkatu dute eta PPNk ez du bozkatu.

Haiek egin duten bigarren proposamenaren asmoa eremu ez euskalduneko ikastola itunduetako familiei urtero ordaintzen dituzten kuoten % 30a arintzeko eskubidea aitor zekiekeen zen. Horrek ere ez du aurrera egin.

PFEZri buruzko Foru Legea aldatzeko proposamena aintzat hartzea bazter utzi dute

Eremu ez euskalduneko ikastolen egiturazko defizita dela-eta, familiek urtero ordaintzen dituzten kuoten % 30 kentzeko eskubidea aitortzen zuen

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko (PFEZ) Foru Legearen Testu Bategina aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du gaur.

 

Atxiki gabekoek aurkeztu duten proposamenaren xedea eremu ez euskalduneko ikastola itunduen egiturazko defizita leuntzen laguntzea zen, horretarako, familiek urtero ordaintzen dituzten kuoten % 30 kentzeko eskubidea aitortuta, halako moldez non ikasle bakoitzeko ekarpenak areagotzen eta, hortaz, irakaskuntzako kooperatiba horiek jarraitutasuna izan dezaten lagunduko den.

 

Proposatu duen taldearen ustez, derrigorrezko hezkuntza “funtsezko zerbitzu” bat den aldetik, eta eremu horretan (eremu ez euskalduna) “mantentzea komenigarri den” berezko hizkuntzan “eskaintza publikorik ez dagoen” aldetik, arrazoizkoa da haien kuoten bidez zuzenean laguntzen duten familiak izatea onura fiskalak jasotzen dituztenak.

 

Horretarako, PFEZari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 62. artikuluan 12. idatz-zati berri bat gehitzea proposatzen zen; honakoa zioen:

Artikulu bakarra. Idatz-zati berri bat, 12garrena, gehituko zaio ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 62. artikuluari.

“62.12 artikulua. Kenkaria, eremu ez-euskaldunean euskarazko irakaskuntzako kooperatibei egindako ekarpenak direla eta.

Zerga honetako subjektu pasiboek eskubidea izanen dute % 39eko kenkaria egiteko, bazkide diren aldetik eremu ez-euskalduneko euskarazko irakaskuntzako kooperatibei egindako ekarpenetan eta beren ondorengoen hezkuntzarako horiei ordaindutako zenbatekoetan, jantokirako eta garraiorako zenbatekoak barne.

Arestiko lerrokadan jasotako kenkaria baliatzeko, eremu-ez euskalduneko euskarazko kasuko irakaskuntza-kooperatibaren administrazio-organoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, frogatze aldera ekitaldi ekonomiko horretan zehar ez dutela inolako baliabiderik erabili hezkuntza-proiektu berekiari arrotz zaion ezein puntutan”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 96. zk., 2013-09-09koa)

BEZari buruzko Foru Legea aldatzen duen proposamena aintzat hartzea bazter utzi dute

Itzulketak egiteko epea murriztu nahi zen finantzazio arazoak leuntzeko, bereziki garestiak direnak enpresa berriak ezartzerakoan

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta SNk haren aurka emandako botoekin, PPNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko (BEZ) 19/1992 Foru Legea aldatzen duen lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du gaur.

 

Atxiki gabekoek aurkeztu duten proposamenaren xedea enpresa berrien ezarpena errazagoa bihurtzea zen, horretarako BEZaren saldo negatiboa itzultzeko epea 6 hilabetetik 2 hilabetera murriztuz, baldin eta legez ezarritako autolikidazioak aurkezteko egunean ez bada oraindik urtebete igaro subjektu pasiboak alta hartu zuenetik Ogasunean gaitutako erregistroan.

 

Legeria indardunarekin bat, enpresak abenduaren 31ko aitorpena egin arte itxaron beharko du –aitorpena urtarrilaren amaieran egin ohi da- egon litekeen BEZaren saldo negatiboa itzul dakion eskatu ahal izateko, eta hortik aurrera sei hilabetez itxaron beharko du kobratzeko.

 

Horregatik “funtsezkoa” deritzote “itzulketa horiek azkartzea” ahalbidetuko duen kasu berezi bat jasotzea, hartara bazkideen finantzaketa-arazoak murriztu daitezen, bereziki garestiak direnak negozio berri bat ezarri nahi denean”.

 

Horretarako, BEZari buruzko 19/1962 Foru Legearen 61. artikuluari lehenengo eta hirugarren idatz-zatian lerrokada bana gehitzen zen; honakoa ziotenak.

1. idatz-zatia. 1. idatz-zatiaren beste lerrokada bat gehitu zaio amaieran. Hona testua:

“Baldin eta legez ezarritako autolikidazioak aurkezteko egunean ez bada oraindik urtebete igaro subjektu pasiboak alta hartu zuenetik Ogasunean gaitutako erregistroan, aipatutako autolikidazioetako edozeinetan egin ahalko da arestiko lerrokadan aipatutako itzulketa-eskabidea, ekitaldiaren amaierari dagokionaren zain egon gabe”.

2. idatz-zatia. 3. idatz-zatiaren lehen lerrokadaren ostean bigarren lerrokada bat gehituko da. Hona testua:

“Artikulu honetako lehen idatz-zatiaren bigarren lerrokadan ezarritako kasuan, bi hilabetera murriztuko da aurreko lerrokadan jasotzen den 6 hilabeteko epea”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 96. zk., 2013-09-09koa)

SICAVen pribilegio fiskalak indargabetzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi dute


Zerga ekitatea lortze aldera, zerga-tasa indarduna eta kapitala eratzeko eta handitzeko operazioetarako jasotzen den salbuespena indargabetzea aurreikusten zen

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka emandako botoekin, SICAV-kapital aldakorreko inbertsio-sozietateen pribilegio fiskalak indargabetzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du gaur.

 

Bildu-k eta Aralar-Nabaik aurkeztu duten proposamenaren xedea “zerga egitura ekitateko parametroetara egokitzea” zen, SICAVek “zergak saihestea ahalbidetzen” duten bi bideak indargabetuta. Horretarako, indarrean dagoen % 1eko zerga-tasa indargabetzea proposatzen zen. Gainera, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan aipatu SICAV horietako kapitala eratzeko eta handitzeko operazioetarako jasotzen den salbuespena indargabetzea jasotzen zen.

 

SICAVen pribilegio fiskalak indargabetzeari buruzko lege proposamenaren artikulu bakarrak honakoa zioen:

Artikulu bakarra

“1. Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Xedapenen Testu Bateginaren 35.I.B) 25.1 artikulua indargabetzen da, 2013ko urtarrilaren 1eko ondorioekin. Testu bategina apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen”.

Artikulu horrek honela dio:

“Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legean arauturiko kapital aldakorreko inbertsio-sozietateak eratzeko eta haien kapitala handitzeko eragiketak eta entitate horiei egindako ekarpenak –diru bidezkoak ez direnak- ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga hau sozietate-eragiketen modalitatean ordaintzetik salbuetsita egonen dira”.

“2. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 50. artikuluko 5. idatz-zatiko a) letra indargabetzen da, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin”.

Atal horrek honela dio:

“Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 legeak arautzen dituen kapital aldakorreko inbertsioko sozietateak 100eko 1eko tasa ordainduko dute, baldin eta eskatzen den akziodun kopurua gutxienez lege horren 9. artikuluaren laugarren atalean aurreikusten dena bada”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Proposamenaren argitalpena (NPAO, 132. zk., 2013-11-15ekoa)

Sozietateen gaineko zergari buruzko Foru Legea aldatzeko proposamena aintzat hartzea bazter utzi dute

 

Diru-bilketa gaitasuna handitu nahi zen, zerga-oinarriaren gaineko murrizteak mugatuta eta pizgarriak direla-eta kenkari orokorrak % 25era mugatuta

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, Sozietateen gaineko zergari buruzko Foru Legea aldatzeko lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du gaur.

 

Bildu-k eta Aralar-Nabaik aurkeztu duten proposamenaren xedea Sozietateen gaineko Zergaren bidezko diru-bilketa handitzea zen, izan ere, haien ustez hura murriztu egin da “hobari, kenkari eta arintzeen mordoiloa dela-eta” “ez haien zerga-oinarria murriztegatik”.

 

Enpresek “zerga-tasa nominaletik beren etekina ateratzea eta arauak ezartzen duen zerga-tasatik oso urrun dagoen zerga-tasa erreal bat sortzea” saiheste aldera, zerga horren diru-bilketa gaitasunarekin lotutako bi neurri proposatzen ziren.

 

Batetik, 15 urtetik 5era murriztu nahi zen subjektu pasiboek aurreko zergaldietako likidazio-oinarri negatiboen murrizketak aplikatu ahal izateko duten epea.

 

Bestetik, kenkarien % 25eko muga orokor bat ezartzea aurreikusten zen, pizgarriak direla-eta kuota likidoaren gainean aplikatzen ahal direnak, era horretan “arauak ezartzen duen zerga-tasa nominalera hurbilarazi” nahi zen “zerga tasa erreala”.

 

Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzeko lege proposamenaren artikulu bakarrak honela zioen:

Artikulu bakarra

Bat. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 40. artikulua aldatzen da, 2013ko urtarrilaren 1etik aitzinako ondorioekin. Hona testu berria:

40. artikulua. Likidazio-oinarri negatiboak murriztea.

1. Likidazio-oinarri positiboa murriztu ahalko da, justu aurreko hiru urteetan amaitu ziren zergaldietako likidazio oinarri negatiboen bidez. Aurretik bidezkoa den likidazioa edo autolikidazioa beharko dute likidazio oinarri negatibo horiek”.

Bi. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 72.3. artikulua aldatzen da, 2013ko urtarrilaren 1eko ondorioekin. Hona testu berria:

72. Artikulua. Kapitulu honetan aurreikusitako kenkariei buruzko arau komunak.

(...) 3. Kapitulu honetan aurreikusitako kenkariek ezin izanen dute denen artea gainditu kuota likidoaren 100eko 25, zeina heldu baita hobarietan eta kenkarietan kuota osoa minoratzetik, zergapetze bikoitza –barnekoa eta nazioartekoa- ekiditeko”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Proposamenaren argitalpena (NPAO, 132. zk., 2013-11-15ekoa)

Neurri fiskalei eta lan-errenten eta kapital-errenten zergapetze-sistema bikoitza kentzeari buruzko foru lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi dute

Gehikortasun eta birbanaketa printzipioak ziurtatu nahi ziren, kapitalaren errentei aplikatu dakiekeen tipoen murrizketa handia saihestuta

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, PFEZari buruzko foru legea aldatzeko lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du gaur.

 

Bildu-k eta Aralar-Nabaik aurkeztu duten proposamenaren xedea laneko nahiz kapitaleko errentei dagokienez 18/2006 Foru Legean jaso zen zergapetze sistema bikoitza kentzea zen, azken horiek integratzeko sistema aldatuz, kapitaleko errentek ordaindu beharreko zerga-tasan “jaitsiera handirik” gerta ez dadin.

 

Horretarako, 28. artikuluko kapital higiezinen errendimenduak, entitateen beraien funtsen parte-hartzeetatik eratorritakoak, eta 29. artikulukoenak (biak ala biak % 20ko, 24ko edo 27ko karga izango dute), hirugarrenei besterendutako kapital propioetatik eratorritakoak, 59. artikuluan xedatzen den tarifa kitagarri orokorra aplikatuta tributatuko zuketen. Aldiz, urtebete lehenago jasotako ondasun edo eskubideak eskualdatzean adierazten diren ondare gehikuntzek beste modu batean tributatuko zuketen, ez gainerako errenten gisara.

 

Beste aldaketa batek etxebizitza erosi edo berritzeagatiko diru-laguntzak jasotzen zituen, asmoa tarifa orokorra aplikatuta tributatu zezatela zen.

 

Bestalde, urtebete lehenago eskualdatutako ondasun edo jasotako eskubideetatik eratorritako ondare gehikuntzek tipo baxuago bat ordaintzea proposatzen zen, alegia, % 30 gehienez ere, % 20 baldin eta berrinbertsioa dokumentuen bidez justifikatzen bazen hiru hilabeteko epean.

Aldaketa guzti horiek gauzatzeko eta aberastasunaren “ekitate, gehikortasun eta birbanaketa” printzipioak ziurtatze aldera, lege proposamenak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko (PFEZ) Foru Legearen Testu Bateginaren 53. artikulua (zerga-oinarri zati orokorra), 54.a (aurreztutakoaren zati berezia) 57.a (aurreztutakoaren zerga-oinarri berezia) eta 60.a (aurreztutakoaren zerga-oinarri bereziaren karga) aldatzen zituen, 2013ko zergaldiko eperako ondorioekin.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Proposamenaren argitalpena (NPAO, 132. zk., 2013-11-15ekoa)