Publicada el Jeudi, 22 de novembre de 2012

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legea, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalen Gizarte Segurantza finantzatzera bideratutakoa, aldatzen duen Legea bazter utzi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren kontra emandako botoekin eta Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legea, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalen Gizarte Segurantza finantzatzera bideratutakoa, aldatzen duen Legea bazter utzi du gaur.

Izquierda-Ezkerrak bultzatutako Foru Lege proposamenaren helburua zen Aurrekontuen Egonkortasuna Bermatzeko eta Lehiakortasuna Sustatzeko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarriak jasotzen duena aldatzea, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalen Gizarte Segurantzaren Sistemari atxikitzen jarraitzea ahalbidetze aldera. Horretarako, proposatzen zen “2013ko aurrekontu orokorretan behar diren aurrekontu-kontusailak gaituz” Foru Komunitateko Administrazioak bere gain hartzea iragan uztailaren 14 arte Estatuko Administrazio Orokorraren kargura zeuden kuoten ordainketa.

Horri dagokionez eta Nabai-k aurkeztutako eta proposatu duen taldeak onetsitako gehitze zuzenketa baten ondorioz, Nafarroako Gobernuari dei egiten zitzaion “urteko Hitzarmen Ekonomikoaren bidez, zaintzaileen Gizarte Segurantza finantzatzeko laguntzetan erabilitako zenbatekoaren konpentsazioa Estatuarekin negoziatzera”.

Hori guztia, 20/2012 Errege Lege Dekretua indarrean sartu zenetik, zaintzaile ez-profesionalentzako hitzarmen bereziak izaera boluntarioa duelako, eta kotizazioak hartzailearen kargura egiten direlako oso-osorik.

Zioen azalpenean, proposatu duen taldeak ulertzen du horrek mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta haiei laguntza emateari buruzko 39/2006 Legea erasotzen duela, zeinak “aurrerapauso handia” ekarri zuen. Halere, egun “hondatze-prozesu nabarmena” ari da pairatzen, mendekotasun egoeran dauden pertsonen “laguntzari” eta “enplegu-sorrerari” dagokienez.

Horregatik, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legea aldatzea proposatzen zen, hamaikagarren xedapen gehigarri berri bat gehituz. Hona testua:

Hamaikagarren xedapen gehigarria
“Mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalen Gizarte Segurantzako kotizazioak.

Foru Komunitateko Administrazioak finantzatuko ditu mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalen Gizarte Segurantzako hitzarmen bereziei dagozkien kotizazioak. Horretarako, behar diren aurrekontu-kontusailak gaituko dira Nafarroako Aurrekontu Orokorretan”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 55. zk., 2012-06-01ekoa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 75. zk., 2012-09-25ekoa)
· Irizpenaren argitalpena(NPAO, 79. zk., 2012-10-05ekoa)