Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 2

Nafarroako Gobernua premiatzen da mugikortasun jasangarriari buruzko foru-lege proiektu bat Parlamentura bidal dezan 2024 urtea amaitu aurretik

Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legean jasotako agindua da, besteak beste, mugikortasun pribatuaren eta motordunaren pisua murrizteko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Voxek aurkakoarekin, zeinaren bidez Foru Exekutiboa premiatzen baita “2024ko abenduaren 31a baino lehen Parlamentura bidal dezan Nafarroako mugikortasun jasangarriari buruzko foru-lege proiektu bat”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Europar Batasunaren gidalerroetara jotzen du, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 4/2022 Foru Legean jasotako oinarrizko printzipioetara eta, zehatzago, arau horren beraren hirugarren xedapen gehigarrira, bertan Gobernuari agintzen baitio Mugikortasun eta Garraio Jasangarriari buruzko Foru Legearen proiektua aurkezteko.

 

Alde horretatik, eta 2018an partaidetza publikoan jarri ondoren onartu ez zen Nafarroako Mugikortasun Jasangarriko Plan Zuzentzaileari dagokionez, oroitarazten da Foru Komunitateko Administrazioari dagokiola jarduteko lerro estrategikoak ezartzea eta koordinatzea, isurketak gutxitzeko eta esperotako helburuak betetzeko neurri espezifikoak zehaztea barne.

 

Besteak beste, honako helburu hauek lortu nahi dira: garraio publiko kolektiboa sustatzea, oinezkoen eta bizikleten mugikortasun aktiboa bultzatzea eta bidaiariak eta salgaiak errepidetik trenbidera aldatzea, energia-kontsumoa murrizteaz gain, isurketarik gabeko ibilgailuetarako trantsizioa barne.