Publicada el Vendredi, 14 de décembre de 2012

Nafarroako Gobernua kultura arloan aurrekontu-ahalegin bat egin dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren kontra emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den, “krisiaren larria onartuta ere, aurrekontu-ahalegin bat egin dezan kulturaren arloan, 2013rako aurrekontuetan % 1era hurbildu ahal izateko”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoa aurkez dezan Legebiltzarrean, abenduaren 31 baino lehen, lehendakariaren inbestidurako hitzaldian eta Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariaren adierazpenetan behin eta berriro iragarri bezala”. Epigrafe horrek UPNren abstentzioa eta SNren, Bildu-ren, Nabai-ren, I-Eren, PPNren eta atxiki gabeko bi parlamentarien babesa jaso ditu.

Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “goraka berrikus dezan udaletako kultur ekintzetarako laguntzak izeneko kontusaila, halako moduan non, 2012ko deialdiko ordainketak jasotzeaz gain, 2013rako deialdia ere ongi ebatzi ahalko baita eta jarraitutasuna eman ahalko baitzaio bereziki landa eremuko Nafarroan beharrezkoa den kultur politikari”. SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde bozkatu dute eta UPNk eta PPNk haren kontra.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpena, 2012ko azaroaren 8an, kultura arloko politika orokorra dela-eta eztabaidatutako jabeldurari dagokio. Talde guztiak, “UPN salbu”, bat etorri ziren eta “plan estrategikorik ez egotea eta abian jarritako programen anbizio eta lidergo eskasia” deitoratu zuten, bai eta aurrekontua arian-arian jaistea ere, zeina laurogeiko hamarkadako mailetara erori den.

Gauzak horrela, proposatu duen taldeak oroitarazi du UPNk legegintzaldi honetarako aurreikusitako helburuen arabera aurrekontua % 50 igo behar zela, halako moduan non Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen % 1,5 bideratuko baitzen kulturara.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 101. zk., 2012-11-26koa)