Publicada el Vendredi, 20 de septembre de 2013

Espainiako Gobernua haurdunaldiaren borondatezko etendurari buruzko legea ez dezan era murriztailean alda premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Abortuaren erabateko despenalizazioa eta prestazio hori sare publikoan egin dadin eskatzen da; administrazio-egoera irregularrean dauden etorkin emakumeentzat ere bai

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “ez diezaien eraso egin emakumeen oinarrizko eskubideei eta, beraz, ez dezan era murriztailean alda egungo Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko 2/2010 Lege Organikoa”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, gobernu zentrala premiatzen den “bere gain har ditzan emakume elkarteen aldarrikapen historikoak eta zabal ditzan indarrean dagoen testuan aitorturiko eskubideak”.

Bere gain hartze hori, xedatzen denez, gauzatu dadin beharrezkoa da aitortzea “borondatezko abortuaren erabateko despenalizazioa; emakumeek, gazteek barne, beren amatasunari eta bizitzari buruzko erabakiak hartzeko duten gaitasun erabatekoa ziurtatzea; eta administrazio-egoera irregularrean dauden emakume etorkinei osasun arloko prestazio osoa ziurtatzea, bai eta haurdunaldia nahita eteteko ere”.

Kontuan hartzeko mugimendu feministaren aldarrikapenen artean aipatzen dira, besteak beste, “sexu- eta ugalketa-eskubideak jasotzea medikuntzako, erizaintzako eta arlo soziosanitarioko bestelako ikasketetan eta prestakuntza-ekintzak garatzea, genero ikuspegitik haurdunaldiaren borondatezko etendurak, bai kirurgikoak bai farmakologikoak, egiteko gaikuntza ematekoak, profesionalek halakoak egiteko behar duten prestakuntza integrala ziurtatze aldera”.

Horrez gain, eskatzen da “protokolo komun bat prestatzea Osasun Sistema Nazional osorako, haurdunaldiaren borondatezko etenduraren prestazioa egiazki ziurtatuko duena osasun sare publikoan, lurralde ekitatea, prestazioa eskuratzeko berdintasuna eta gertutasuna zainduta lurralde guztietan”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Espainiako Gobernua premiatzen da “konpromisoa har dezan, berezkoak dituen eskumenen esparruan, haurdunaldiaren borondatezko etendura Nafarroako osasun sare publiko osoan egin ahal izatea ziurtatze aldera”.

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenak emakumeek beren amatasunaren gainean erabakitzeko duten eskubidea defendatzen du, “oinarrizko eskubide” bat izateagatik eta, hortaz, ezin baitateke izan “erlijio- eta gizarte-estamentu atzerakoienekiko trukerako gaia”.

Ildo horretan, proposatu duen taldea justizia ministroari zuzentzen zaio eta ohartarazten dio ezen emakumeek ez dutela “izaki heldugabe eta babesgabetzat hartzen dituzten lege protekzionisten beharrik”. Gainera, errepikatzen dute haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea dutela, “interferentziarik gabe, baldintzarik gabe, gainbegiratzerik edo zigorrik gabe”.

Azkenik, 2010ean haurdunaldiaren borondatezko etendurari buruzko legean egindako erreformak oraindik ere dituen “muga anitzak” oroitarazten dira, “despenalizazio partzial bat egin zenetik 25 urte igaro direnean”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 67. zk., 2013-06-17koa)