Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Irailak 23

2019ko irailaren 23ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, IRAILAK 23, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, irailak 23–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren idazkia, zeinean Nafarroako Kontu Orokorrei buruzko 2018ko Kontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuan atzemandako akatsen berri ematen baita.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren iritzia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Nafarroako Sinboloei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren iritzia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legea indargabetzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.

Erlijioaren irakaskuntzari eta haren ordezkoei buruzkoa. Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu du.

 

INTERPELAZIOAK:

- Nafarroako errepideen egoera ona bermatzeko politika orokorrari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Foruzaingo-ereduaren gaineko ildo orokorrei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da Enplegatu publikoaren oinarrizko Estatutua alda dezan, halako moduan non emakume funtzionarioek berreskuratu eginen baitute amatasun-baimenaren parte bat beste gurasoari lagatzeko aukera. Geroa Bai talde parlamentarioko Jabi Arakama Urtiaga jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Hezkuntzako kontseilaria premiatzen du 82/2016 Foru Agindua baliogabetu dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Pedro José González Felipe jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da 2018tik 2022ra bitarteko Hezkuntza Itunean jasotakoa bete dezan, eta, hartara, udako hilabeteak ordain diezazkien ikasturtean zehar bost hilabete eta erdi baino gehiago lan egin duten bitarteko irakasleei. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Miren Aranoa Astigarraga andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da kanpaina bat egin dezan, 5Garen helduerak ukitutako ia 370.000 nafarrei informatzeko, egon litezkeen auziak artatzeko kanalak gaitzeko eta egokitzapen horren jarraipena egiteko. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Itunpeko ikastetxe erlijiosoetan adingabeen aurkako sexu-abusuak salatu dituzten biktimen ordezkariekin, beren lekukotasuna eta egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskariak azal ditzaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu dute.

- Efran Efratirekin, azal dezan Israelgo soldadu gisa lurralde okupatuetan izan zuen esperientzia, zeinaren ondorioz salatu baitzituen okupazioa eta proiektu sionista. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu dute.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Errenta Bermatuari buruzko Foru Legea aldatzeko asmoari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

- 2016ko hezkuntza-itunaren proposamenean jasotako planteamendu eta printzipioak mantentzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Bost hilabete baino gehiago lan egin duten bitarteko langileen kontratua uztailean eta abuztuan luzatze aldera Hezkuntza Departamentuak eta sindikatuek egindako hezkuntza-itunari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonilla Zafra jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gazteriaren Institutua izanen denaren helburu nagusiei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Mena Blasco jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako 2020rako aurrekontuen aurreproiektuari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko José Suárez Benito jaunak aurkeztu du.

- NA-6900 errepidearen eta bertako Alhama ibaiaren gaineko zubiaren segurtasuna bermatzeko jarduketei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Nafarroa Bekei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Siemens Gamesaren produkzioaren balizko deslokalizazioari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra Talde Mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Esako urtegiaren eta urtegia handitzeko obren segurtasunari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra Talde Mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun-garraioko kontratuen aberaste bidegabeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Cordovillako lurzatian ezartzeko interesa erakutsi duten enpresa-taldeei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Aranzazu Biurrun Urpegui andreak aurkeztu du.

- Emakumeen eta neskatoen sexu-salerosketa eta -esplotazioari buruzkoa. Nafarroako Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztu du.

- Egako adarraren exekuzio-egoerari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

- Ingelesez ikasteko programa garatze aldera legegintzaldi honetarako aurreikusi den planari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Pedro José González Felipe jaunak aurkeztu du.

- Gure lurraldean Lanbide Heziketa bultzatzeko aurreikuspenei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Jorge Aguirre Oviedo jaunak aurkeztu du.

- Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra jarduteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 79. artikulua betetzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Nuria Medina Santos andreak aurkeztu du.

- Bakarrik dauden adingabe atzerritarrek 2018an eta 2019an egindako zigor-delituak direla-eta Nafarroako Gobernuak egiten duen balorazioari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Blanca Isabel Regúlez Álvarez andreak aurkeztu du.

- Irailaren 13ko 000214/2019 epaiaren gaineko balorazioari eta etorkizunari begira horrek esan nahi duenari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Koldo Martínez Urionabarrenetxea jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- MAPAC batzordeak egindako txostenei eta txosten horietan jasotako konklusioei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Nafarroako arkeologia-ondarea babesteko eta iraunarazteko neurriei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Miren Aranoa Astigarraga andreak aurkeztu du.

- Meatzaritzaren irudia hobetze aldera Nafarroako Gobernua eta Geoalcali eta Magna enpresak elkarlanean aritzeko asmoari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiaren idazkia, zeinean informazioa ematen baita foru legeen aurka konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak aurkezteari dagokionez Nazioko Gobernuarekin izandako negoziazioei buruz.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Eledunen Batzarrak erabaki du Nafarroako Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio-txostena egin dezan Urdazubiko Udalaren 2015, 2016, 2017eta 2018ko ekitaldiei buruz. Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azcona Molinet jaunak aurkeztu du.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Nafarroako Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio-txostena egin dezan Jurramendiko Mankomunitateko eta SMSA eta SERTECMA osatzen dituzten sozietate anonimoetako azken lau urteotako –2015etik gaur bitarteko– lehendakaritzaren ordainsariei, dietei eta abarrei nahiz langileen kontratazioari buruz. Navarra Suma talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Nafarroako Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio-txostena egin dezan Lodosako Udalaren azken 8 ekitaldietako –2011tik gaur bitarteko– langileen kontratazioaren legezkotasunari buruz. Navarra Suma talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Nafarroako Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio-txostena egin dezan Ribaforadako Udalaren azken 8 ekitaldietako –2011tik gaur bitarteko– langileen kontratazioaren legezkotasunari buruz. Navarra Suma talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak aldarrikatu ditu Nafarroako Foru Komunitateko senataria izateko aurkeztutako hautagaiak: Koldo Martinez Urionabarrenetxea (Geroa Bai talde parlamentarioa), Ignacio Bernal Lumbreras (Izquierda-Ezkerra Talde Mistoa), eta María Aránzazu Arias Leiro (Navarra Suma talde parlamentarioa).

Hautaketa Legebiltzarraren heldu den osteguneko, hilaren 26ko, Osoko Bilkuran eginen da.

- Mahaiak aldarrikatu ditu Nafarroako Gardentasunaren Kontseilurako Nafarroako Parlamentuak izendatu beharreko lau kideen hautagaitzak: Navarra Suma talde parlamentarioak Cristina lbarrola Guillen proposatu du (eta Javier García Jiménez ordezko gisa), Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak Javier Lecumberri Urabayen (eta Ainhoa Unzu Garate ordezko gisa), Geroa Bai talde parlamentarioak Blanca Regulez Álvarez (eta Jabi Arakama Urtiaga ordezko gisa), eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Adolfo Araiz Flamarique (eta Maiorga Ramirez Erro ordezko gisa).

Hautaketa Legebiltzarraren heldu den osteguneko, hilaren 26ko, Osoko Bilkuran eginen da.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 4090-2019 konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen aurka aurkeztutakoa, eta erabaki dute agertu eta Foru Legearen alde pertsonatzea.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 4062-2019 konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen aurka aurkeztutakoa, eta erabaki dute agertu eta Foru Legearen alde pertsonatzea.

- Birformulatzekotan geratu da euskararekin zerikusirik izan gabe Arartekoari azken lau urteotan euskaraz aurkeztutako kexei buruzko informazio-eskaria, Navarra Suma talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztua, eta zuzendaritza-organoek erabaki dute Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoei txosten bat eskatzea eskari horri buruz.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dituzte Zerbitzu Juridikoen eta Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuaren txostenak, Nafarroako Parlamentuko Mahaiko kideen kopurua handitzeko aukerari buruzkoak, eta erabaki dute haiek Erregelamendu Batzordeko kideei igortzea.

 

Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoen txostenaren konklusioa da ezen “behar den segurtasun juridikoa lortzeari begira, erabakitzen den edozein konponbidek —dela Mahaiko bilketara ahotsarekin baina botorik gabe joateko eskubidea duten kideak egotea baimenduz, dela Mahaiko kideen kopurua handituz— eskatzen duela Erregelamendua aldatzea, Foruaren Hobekuntzaren 16. artikuluan eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritako prozedurari jarraituz”.

 

Txosten juridikoan azaldutakoaren aurkako edozein jarduketa “berekin ekar lezake —konklusioetan aipatzen denez— Konstituzio Auzitegiak hura errefusatzea, 2016ko azaroaren 28ko 199/2016 Epaian egin zuen bezala (Andaluziako Parlamentuko Mahaiko idazkariaren hautaketa errebokatzeari buruzko kasua)”. Hori dela eta, “ezinezkoa da —txosten juridikoaren konklusioei jarraituz— egungo Erregelamenduaren terminoetan, behin-behinekoz Lehendakaritzaren Ebazpen bat ematea, Mahai zabalago bat egituratzea bideratuko lukeena. Horren oinarria da ezen Erregelamenduaren 40.2 artikuluaren gaikuntza interpretazio-gaiei edo hutsune juridikoak egoteari buruzkoa dela. Horrenbestez, Mahai zabalago bat egituratzeak, bere modalitate desberdinetan, Legebiltzarreko Erregelamendu indarduna aldatzea eskatzen du”.

 

Azkenik, txosten juridikoaren konklusioa da ezen “Mahaiaren osaketa zentzu batean edo bestean aldatzeko Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren erreforma gauzatzekotan, erreformak eragina etorkizunean baizik ez lukeela izanen, hau da, hurrengo legegintzaldietan, eta ezin izanen lukeela inongo atzera-eraginik izan, zeren eta horrek talka eginen baluke Erregelamendu indardunaren arabera hautatutako Mahaiak kargurako daukan eskubidearekin, zeina Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikuluak babestuta egonen bailuke, Konstituzio Auzitegiaren doktrinak behin eta berriz esan duen bezala, txostenaren edukian azaldu dugun bezala, eta eragina izanen bailuke, gainera, Espainiako Konstituzioaren 9.3 artikuluaren in peius ex atzera-eragina dela eta —banakako eskubideak murrizten dituzten xedapenen kasuetarako— ezarritako debekuan”.

 

Mahaiko kideen kopuruaren balizko handitze baten eragin ekonomikoari dagokionez, hori kide berriek hautatzen duten ordainsari-modalitatearen araberakoa izanen litzateke, eta Parlamentuko Mahaiak esleitzea erabakitzen dituen behin-behineko langileen araberakoa, eta egoitzako espazioetan egin beharreko berrantolaketaren araberakoa, eta beharrezkotzat jotzen diren altzarien eta bitarteko informatiko eta komunikaziokoen erosketaren araberakoa. (Txosten juridikoa erantsi dugu):

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Hizkuntzen Europako Egunarekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Ahal Dugu Nafarroa foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hizkuntzen Europako Egunarekin, zeina heldu den irailaren 26an ospatuko baita eta, besteak beste, Europaren hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna zaintzea eta indartzea bilatzen baitu.

 

2. Nafarroako Parlamentuak, Europar Batasunaren jarraibideekin bat, hizkuntza-aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzearen aldeko apustua egiten du, eta babestu egiten du haren ikuskera, alegia, hizkuntzak ikastea aberaste pertsonal gisa eta XXI. mendeko Europako herritartasunaren oinarri gisa hartzen du.

 

3. Nafarroako Parlamentuak azpimarratu egin nahi du euskarak Europaren hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpen berezia, eta euskara babestu eta sustatzearen aldeko apustua egiten du, gizarte osoarentzako elementu onuragarria eta aberasgarria izan dadin, Nafarroako herritar guztien ondarea den aldetik.

 

4. Adierazpen instituzional hau Nafarroako Parlamentuaren hurrengo Osoko Bilkuraren hasieran irakurriko da, alegia, Hizkuntzen Europako Egunean”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Emakumeen eta Haurren Sexu-esplotazioaren eta Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Navarra Sumak, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dute. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Duguk 1. eta 2. puntuen alde bozkatu dute eta 3. puntuan abstenitu dira.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumeen eta Haurren Sexu-esplotazioaren eta Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak berresten du hartua duen konpromisoa, alegia, herritarrak kontzientziatzen jarraitzea beste mundu bat posiblea dela, XXI. menderako emakumeen esklabotasun hori gabeko mundu bat, hainbesteren isiltasun konplizerik gabea, mundu bat non bizikidetza eta pertsonen arteko harremanak libreki eta berdintasunean gauzatuko baitira.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Espainiako hurrengo gobernuari eskatzen dio lege abolizionista integral bat onestearen alde lan egin dezan, emakumeak eta adingabeak prostituziorako tratatzearen aurkako borrokari konponbidea emateko; trata, prostituzioa eta pornografia orokorrean hartuko lituzkeena”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere egiten baitu Klima Larrialdiaren Adierazpena. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak eta Nafarroako Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpena aho batez onetsi da, salbu eta 2. puntua, zeinean Navarra Suma abstenitu baita.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere egiten du Klima Larrialdiaren Adierazpena, honako printzipio hauei dagokienez:

 

a) Berotegi-efektuko gasak murrizten direla bermatzeko beharrezkoak diren konpromiso politikoak, arauak eta baliabideak lortzea, gehienez ere 2040a baino lehen –eta ahal izanez gero, 2035a baino lehen– zero balantze garbira iristeko, eta biodibertsitatearen galera geraraztea eta ekosistemak leheneratzea, hori baita natur sistema guztiak –gizakiena barne– kolapsatzea ekiditeko dagoen erantzun bakarra.

 

b) Erregai fosilak albo batera uzten direla sustatzea, urgentziaz leheneste aldera energia % 100 berriztagarriaren aldeko apustua. Hartara, gobernuek aztertu behar dute helburu hori nola lortu, eta beharrezkoak diren jarduketa planak proposatu behar dituzte; besteak beste: azpiegitura fosil berriak geldiaraztea; autokontsumo elektriko % 100 berriztagarria eta mugikortasun jasangarria lortzea lehenbailehen; oinezkoentzako espazioak sortzea; bizikleta eta kutsatzen ez duten bestelako garraiobideak sustatzea; energiaren eskaria kontsumo jasangarriak lortzeraino murriztea; efizientzia energetikoa eta instalazio berriztagarriak areagotzea sustatzea; hezkuntza-espazioak sortzea eta herritarrei emergentzia klimatikoari buruzko informazioa ematea; zero hondakineko politika lortzea; herrilurren kudeaketa babestea, lur emankorra berreskuratzera eta erosioa geldiraraztera bideratuta; akuiferoak leheneratzea, larreak leheneratzea lurraldearen kudeaketa inteligente bat eginez; despopulazio-arazoak dauzkaten eremuetarako laguntzak eta onura fiskalak ezartzea, klima-aldaketa moteltzeko eginkizun erabatekoa baitaukate, eta landa- ekologia nahiz giza birsorkuntzako proiektuak jorratzea.

 

c) Aurrerabidea egin beharra dago, besteak beste, tokiko eta gertuko ekonomiari dagokionez, elikagai-subiranotasuna, basogintza, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa eta gertukoa bultzatzeko, lehenbailehen lortzearren hornikuntza agroekologiko erabatekoa sukaldaritzako zerbitzu publikoetan, eta populazioaren gainerako sektoreetara hedatzea.

 

d) Erakundeak krisi klimatikora egokitu beharrari ekitea, ondorioak jada agerikoak baitira: tenperatura globalaren igoera, bero-boladak, prezipitazioen irregulartasuna, itsasoaren mailaren igoera, eta jada ikusten ari diren bestelako adierazpide batzuk.

 

e) Justizia, demokrazia eta gardentasuna izan behar dira aplikatzen diren neurri guztien oinarri nagusiak; hortaz, parte hartzeko moduak ezarri beharra dago herritarren erabakiak hartzerakoan, zaintza, jarraipen eta kontrolaren arloko eskumen eta guzti hartutako neurriei dagokienez. Horretarako, adierazle eta helburu egiaztagarriak eta neurgarriak ezarri beharko dira, eta beharrezkoa izanen da mekanismo horrek bereziki jasotzea bere baitan generoaren eta bestelako kolektibo ahulen ikuspegia.

 

2. Bat egitea eta babestea Klima Larrialdiaren aldeko Aliantzak 2019ko irailaren 27an eginen duen elkarretaratzearekin, eta ekintza klimatikoen astearen baitan horren aurreko astean egiten diren mobilizazioak eta jarduerak ahalbidetzea, lortze aldera Klima Larrialdi hori mundu mailan deklaratzea”.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi Navarra Sumak aurkeztutako adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu, antidemokratikoa izateagatik, alderdi politikoei kanpaina politikoan euskal lurraldea erabil ez dezaten exigitzen diren ekimena.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Nafarroako Ahal Duguk eta I-Ek proposamenaren aurkako botoa eman dute; Navarra Sumak, berriz, aldekoa.

 

Onetsi ez den proposamenak honako hau zioen: “Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du ekimen hori, antidemokratikoa eta adierazpen askatasunaren, Konstituzioaren eta Giza Eskubideen aurkakoa izateagatik, eta uste du zinikoa dela indarkeriazko istiluak sortzen eta antolatzen hamarkadak daramatzanak beste alderdi batzuei leporatzea orain halakorik eragitea”.