Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Irailak 23

Nafarroako Parlamentuak bere egiten du Klima Larrialdiaren Adierazpena

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko irailaren 24an.

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere egiten baitu Klima Larrialdiaren Adierazpena. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak eta Nafarroako Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpena aho batez onetsi da, salbu eta 2. puntua, zeinean Navarra Suma abstenitu baita.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere egiten du Klima Larrialdiaren Adierazpena, honako printzipio hauei dagokienez:

 

a) Berotegi-efektuko gasak murrizten direla bermatzeko beharrezkoak diren konpromiso politikoak, arauak eta baliabideak lortzea, gehienez ere 2040a baino lehen –eta ahal izanez gero, 2035a baino lehen– zero balantze garbira iristeko, eta biodibertsitatearen galera geraraztea eta ekosistemak leheneratzea, hori baita natur sistema guztiak –gizakiena barne– kolapsatzea ekiditeko dagoen erantzun bakarra.

 

b) Erregai fosilak albo batera uzten direla sustatzea, urgentziaz leheneste aldera energia % 100 berriztagarriaren aldeko apustua. Hartara, gobernuek aztertu behar dute helburu hori nola lortu, eta beharrezkoak diren jarduketa planak proposatu behar dituzte; besteak beste: azpiegitura fosil berriak geldiaraztea; autokontsumo elektriko % 100 berriztagarria eta mugikortasun jasangarria lortzea lehenbailehen; oinezkoentzako espazioak sortzea; bizikleta eta kutsatzen ez duten bestelako garraiobideak sustatzea; energiaren eskaria kontsumo jasangarriak lortzeraino murriztea; efizientzia energetikoa eta instalazio berriztagarriak areagotzea sustatzea; hezkuntza-espazioak sortzea eta herritarrei emergentzia klimatikoari buruzko informazioa ematea; zero hondakineko politika lortzea; herrilurren kudeaketa babestea, lur emankorra berreskuratzera eta erosioa geldiraraztera bideratuta; akuiferoak leheneratzea, larreak leheneratzea lurraldearen kudeaketa inteligente bat eginez; despopulazio-arazoak dauzkaten eremuetarako laguntzak eta onura fiskalak ezartzea, klima-aldaketa moteltzeko eginkizun erabatekoa baitaukate, eta landa- ekologia nahiz giza birsorkuntzako proiektuak jorratzea.

 

c) Aurrerabidea egin beharra dago, besteak beste, tokiko eta gertuko ekonomiari dagokionez, elikagai-subiranotasuna, basogintza, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa eta gertukoa bultzatzeko, lehenbailehen lortzearren hornikuntza agroekologiko erabatekoa sukaldaritzako zerbitzu publikoetan, eta populazioaren gainerako sektoreetara hedatzea.

 

d) Erakundeak krisi klimatikora egokitu beharrari ekitea, ondorioak jada agerikoak baitira: tenperatura globalaren igoera, bero-boladak, prezipitazioen irregulartasuna, itsasoaren mailaren igoera, eta jada ikusten ari diren bestelako adierazpide batzuk.

 

e) Justizia, demokrazia eta gardentasuna izan behar dira aplikatzen diren neurri guztien oinarri nagusiak; hortaz, parte hartzeko moduak ezarri beharra dago herritarren erabakiak hartzerakoan, zaintza, jarraipen eta kontrolaren arloko eskumen eta guzti hartutako neurriei dagokienez. Horretarako, adierazle eta helburu egiaztagarriak eta neurgarriak ezarri beharko dira, eta beharrezkoa izanen da mekanismo horrek bereziki jasotzea bere baitan generoaren eta bestelako kolektibo ahulen ikuspegia.

 

2. Bat egitea eta babestea Klima Larrialdiaren aldeko Aliantzak 2019ko irailaren 27an eginen duen elkarretaratzearekin, eta ekintza klimatikoen astearen baitan horren aurreko astean egiten diren mobilizazioak eta jarduerak ahalbidetzea, lortze aldera Klima Larrialdi hori mundu mailan deklaratzea”.