Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Azaroak 28

Lesbiana, gay, bisexual eta transexualentzako laguntza-bulegoa sortzeko lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi dute

Asmoa kolektibo horren beharrizan bereziei erantzuteaz gain, sexu-orientazioa dela-eta eratorritako diskriminazioa saihestuko duten politikak diseinatzean aurrerapausoak ematea zen

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, SNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, Lesbiana, gay, bisexual eta transexualentzako (LGTB) laguntza-bulegoa sortzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du gaur.

Izquierda-Ezkerrak aurkeztu duen proposamenaren xedea LGTB kolektiboarentzako laguntza-bulego bat sortzea zen, hartara, “haien beharrizan bereziei erantzuteko” eta “sexu-orientazioa dela-eta eratorritako diskriminazio mota oro” saihestuko duten politikak diseinatzeko aholku eta laguntza emateko.

Horregatik, “herritarrak aniztasunaz kontzientziatzeko”, unitate hori Gizarte Politikako departamentura atxikitzea proposatzen zen, non burua koordinatzaile bat izango zen, Nafarroako Gobernuak izendatua eta Gizarte Politikako kontseilariak proposatua.

Bulegoak departamentuetako laguntza teknikoa jasoko zukeen eta administrari eta gizarte-lanean edo gizarte-hezkuntzan diplomadun bat izango zituzkeen lanean. Gainera, gizarte- eta irabazi asmorik gabeko erakundeek parte-hartzera irekita egongo zatekeen, izan ere, haien ekarpena kontuan hartu nahi zen eskariaren hasierako azterketa burutzerakoan, 6 hilabeteko epean gauzatu beharrekoa zena.

Horretarako, kudeatze lan ireki horren mugak “bateratu, zehaztu eta definitzeko” Aniztasunaren aldeko Mahaia sortzea proposatzen zen. Mahaia osatzerakoan aintzat hartu nahi ziren LGTB elkarteak, hiesaren aurkako kolektiboa eta genero-berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteak.

Alor honetako “araudian aurrerapausoak ematen” laguntzeaz gain, legearen bidez Parlamentuak 2008ko otsailaren 8an Nafarroako Gobernuari egindako eskaera erantzun nahi zitzaion, zeina “Nafarroako lesbiana, gay, bisexual eta transexualei arreta, informazioa eta aholku emango zien zerbitzu bat berma zezan” premiatu zen.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 96. zk., 2013-09-09koa)