Publicada el Vendredi, 14 de juin de 2013

Nafarroako Gobernua 2013ko aurrekontuetan 'Emakumeen elkarteentzako transferentziak' izeneko kontusaila manten dezan eta 150.000 eurorekin horni dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Berdintasunarekin lotutako jardueretan eman den % 64ko murrizketa gaitzesten da, "arrazoirik gabeko murrizketa basatia izateagatik eta egiazko berdintasuneranzko aurrerabidea arriskuan jartzeagatik"

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNren eta PPNren abstentzioekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “2013ko aurrekontuetan manten dezan Emakumeen elkarteentzako transferentziak izeneko kontusaila eta 150.000 eurorekin horni dezan, Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Legea betetze aldera; izan ere, foru lege horren arabera, Nafarroako Gobernuak eta bere menpeko erakunde eta entitateek konpromisoa dute elkartegintza generoko berdintasunaren mesedetan sustatzeko eta alor horretan lan egiten duten elkarteei laguntza ekonomikoa emateko”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du, ekimenaren titularrek in voce aurkeztutako zuzenketa baten bidez gehitu dena. Honakoan Gobernuak “diru-laguntza deialdia onesteko konpromisoa ahalik eta azkarren” hartzea eskatzen zen.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai, Izquierda-Ezkerra eta atxiki gabeko parlamentariek bultzatu duten ebazpenak baieztatzen du 2013rako Nafarroako Gobernuaren aurrekontuek “emakumeak egitez ez-egitez baztertzen dituzte”, izan ere, “% 64ko murrizketa agertzen dute berdintasunarekin loturiko jarduketetan (batez bestekoa baino askoz handiagoa), eta % 100ekoa emakumeen elkarteentzako eta berdintasun programak gauzatzen dituzten bestelako entitateentzako diru-laguntzetan”.

Proposatu dutenen hitzetan, “arrazoirik gabeko murrizketa basati” horrek arriskuan jartzen du emakumeen elkarteek eta elkarte feministek historikoki egin duten lana, eta, halaber, arriskuan jartzen du egiazko berdintasuneranzko aurrerabidea”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 50. zk., 2013-05-13koa)