2024rako Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea
Osoko bilkurak onetsi du. 2023ko abenduaren 21ean
Parlamentuaren osoko bilkurak 2024rako Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aurkako botoekin. Arau-esparru fiskala testuinguru inflazionistara egokitu nahi duen testua da, nazioarteko aldagaien ziurgabetasunari lotutako egoera ekonomikoetatik eratorritakoa, hala nola gerra-gertakariak edo lehengaien prezioa.
Foru legearen bidez jarraipena eman nahi zaio aurreko legegintzaldian proiektatu zen arau-esparru fiskalari. Hain zuzen ere, PFEZari lotutako “progresibitatea” baliatu nahi izan da herritar guztiengana iristen saiatzeko, bereziki inflazioaren ondorio kaltegarriak jasaten ari diren familiengana, inflazioak eragin nabarmena izan baititu soldatetan. Gobernuak bidalitako testuan dauden berritasun nagusi gehienak 2024tik aurrera aplikatuko dira.
Proiektuan jasotako neurri azpimarragarrienak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagozkio gehienbat. Zerga horren doikuntza % 7raino igo da. Aurreikusten diren bi deflaktazioetako lehenengoa % 4koa da, eta atzeraeragina izanen luke, hau da, 2023ko zergari ere aplikatzekoa litzateke. Bigarren murrizketa, % 3koa, 2024ko PFEZean gauzatuko litzateke.
Horrenbestez, aurreko legegintzaldian hartutako bideari jarraituko zaio. Orduan bi murrizketa egin ziren, biak % 2koak, 2020. eta 2022. urteetarako.
PFEZaren arloan bertan, lege proiektuak gutxieneko pertsonal eta familiarren beste bi igoera aurreikusten ditu, guztira % 6koak, inflazio handiaren ondorioak arintzearren, zergadun bakoitzaren egoera pertsonala kontuan izanda (seme-alabak, kargupeko ahaideak, desgaitasunak eta abar).
Xede horretarako, deflaktazioen eredu bera erabilita, % 3ko igoera bana aplikatuko litzateke 2023ko zergan eta 2024koan. Era horretara 2019-2023 aldiko politika fiskalen ildotik jarraitu da. Orduan % 5eko igoera ezarri zen, jada finkatua, gutxieneko pertsonal eta familiar horietan, eta 100 euro gehiagokoa 30.000 eurotik beherako errentak dituztenentzat.
Bi neurri horiek, alegia, deflaktazioek eta gutxieneko pertsonal eta familiarren igoerak, Foru Ogasunarentzat 50 bat milioiko kostua izanen dutela kalkulatu da.
Hala, 30.000 eurotik beherako errenten tributazioa hobetzeko asmoz –errenta salbuetsiak barne–, 100 eurotik 150era igo da gutxieneko pertsonalarengatiko kenkari berezia PFEZean.
Kapitulu berean baina kontrara, % 100etik % 75era murriztu da etxeko langileen Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeagatik dagoen kenkaria. Pandemiaren ondorioak gaindituta, beharrezkotzat jo da “kopuru hori zuzentzea”.
Etxebizitzaren arloan ere neurri esanguratsuak jaso dira lege proiektuan. Emanzipa eta David programei dagokienez, etxebizitza eskuratzeko eta emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkariak handitzea aurreikusten da. Programa horietako onurak eskuratu ahal izateko gehieneko diru-sarrerak 22.000 eurokoak izanen lirateke aurrerantzean, banaka, eta 35.000 eurokoak familia-unitateko kide guztiak batera hartuta. Horrekin batera, kenkariaren gehieneko zenbatekoa 250 eurotik 280ra igoko litzateke, eta gehieneko alokairu-prezioa ere handiagoa izanen litzateke, 700 eurokoa.
Beste alde batetik, berriz ere etxebizitzaren arloan, etxebizitzak Nasuvinsaren bitartez alokatzeagatik kapital higiezinaren etekin garbian egiten den murrizketa % 60tik % 70era igo nahi da. Halaber, birgaitze babestuko obretarako laguntza publikoak errenta-mugarik gabe salbuetsi nahi dira, haien tratamendua Next Generation funtsen bidez finantzatutako laguntzen tratamenduarekin parekatzeko.
Alokairuagatiko kenkariari dagokionez, urtean 1.200 eurotik 1.500era igo da etxebizitza alokatzearen ondoriozko gehieneko kenkaria (% 15), ohiko bizilekua bada, eta, betiere, subjektu pasiboaren errentak 30.000 euro baino gehiagokoak ez badira eta alokairu kontzeptuan ordaindu duen diru kopuruak errenten % 10 gainditzen ez badu –bi kasuetan errenta salbuetsiak bazter utzita–.
Kenkari hori 1.600 eurora igo daiteke baldin eta, aurreko baldintzak beteta, subjektu pasiboak 30 urte baino gutxiago baditu edo PFEZari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 71.1.c artikuluan aipatutako familia-unitate bateko kide bada, salbu eta aita eta ama elkarrekin bizi badira edo seme-alaba amankomunen gaineko zaintza partekatua badute. Adierazten denez, kenkari hori aplikatu ahal izateko errenten muga 30.000 eurotan mantentzen da; izan ere, “340.000 aitortzaile baino gehiago, guztien % 75 gutxi gorabehera”, muga horren barruan sartzen dira.
Aurrekoarekin bat etorriz, gutxieneko pertsonalarengatiko kenkariaren gehikuntza jasotze aldera familia-unitate gurasobakarren kasuan, gutxieneko pertsonal eta familiarrengatiko gainontzeko kenkariak bezalaxe, hura ere % 3 gehitu beharra dago 2023rako eta % 3 gehiago 2024rako. Horregatik, 71.1.c) artikuluan aipatzen diren familia-unitateen kasuan, 62.9.a) artikuluan ezarritako kenkaria 668 euro handituko da, salbu eta aita eta ama elkarrekin bizi direnean edo zaintza partekatua dutenean.
Logika berari jarraikiz, familia-unitate gurasobakarren kenkaria 654 euro handituko da subjektu pasiboarekin bizi den ondorengo ahaide ezkongabe edo aurreko ahaide bakoitzeko –haien adina zein den ere–, baldin eta haiek urtean dituzten errentak –salbuetsiak kanpo– ez badira ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa (IPREM) baino handiagoak, eta frogatzen badute % 33 edo gehiagoko desgaitasun-gradua. Desgaitasuna % 65 edo gehiagokoa bada, zenbateko hori 2.291 euro izanen da urtean.
Etxebizitzaren alorrean, erabaki da errentamenduan diharduten entitateei aukera ematea kapital higiezinaren etekin garbia murrizteko, bitartekotzazko errentamenduaren ondoriozko errenten kasuan, baldin eta etxebizitzak Nasuvinsaren bitartez alokatzen badira.
Salbuespenen atalean, gaur onetsitako testuan jaso da salbuetsi eginen dela errenta txikia dutenei energiaren prezioa konpentsatzeko 2023an emandako 200 euroko laguntza, abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuaren 74. artikuluaren bidez ezarritakoa, bai eta eko-araubideetarako laguntzak ere (NPB berria), 2023tik aurrerako ondorioekin.
Beste alde batetik, lege proiektuan aldaketa sail handi bat aurreikusten da. Funtsean aldaketa teknikoak dira, eta zerikusia dute ondarearen, sozietateen, oinordetza eta dohaintzen, eta ondare-eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergekin. Zerga horietako batek ere ez du aldaketarik izanen bere alderdi garrantzitsuenetan.
Ondarearen gaineko zergari dagokionez, berriz ere egungo “egoera ekonomikoa” aintzat hartuta, erabaki da beste urte baterako luzatzea aurreko ekitaldian egindako aldaketa, 11 milioitik gorako likidazio oinarria duten ondare handien kasuan; horien gehieneko karga-tasak % 3,5 izaten jarraituko du (ez da berriz jaitsiko % 2ra) eta horrela Estatuko gainerakoarekin parekatuko da.
Ildo beretik, sozietateen gaineko zergan ere, aurreko ekitaldietako likidazio oinarri negatiboak aplikatzearen ondoriozko kenkarien mugak beste urte batez luzatuko zaizkie enpresei. Komenigarritzat jo da, “egoera ekonomikoa eta enpresen mozkinak ikusita”.
Sozietateen gaineko zergaren alorrarekin jarraiki, erabaki da Inbertsioetarako Erreserba Berezia gauzatzeko epeak malgutzea, aurreko urtetik hurrengo bi urteetara bitarteko epearen barruan, 26/2016 Foru Legearen 45. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen diren ondare elementuak eskuratzeko erabili diren mozkinak zer ekitalditakoak izan eta ekitaldi horren itxieratik hasita.
Halaber, oinordetza eta dohaintzen gaineko zergan, zehazki mortis causa eskuraketetan, 11.c artikuluaren b’) letra aldatu da eta, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, jarauntsian jasotako negozioa edo sozietatea konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatu ahalko da bost urte igaro arte itxaron beharrik izan gabe. Aurreikuspen hori bera inter vivos eskuraketetara hedatu da.
Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak irizpena emanda, 2024rako Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea NAOn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
- •www.parlamentodenavarra.es/eu
- Foru lege proiektua (32. NPAO, 2023-11-10ekoa)
- Zuzenketak (42. NPAO, 2023-12-05ekoa)
- Irizpena (49. NPAO, 2023-12-19koa)