Parlamentuak Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertu bat eskainiko du, 2019ko Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldien artean
Unai Hualde lehendakariak agertu du Legebiltzarrak konpromisoa duela gure erkidegoan kultura zabaldu eta sustatzearen bidetik lan egiten duten entitate eta arte-espresio guztiekin
Ekitaldi instituzional baten bidez, Nafarroako Parlamentuak gaur arratsaldean jarraipena eman dio 2019ko Nafarroaren Eguna dela-eta antolaturiko jarduera-egitarauari. Aipatu efemeridea abenduaren 3an izaten da 1985az geroztik, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat etorririk.
Ekitaldia Unai Hualde lehendakariaren agur-hitz batzuekin hasi da, eta jarraian Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua eskaini da. Berrehun bat pertsona bildu dira Legebiltzarraren egoitzaren atalondoan; besteak beste, agintari nagusiak, hautetsiak eta gizarte zibileko zenbait erakunderen, elkarteren eta kolektiboren ordezkariak.
Nafarroaren himnoaren ondoren Unai Hualdek bertaratuei zuzendu dien mintzaldian, bereziki azpimarratu du nola, Euskaltzaindiarekin bezalaxe, ahobatezkotasuna lortu duen Nafarroako Orkestra Sinfonikoari egindako gonbidapenak. "Jardunean dirauen orkestra antzinakoena da Estatu osoan, eta bikain erakusten du nolako konpromisoari eusten dion Legebiltzar honek gure erkidegoan kultura zabaldu eta sustatzeko lan egiten duten entitate eta arte-espresio guztiekin".
"Ohore eta egiazko pribilegio"tzat hartu du Orkestra Sinfonikoari entzun ahal izatea non eta "Mozart edo Beethovenen musikara baino gehiago, eztabaida politikoaren zalapartara ohituta dagoen" gune batean. Horrez gain, Unai Hualdek poza agertu du "gure herriarentzat harrotasun-iturri den" talde baten emanaldiaz gozatzeko modua izateaz. "Gaur goizean Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatu dugu, asteazkenean beste hainbeste eginen dugu Foru Parlamentu eta udaletarako lehenbiziko hauteskundeen 40. urteurrenarekin, eta gaur arratsaldean hemen dugun musika-taldeak batu egiten ditu bataren 100 urteak eta besteen 40ak: 140 urte, hain zuzen. Ez da gauza makala".
Lehendakariak bere mintzaldia amaitu du Parlamentuaren "osotasunaren" esker ona helaraziz Orkestrako jarduneko zuzendari artistiko Manuel Hernández Silvari eta Baluarte Fundazioaren zuzendari María Antonia Rodríguezi, "bizitza pixka bat alaitzen diguzuelako. Eskerrik asko kontzertu honengatik, eta etorri zareten guztiok goza dezazuela berarekin".
Jarraian, Lehendakariak garai bateko Nafarroako Gorteetako hautetsontzien erreplika bat eman dio Nafarroako Orkestra Sinfonikoko zuzendaria den Manuel Hernéndez Silva jaunari/andreari.
Ondoren kontzertua hasi da, 200 inguru entzulerekin. Manuel Hernández-en zuzendaritzapean, musikariek askotariko errepertorio bat jo dute: Nafarroaren himnoa (Erresumako Gortearen Sartzerako Martxa; Wolfgang Amadeus Mozart-en (1756-1791) Figaroren ezteiakeko obertura; eta Ludwig van Beethoven-en (1770-1827) 5. sinfonia, do minorrean.
Nafarroako Orkestra Sinfonikoa 1879an fundatu zen, eta, Foru Komunitatearen orkestra ofiziala izateaz gain, Espainiako orkestrarik antzinakoena dugu gaur den egunean. Nafarroako Gobernua finantzatzaile nagusi duen Baluarte Fundazioan integratuta dago orkestra, nazioarteko auditorium nagusietan aritzen da eta gizarte- nahiz hezkuntza-alorretan zeregin garrantzitsua aurrera eramaten du foru erkidego osoan. Manuel Hernández Silva dugu Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular eta artistikoa.