Publicada el Jeudi, 14 de février de 2013

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen VI. titulua aldatzen duen Foru Lege proiektua onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta I-Eren abstentzioarekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. titulua aldatzen duen Legea onetsi du gaur.
 

Legearen xedea Nafarroako toki-entitateei aplikagarri zaien kontratuen inguruko araudia 2007/66EE Zuzentarauan xedatutakora doitzea da.
 

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2007ko abenduaren 11ko 200/66/EE Zuzentaraua eman zuten. Zuzentarau horren funtsezko helburuak dira kontratuen legez kanpoko esleipen zuzenaren kontra borroka egitea eta bermeak indartzea errekurtso prozeduretan.
 

Bestalde, beharrezkotzat jotzen da kontratazio publikoaren esparruan Foru Komunitateko araudia “homogeneizatzea”, halako moldez non tokiko sektoreari aplikagarri zaizkion espezialitateak gai diferentzialei buruzkoak izango diren; era horretan, segurtasun juridiko handiagoa lortuz; zeina kontratu publikoen lizitazioan eta esleipenean interesa duten enpresek eta profesionalek “etengabe eskatzen” duten gaia baita.
 

Osoko Bilkuran egin den eztabaidan in voce zuzenketa bidez xedapen gehigarri bat sartzea erabaki da, zeina argiteri publikoaren zerbitzua emateko kontratuei buruzkoa den. UPNk babestu du eta proposatu duen taldearen botoak jaso ditu, gainerakoek ez dute bozkatu.
 

Onetsitakoaren arabera, “toki entitateek argiteri publikoari bideratutako kontratuak sinatzen ahalko dituzte, haien lurralde- eta eskuduntza-eremuan; kontratuok instalazioaren, hornidura energetikoaren eta mantentzearen ingurukoak izango dira, Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean aurreikusitako modalitateen araberakoak izango dira eta hamalau urteko iraupena izango dute gehienez ere.
 

Baldin eta, kontsumo eta mantentze kontzeptuak batu izanagatik, kontratazioaren urteko zenbateko osoa azken bi urteetako batez besteko gastuaren berdina edo hura baino txikiagoa bada, inbertsioa bere hondar-balioaren arabera kontabilizatuko da, eta, une horretan bertan entitatearen ondareen inbentario publikoan sartua izango da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. titulua aldatzen duen legearen artikulu bakarrak honakoa dio:
 

224. artikulua.
1. Nafarroako toki entitateek egindako kontratuek Nafarroako administrazio publikoei aplikatzekoa zaien legezko araubidea bete beharko dute eta foru lege honetan agertzen diren berezitasunak izanen dituzte.
 

2. Obra, hornidura nahiz laguntza kontratuak eta herri-lanen nahiz zerbitzuen kontzesioak Nafarroako toki entitateen menpeko edo horiei lotutako gainerako pertsona eta entitateek eginez gero, edo haien dirulaguntzarekin eginez gero, eta kontratu publikoei buruzko foru legedia bete behar badute, subjektu eta entitate horien kontratu publikoetarako legeria horretan xedatutakoarekin bat prestatu eta esleituko dira, foru lege honek dituen berezitasunekin bat.

3. Nafarroako toki entitateen edo horiei lotutako entitateen zerbitzu publiko bat kudeatzeko kontratuei zerbitzuen emakida kontratuetarako ezarritako araubide juridikoa aplikatuko zaie, baldin eta kontratistari eman beharreko ordainsaria ez bada zerbitzuaren ustiapen ekonomikoa edo ustiapenarekin batera prezio bat ordaintzea, ondoko salbuespenak salbuespen:

a) Luzapenak barne, epea ez da hamar urtetik gorakoa izanen, hitzarmenetan izan ezik.

b) Europar Batasuneko publizitatearen betebeharra aplikatuko da, baldin eta, zerbitzu motaren arabera betebehar hori beharrezkoa izaki, kontratuaren balio zenbatetsiak Europar Batasuneko gutxienekoa gainditzen badu.

4. Toki entitatean edo hari lotutako entitateek kontratu publikoei buruzko foru legediko xedapen aplikagarriekin bat hautatuko dituzte bazkide pribatu edo pribatuak, zerbitzu publiko bat merkataritza-sozietate baten edo kooperatiba baten bidez kudeatzeko, baldin eta kapitala hein batean soilik bada toki entitatearena.

5. Toki entitateei aplikatuko zaie beren ente instrumentalei enkarguak egiteko araubidea, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 8. artikuluan aurreikusitakoa, baina horrek ez du galarazten foru lege horren 192. artikuluan eta hurrengoetan zerbitzu publikoak kudeatzeko aurreikusitako moduek ere indarra izatea.”

225.artikulua.
2.000 biztanle baino gutxiago dituzten Nafarroako toki entitateetan, hautapen bidezko toki karguen bateraezintasunaren ondorio bakarra abstentzio-arrazoi bat egotea izanen da, baldin eta kontratazio prozeduran eska daitezkeen tramite bakarrak badira aldez aurreko kreditu erreserba egitea, aplikatzekoa den aurrekontu arloko legeriarekin bat, eta kasuan kasuko faktura aurkeztea.”

229. artikulua.
1. Toki entitateek esleipen irizpideak aplikatu ondotik sortzen diren berdinketak ebazteko irizpideak ezarri ahalko dituzte, oro har nahiz kontratu bakoitzerako. Irizpide horiek aplikatuta berdinketak jarraituz gero, zozketaz ebatziko da. Irizpiderik ezarri ezean, berriz, kontratu publikoei buruzko foru legediak finkatutako irizpideekin bat ebatziko da berdinketa.

2. Prozedura negoziatu batean, kontratuaren funtsezko baldintzen agiriak ondokoak arautuko ditu gutxienez ere: kontratuaren xedea, zenbatekoa eta epea eta gauzatzeko beharrezkoak diren zehaztasun teknikoak; kontratazio organoaren, kontratua kudeatzeko ardura duen unitatearen eta, halakorik baldin bada, Kontratazio Mahaiaren identifikazioa; gutxieneko kaudimen-baldintzak; esleipen irizpideak; ordaintzeko modua eta, kasua bada, prezioak berraztertzeko modua.

3. Prezioan soilik oinarrituta esleitu behar diren prozedura irekiak ahoz egiten ahalko dira, lizitatzaileen hitzezko proposamen eta posturen bidez, herriko ohitura eta usadioei jarraituz.
Aipatu kontratazioetan, kontratu publikoei buruzko foru legedian jasotzen diren betekizunak aplikatuko dira. Proposamen ekonomikoak idatziz aurkeztu ordez, hitzezko proposamen eta posturak eginen dira jendaurreko ekitaldian.

4. Ondare- edo herri-ondasunak aprobetxatu edo besterentzeko ahozko enkanteetan parte hartu ahal izateko, lizitatzaileek bete beharko duten baldintza bakarra da administrazio klausula partikularren orrian eskatzen den behin-behineko bermea gordailuan uztea.

Adjudikatu aitzin, administrazio klausula partikularren orrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Esleipen proposamena irabazten duen lizitatzaileari, baldintza horiek bete ezik, behin-behineko bermea bahituko zaio eta gainera esleipenaren aldeagatik administrazio lizitatzaileari egindako kalte eta galeren ardura hartuko du bere gain. Enkanteetako esleipen egintzaren emaitza berehala jarriko da entitateko iragarki-oholean.

5. Ondare- edo herri-ondasunak aprobetxatu edo besterentzeko enkanteak prozedura irekiaren bidez eginez gero, esleipenaren proposamena jasotzen duen eskaintza, gutxienez zenbateko osoaren seitik bat gehituz hobetu ahalko da. Sesta emateko, arau hauei jarraituko zaie:

a) Enkanterako iragarritako ordutik hasi eta ondoko sei egunetan egin beharko da eta seigarren eguneko ordu berean amaituko, jaiegunak ere barne direla.

b) Enkantean lizitatzaile izan ez bada ere, legezko ahalmena duen edonork egin ahalko du; betiere, aurrez behin-behineko bermea jarri badu.

c) Idatziz nahiz idazkariaren aurrean hitzez egin ahalko da. Edozein modutan ere, idazkariak eginbide bat idatziko du, aurkeztu den eguna eta ordua adieraziko duena, eta interesdunak sinatuko du.

d) Sesta ematea amaitu ondoren, horretarako jarritako epea bukatu eta ondoren lau egun baliodun izanen dira beste enkante bat egiteko. Toki entitateak esleipenaren proposamenaren hartzaileari bere postura seiren bat hobetua izan dela jakinarazi beharko dio eta behin behineko enkantea noiz eginen den espresuki adierazi.

e) Behin betiko enkantea egiteko tasazio preziotzat, egindako hobekuntzatik ateratakoa hartuko da eta kasuan kasuko iragarkia jarriko iragarki oholean, hurrengo enkantea zein egun eta ordutan izanen den gutxienez bi egun natural aurretik zehaztuta. Hasierakoaren modu berean eginen da enkantea. Lizitatzailerik ez badago, kontratua sesta-emaleari eslei dakiola proposatuko da.

f) Enkante berriari buruzko akta idatziko da eta artikulu honetako 4. idatz-zatiko azken lerrokadan aurreikusi bezalaxe iragarriko da emaitza.

g) Esleipenaren proposamenaren ondorengo hiru egun baliodunetan edonork erreklamazioa egin ahalko du idatziz, lizitatzaile izan gabe ere, lizitazioaren tramitazio akatsen eta, bereziki, lizitatzaileen gaitasun juridikoaren kontra, eta bere iritziz esleipena egiteko bidezko den ebazpena eman dadila eskatu ahalko du.

6. Lizitazioaren eta adjudikazioaren iragarkiak kasuan kasuko toki entitatearen iragarki oholean jarriko dira, kontratu publikoei buruzko foru legediarekin bat jarri beharreko hedabideetan jartzeaz gain. Iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian edo Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denan hasiko dira epeak kontatzen, kontratu publikoei buruzko foru legeriarekin bat.”

230. artikulua.
Administrazio klausula partikularren orriak ezarri beharko du betebeharrei aurre egiteko bermea jarri beharra kontratua formalizatu baino lehen, baldin eta, obra kontratuen kasuan, zenbatekoa 300.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo) bada, eta hornidura eta laguntza kontratuen kasuan, berriz, zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo) bada, eta betiere, kontratuaren izaera eta zenbatekoa zein ere diren, esleipen-hartzaileak kontratu publikoei buruzko foru legediaren arabera ohi baino eskaintza baxuagotzat jo daitekeena aurkeztu badu; halakoetan, esleipenaren prezioaren 100eko 50eko bermea jarri ahalko da, eta hori ez da eragozpen izanen zenbateko hori kontratua jaso aurretik itzuli edo hein batean ezeztatu dadin, kontratua kudeatzeko ardura duen unitateak txostena egin ondoren.

Toki entitateen kontratuetan lizitatu edo betebeharrak betetze aldera exijitzen diren bermeak entitate kontratugilearen diruzaintzan jarri beharko dira.”

232. artikulua.
Kontratu publikoen lizitazioan eta esleipenean interesa duten enpresek eta profesionalek kautelazko neurriak hartzeko eskatu ahal izanen dute, bai eta kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak aurkezteko ere kontratu publikoei buruzko foru legeetan aurreikusitako moduan.”

Xedapen iragankorra. Aurreko araudiarekin bat esleitutako kontratuak.
Foru Lege honek indarra hartzen duenean dagoeneko esleituta dauden kontratuak aurreko araudiak aginduko ditu, baina horien esleipena aurkaratzeko araubidea foru lege honetan xedatutakoak aginduko du.

Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 82. zk., 2012-10-15ekoa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 1. zk., 2012-01-02koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 15. zk., 2013-02-07koa)