Nafarroan Merkataritza arautzen duen 17/2001 Foru Legea aldatzea onetsi dute
UPNk, SNk eta PPNk Nabai-ren ekimenari egindako zuzenketen ondoren, 4tik 10era handitzen dira igande eta jaiegun baliodunak eta merkealdiak eta merkataritza-jarduera arautzen dira
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, Nafarroan Merkataritza arautzen duen 17/2001 Foru Legea aldatzen duen Legea onetsi du gaur.
Batzordean UPNk, SNk eta PPNk egindako zuzenketen ondoren, Legearen xedea da lautik hamarrera handitzea igande eta jaiegunetan irekitzeko egun baliodunen gehieneko kopurua, bai eta merkealdi eta lanegunetako merkataritza-jarduerari dagokionez alderdi berriak ezartzea ere. Hori guztia, UPNk, SNk eta PPNk adostutako eta Bildu-k eta Aralar-Nabaik bazter utzitako lau in voce zuzenketaren ondorioz.
Hitzartutako testu berriari jarraiki, merkataritzaren alorrean eskumena duen departamentuak hurrengo urterako igande eta jaiegun baliodunen egutegia ezarriko du urtean urteko azaroaren 1a baino lehen; beti ere Nafarroako Merkataritzaren Kontseilua (Nafarroan Txikizkako Merkataritzaren Behatoki Aholku-emailearen izen berria) entzun ondoren.
Ezarritako irizpideen arabera, hilabeteko jaiegun baliodunen kopurua jaiegun batera mugatzen da (abenduan gehienez ere bi) eta urtean irekitzeko aukera dagoen igandeak bira murrizten dira, inola ere ez ondoz ondo. Irekitzeko eta ixteko ordutegia, zeina gehienez ere hamabost ordukoa izanen baita, merkatari bakoitzak libreki hautatuko du, betiere lan-araubidean langileei aitorturiko eskubideak ezertan kaltetu gabe.
Egutegia departamentuaren foru agindu baten bidez aldatu ahal izanen da, interesdunak diren udalek beren udal dermioetarako, bi hilabeteko aurrerapenarekin, eskari arrazoitu bat aurkeztuta.
Lanegunetako ordutegiari dagokionez, gehienez ere hamabost orduko merkataritza-jarduera ezartzen da, eta, ezingo da astean 90 ordu baino gehiagokoa izan. Era berean, irekitzeko eta ixteko ordutegia merkatari bakoitzak ezarriko du libreki, betiere lan-araubidea errespetatuz.
Halaber, Legeak merkealdietako salmenta arautzen du. Horrela bada, urtean bi denboraldi ezartzen ditu; bata urte hasieran eta bestea udan; merkealdi horiek gutxienez astebete eta gehienez bi hilabete iraunen dute. Denboraldi bakoitzaren hasierako eta amaierako datak foru aginduz finkatuko ditu Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak. Alabaina, merkatari bakoitzak foru aginduko irizpideei jarraikiz hautatzen dituen merkealdi egunak saltoki bakoitzaren kanpoaldean adierazi beharko dira, saltokia itxita dagoenean ere jendeak ikusteko moduan.
Aralar-Nabaik bultzatutako Lege proposamena iragan abenduaren 20an aintzat hartu zen osoko bilkuran, jaiegunetan irekitzeari dagokionean Nafarroako merkataritza arautzen duen 17/2001 Foru Legea aldatzen zuen azaroaren 21eko 1/2012 Foru Lege-Dekretua indargabetu ondoren. UPN eta PPN izan ziren hura baliozkotzearen alde bozkatu zuten bakarrak.
Foru Lege-Dekretuaren xedea zen saltokiek igande eta jaiegunetan irekitzeko egunak hamarrera mugatzea, alegia, estatuko araudi berriak exijitutako gutxiengora, Nafarroan Txikizkako Merkataritzaren Behatoki Aholku-emaileak proposatu bezala, zeinak “berehala” onestea eskatu zuen, hartara egutegi berriak eguberrietako kanpainara egokitzeko.
Foru Lege-Dekretua Nafarroak Merkataritza arautzen duen Foru Legea Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko Errege Lege Dekretu bidez, uztailaren 13an onetsi zena, araudian egindako berrikuntzetara “egokitzeko” duen “betebeharrari” erantzuten zion.
Arau horrek hamaseitan ezarri zuen igande eta jaiegunetan irekitzeko kopurua. Halaber, xedatzen zuen autonomia erkidegoek “mugarik gabe handitu edo txikitu dezaketela, inola ere hamarretik behera”.
Nabai-k aurkeztutako Foru Lege proposamenaren helburua zen Nafarroaren eskumenak erabiltzea, hartara, “Estatuak jaiegunetan libreki irekitzea onetsi ondoren, merkataritzaren mahaiaren esparruan lortutako akordioari eusteko, alegia, urtean lau jaiegun baino gehiagotan ez irekitzeko”.
Proposatu zuen taldeak gure komunitateko komertzio txikia igarotzen ari den “egoera zaila” azpimarratzen zuen, izan ere, “urte asko daramatzate pairatzen saltoki handiak garatzearen ondorioak eta merkataritza-jarduera hiriguneetatik urruntzea”.
Ildo horretan, esaten zenez, ordutegi horien liberalizazioak “zailtasun gehigarri” bat dakarkie berriz ere komertzio txikiei, familienak edo langile gutxikoak izateagatik ordutegien arloan saltoki handiekin “lehiatzerik ez dutenei”.
Halaber, ordutegi horiek sektoreko langileei dakarzkien ondorio negatiboak azpimarratzen ziren, “familia eta lana bateragarri egiteari” dagokionez.
· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 93. zk., 2012-11-12koa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 22. zk., 2013-02-26koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 34. zk., 2013-03-27koa)