Publicada el Jeudi, 25 de avril de 2013

Ebazpen bat onetsi dute, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den handitu dezan enplegurako, hezkuntzarako, prestakuntzarako, mugikortasunerako, gazteriarako eta gizarteratzerako finantzaketa

EBk 2014-20 urteetarako duen aurrekontua krisialditik eta austeritatearen fundamentalismo faltsutik atera eta berriz hazi, enplegua sortzeko beharrezkoa den politika ekonomikoarekin lotzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta PPNren abstentzioarekin, ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “enplegu, hezkuntza, prestakuntza, mugikortasun, gazteria eta gizarteratzerako finantzaketa handi dezan, 2007-2013 aldiarekin konparatuta. Europako gazteen gizarteratzea lehentasunez sartu behar da EBren aurrekontuaren kargura finantzatutako politika guztietan”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, gobernu zentrala premiatzen den “Europa 2020 Estrategiaren esparruan baliabide-bolumen handiagoa eslei dezan epe luzeko hezkuntzarako eta prestakuntzarako, bereziki gazteen langabeziaren eta iraupen luzekoaren aurka borrokatzeko. Europar Batzordeak gazteriarekin lotutako tresnak proposatu ditu; esaterako, Gazteentzako Bermea. Gazteentzako Bermeak Europako programa bat izan behar du, kalitatezkoa, gutxieneko gizarte-eskubide batzuekikoa, kofinantzatua eta prestakuntza nahiz gizarteratzea uztartuko dituena, estatu kideek ere sustatua. Hortaz, Espainiako Gobernua premiatzen da babesa eman diezaion eta gure herrian ere abian jar dezan”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, premiatzen da “Europako Gizarte Funtsari kohesio-politikaren finantzaketa osoaren % 25 eslei diezaion, enplegagarritasuna eta inbertsio soziala sustatzeko. Europako Gizarte Funtsaren % 20 gorde beharko litzateke gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka sustatzeko”.

Halaber, premiatzen da “ziurta dezan Europako Globalizazio Funtsa indarrean mantentzen dela eta gaurkotu egiten dela, langile-kategoria guztiei lan-merkatuan berriro sartzen laguntzeko eta trebetasun berriak lortzen laguntzeko tresna gisa”. Eta “konponbide egoki bat aurki dezan, egoera ahuleko pertsonei laguntzeko programa mantentze aldera”.

Gainera, eskatzen da “ikerkuntzaren eta berrikuntzaren, enpresa txiki eta ertainen eta lehiakortasunaren aldeko finantzaketa handi dezan, 2007-2013 urte anitzeko finantza-esparruarekin konparatuta. Europar Batasunean berrikuntzara eta ikerkuntzara bideratutako politikak finantzatzeko ahalegina perspektiba finantzario berrietan mantentzea funtsezkoa da 2020 Estrategiak arrakasta izan dezan. Hartara, etorkizuneko VIII. Programa Esparruan eta, bereziki, Lehiakortasun eta Berrikuntza Programan enpresa txiki eta ertainentzako lerroak bultzatu beharra dago batez ere”.

Perspektiba Finantzarioen barruan, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “tresna berezi bat ezar dezan enpresa txiki eta ertainetarako, haien lehiakortasuna sustatzeko eta Europar Batasunak enpresa txikien alde duen estrategia babesteko”.

Europar Batasunaren esparruan, eskatzen da “defenda dezan Europar Batasunaren aurrekontuaren barruan elementu batzuk ezarri behar direla, kontuan hartzeko estatuek ‘arrakala teknologikoa’ deitutakoa ixteko egin duten ahalegina”.

Era berean, eskatzen da “’Connecting Europe’ Tresnaren proposamena babestu dezan, garraioaren, energiaren eta telekomunikazioen arloetan identifikatutako azpiegituren lehentasunezko proiektuak gauzatzeko finantziazio handiagoa ziurtatze aldera. Kohesio Funtsetik ‘Connecting Europe’ Tresnara egiteko proposatu den transferentzia soilik eginen da Kohesio Funtsetik dirua hartzen duten herrialdeen kasuan eta haien garraio-azpiegituren alde, estatu kide horien ahalmen administratiboa hobetzearen ildotik”.

Azkenik, eskatzen da “EBren aurrekontuaren osotasunean, ingurumenaren, klima aldaketaren eta biodibertsitatearen arloko funtsezko neurriak direla-eta Batzordeak egiten duen proposamena babes dezan, karbono gutxi erabiltzen duen ekonomia jasangarri baten aldeko inbertsioak mobilizatzeko. Babes egokia eman beharra dago Europa 2020ko helburuak eta Europar Batasunak klima, energia, baliabideen efizientzia eta biodibertsitatea direla-eta dauzkan helburuak erdiesteko. Halaber, muturreko babes-neurriak ezarri beharko dira, ingurumenaren ikuspuntutik kaltegarriak eta inkoherenteak diren inbertsioak saihesteko”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarrak bultzatutako ebazpenaren arabera, Europar Batasunak 2014-20 urteetarako izango duen aurrekontuari buruzko eztabaida “ezin da askatu Europa 2020 Estrategiaren xedeak lortzeko behar duen politika ekonomiko egokiari buruzko eztabaidatik: krisialditik eta austeritatearen fundamentalismo faltsutik ateratzea eta berriz hazi, enplegua sortu eta Europa 2020 Estrategiaren helburuak lortzea”.

Proposatu duen taldearen ustetan, krisi ekonomikoaren ondorioek orain ere “gure gizartearen oinarrizko egiturak suntsitzen ari da”. “Egiaztapen” horrek lan egiterakoan estutzen du, hain zuzen, lan egiterakoan Perspektiba Finantzario berri hauek lagungarri gerta daitezen “Europako gobernantza ekonomikoa indartzeko hazkunde adimentsu, jasangarri eta integratzailean oinarrituta”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 13. zk., 2013-02-04koa)