Publicada el Jeudi, 11 de avril de 2013

Iruzur fiskalaren aurkako neurriei buruzko Foru Legea onetsi dute

Osoko Bilkurak ziurtasun eta eraginkortasun ezarekin lotutako arrazoiak ematen ditu likidatutako tributu-zorrak emateko eskatzeko epea 4 urtetik 10era hedatzea atzera botatzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur iruzur fiskalaren aurkako neurriei buruzko Foru Legea.

Gobernuak bultzatutako Lege proiektua “atzerrian ondasunak ezkutatzearen aurkako borrokari eta Ogasunari ordaintzearen ardura hedatzeari” dagokio.

Horretarako, tributu zorrak ordaintzeko bermeak indartzen ditu, oinordetza prozesuetan, hartzekodunen konkurtsoetan edo enpresen kitapenetan ez ordaintzeak saihestuko dituzten neurri berrien bidez. Gainera, Nafarroako pertsona fisiko eta juridikoek atzerrian dituzten ondasun (higigarri eta higiezinak) eta eskubideak aitortzeko beharra finkatzen du, horretarako, gutxienez 10.000 euroko zigorra izango duen zehapen-araubide berezi bat ezarriz.

Hori guztia, diru publiko gehiago biltzea ahalbidetzeko eta, horrenbestez, 2012ko lehenengo zortzi hilabetetan kontzeptu horrekin berarekin araupetutako 115,8 milioiak gainditzeko xedearekin.

Batzordean egindako (60 zuzenketa baino gehiago) eta Osoko Bilkuran luzatutako eztabaidaren ondorio (11 in voce zuzenketa), Legeak sartu eta indartzen ditu iruzur egiten duen ororen “lege-erantzukizuna ageriratu eta larriagotzera” bideratutako tributu-neurriak, bai zigorrak areagotuz, bai betebehar berriak ezarriz, bai aginduen epeak luzatuz.

Ildo horretan, hainbat agindu kokatzen dira; besteak beste, erantzule solidarioei ordaintzeko betebeharra exijitzeko epea hamar urtean ezartzea. Era berean, bikoiztu egiten da (bi urtetik laura) oraindik ere deseginda edo likidatuta egonda, bete gabeko tributu-betebeharrak dituzten sozietate eta entitateen ondare-hustuketa lortzeko epea.

Eztabaidan eta UPNk, SNk eta atxiki gabekoek sinatutako in voce zuzenketa baten bidez, likidatutako tributu-zorrak ordaintzea eskatzeko epea lautik hamar urtera hedatzea baliogabetu da. Alderdi hori Batzordean onetsi zen.

PPNk babestu duen eta Bildu, Aralar-Nabai eta I-Ek bozkatu ez duten zuzenketaren alde egin dutenek irizten dute ezen hamar urteko epea “erraldoia” dela eta “enpresei ziurtasun falta eta administrazioan eraginkortasun galera eragin lezakeela”, hori dela-eta, lau urteko epea mantentzeari egoki deritzote.

Tributu-zigorrak gauzatzea bertan behera uzteari dagokionez, UPNk, SNk, Aralar-Nabaik eta atxiki gabekoek aurkeztutako in voce batek etenaldi hori betetzeko “berme nahikoa emateko” exijentzia gehitzen du; era horretan, irizpenean jasotzen den idatzia zuzenduz. Bat ez etortze bakarra Bildu-rena izan da, ez baitu bozkatu.

Zorra kobratzea bermatzeko aurreikusitako erresalbuzko xedapenen artean, jasotzen da berau handitzea “interes, emendatze eta gauzatze gastuekin”. Gainera, “erresistentzia, zurikeria, ukatze eta oztopatze” kasuetan zigorrak gogortzen dira, eta, arau hauste sinpleentzat 20 eta 40 punturen arteko emendatzea aurreikusten da, larrientzat 60.

Bestalde, tributu hauste larriengatiko isunak murriztea bere horretan utzi da, hau da, % 40a arduradunak adostasuna adierazten badu (zenbatekoarekiko eta zigorrarekiko), eta, beraz, Batzordean % 30era murrizteko erakutsitako nahia bertan behera geratu da. UPNk, SNk eta atxiki gabekoek sinatutako in voce-an adierazten da eraginkorragoa dela beherapena %40an mantentzea, Estatuan agintzen den % 30aren aurrean. Estatuan beherapena izateko aski da zigorra onartzea, horregatik helegitea edo erreklamazioa jartzeko aukera galdu gabe; Nafarroan, baina, ez da horrela gertatzen. Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek ez dute bozkatu.

UPNk,SNk eta atxiki gabekoek hala eskatuta egindako beste aldaketa batek 2013ko urtarrilaren 1ean finkatzen du sozietateen gaineko zergatik gastu kengarriak aplikatzeko data, lan- edo merkataritza-harreman bat desagertzeari dagokionean, betiere hartzaileko milioi bat euro baino gehiagokoak ez badira. Bildu-k ez du bozkatu.

Lau urteko estrategia eta Ogasuneko teknikariak

Iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren norainokoa aztertzeko ikerlanari dagokionean, zeina 21/2012 Foru Legearen 6. xedapen gehigarrian aurreikusten den, Nafarroako Gobernua behartzen da iruzur fiskalari aurre egiteko lau urteko estrategia bat burutzera oinarri horren gainean. Plan hori urtero berrituko da eta Parlamentuan aurkeztu beharko da hiru hilabeteko epean. Gainera, planean xedeak, giza baliabideak, baliabide ekonomiko eta materialak eta ezkutuko ekonomiaren aurkako neurri zehatzak zehaztu beharko dira, bai eta jarraipenerako eta ebaluaziorako programa bana ere; horien emaitzak ere Parlamentuari helarazi beharko zaizkio.

Eremu horretan kokatzen da hiru hilabeteko epean azken kontsumitzaileei bideratutako jarduerak dituzten eta “aitortutako erosketen gaineko tarte jakin batetik beherako diru-sarrerak aitortzen dituzten” enpresaburu, profesional eta merkataritza-sozietateak egiaztatzeko Programa Orokorra ezartzeko agindua.

Bestalde, Legeak 2013an lan-eskaintza publikoa deitzea aurreikusten du, zertarako eta ogasun teknikarien lanpostuak % 20 handitzeko. Halaber, Gobernua ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile lanpostu berriak bihurtzeko (eta hornitzeko) beharrezko neurriak hartzera behartzen da. Hori guztia, Tributu Ogasuneko langileen “ordezkapena” barne, hartara zerga iruzurraren kontrako borroka eraginkor bat “ziurtatzeko”.

Horren karietara, xedatzen da ezen zerga amnistia dakarren neurri orok ezarriko bada Parlamentuaren “gehiengo absolutua” beharko duela.

Azkenik, hezkuntzaren eta herritarren kontzientziazioaren alorrean, proposatzen da estrategia “hezigarri, informatzaile eta komunikatibo” bat egitea. Estrategia hori Gobernuak sei hilabeteko epean egin beharko du. Gainera, berrikusi beharko den jarraipen txosten bat izan beharko du eta urtero Parlamentuan aurkeztu beharko da.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 96. zk., 2012-11-16koa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 8. zk., 2013-01-22koa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 11. zk., 2013-01-31koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 34. zk., 2013-03-27koa)