Publicada el Jeudi, 9 de mai de 2013

Ebazpen bat onetsi dute zeinaren bidez Parlamentuak aitortu eta eskertzen duen euskara zerbitzuek eta euskara teknikariek euskararen normalizazioaren arloan eginiko lana

1997tik indarrean zegoen elkarlanerako hitzarmena bertan behera geratzeagatik, aipatu zerbitzuen oreka ziurtatzeko beharrezkoa den esleipena eskatzen dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak “aitortu eta eskertzen duen euskara zerbitzuek eta euskara teknikariek euskararen normalizazioaren arloan eginiko lana”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “1998ko hitzarmena bertan behera geratuta ere, Nafar Gobernuaren eta tokiko entitateen artean euskararen normalizazioaren eremuan lankidetza bermatuko duen formula juridikoren bat bideratzera”.

Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “tokiko entitateei euskararen normalizaziorako ematen dien baliabideen eta Euskara Zerbitzuen zein euskara teknikarien egonkortasuna bermatuko duen diru-esleipen nahikoa eskaintzera”.

Mozioak azken idatz-zati bat zuen, UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta SNren abstentzioarekin bazter geratu dena, zertarako eta Nafarroako Gobernua premiatzeko “Euskara Zerbitzua edo eta euskara teknikaria duten tokiko entitateen egiten duten ahalegina aintzat hartuz eta lehenetsiz, berauentzako finantzazio-lerro berezitua ahalbidetzera”. Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek emandako babesa ez da nahikoa izan.

Zioen azalpenean, Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek bultzatutako ebazpenak ohartarazten du ezen toki entitateek eta Nafarroako Gobernuak 1997an euskara “mantentze eta sustatze” aldera sinatu zuten elkarlan hitzarmena bertan behera geratzeak eragindako “ondorioen” inguruan eta, horren karietara, oroitarazten du gobernuak hizkuntza politikaren arloan “erantzukizun” oso handia duela.

Horregatik, aipatu dekretuak “zalantzak” sortu dituen arren, betearazte maila “gorabeheratsua” izan duena eta aurrekontu esleipena “gainbeheran” joan arren
(727.344 euro 2001ean, 160.000 2012an), euskara zerbitzuak eta euskara teknikariak dauden “arrisku egoeratik” ateratzeko gai izango den konponbide bat eskatzen da.

Ildo horretan, proposatu dutenek deritzote azkeneko deialdia, 100.000 eurokoa, ez datorrela bat egoera beharrezko dituen “elkarlan” parametroekin, ez eta Euskara Zerbitzua edota Euskara Teknikaria duten udalen eta mankomunitateen kasuan ere, izan ere, ez dute “lerro bereziturik” eta, ondorioz, haien arteko “lehiakortasun” askera bideratuta daude.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 18. zk., 2013-02-18koa)