Publicada el Jeudi, 19 de septembre de 2013

Nafarroako Gobernua urgentziazko protokolo bat presta dezan haurren pobrezia prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Ohartarazten da "doitze- eta murrizketa-politikek" haurren pobrezia-tasan ere ondorio larriak izateaz gain, lurralde industrializatuetako handienetakoa dela

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “jarduketa-protokolo bat presta dezan lehenbailehen, oinarrizko gizarte zerbitzuekin, mankomunitateekin, ikastetxeekin eta gizarte entitateekin koordinatuta, haurren eta nerabeen ongizatea ziurtatzera zuzendua”.

Xedatzen denez, protokolo horrek ziurtatuko du “adingabe batek ere ez duela elikatzeko arazorik izanen. Horretarako, jantoki-bekak mantendu eta indartuko dira, eta beharrezkoa den elikagai-hornidura ziurtatuko da, oinarrizko gizarte zerbitzuek egiten duten jarraipenari loturik eta gizarte entitateekiko koordinazio estuan”.

Gainera, “bidea emanen da zailtasun ekonomikoak dituzten familietako adingabeek udan (eskola jarduerarik ez baitago) parte hartu ahal izan dezaten kirol-, jolas- eta kultura-eremuetako jardueretan, lagungarriak baitira bizikidetzarako eta elkarreraginerako, garai goiztiarretan bazterketa ahal den neurrian saihestuz”.

Era berean, aurreikusten da “hezkuntza programak indartzea, bereziki eskola uzte goiztiarraren aurka borrokatzera zuzendutako guztiak eta prebentzio neurriak ezartzea Lehen Hezkuntzatik hasita”.

Halaber, eskatzen da “gizarte zerbitzuak indartzea, erantzun arinagoa eman diezaieten gure gizartean areagotzen ari diren beharrizanei”.

Azkenik, protokoloak “Gizarteratze Planaren abiarazpena azkartuko du, Parlamentuak bazterkeriari buruz eskatutako diagnosiari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko beharrizanen mapa osatu eta neurri berariazkoak, urgenteak eta azkarrak ezartze aldera”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenak azaltzen du ezen geroz eta familia gehiago direla “oinarrizko beharrizanei” aurre egiteko zailtasun gero eta handiagoak dituztenak. Egoera horrek haurren pobrezia-tasa “lurralde industrializatuetako handienetako bat” izatea eragiten du (2010ean % 20).

Proposatu duen taldearen ustez, langabeziagatiko prestazioak amaitzen ari zaizkienek eta lan merkatuan berriz ere sartzeko aukerarik ikusten ez dutenek osatzen duten talde hori da, hain zuzen, sektore ahulena; zeina, halaber, “doitze- eta murrizketa-politikak” direla-eta, “nabarmen hazi den” eta ehundura sozialean “eragin sakona” duen.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 50. zk., 2013-05-13koa)