Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 30

Zoru-klausulak itzultzeagatik jasotako kopuruen trataera fiskala arautzen duen Foru Legea onetsi da

Estatuko legediak 1/2017 Errege Lege Dekretuan ezarritako irizpideen arabera, PFEZean eraginak ditu urtarrilaren 21etik aurrera eta preskribatu gabeko ekitaldietan

Parlamentuko Osoko Bilkurak Zergadunak zoru-klausulei dagokienez babesteari buruzko Foru Legea onetsi du gaur, aho batez eta irakurketa bakarrean.

 

UPN parlamentu-taldeak sustatu duen legearen helburua da arautzea entitate finantzarioekin eginiko akordioetatik eratorritako maileguen interes-tasak mugatzeko klausulak (zoru-klausulak) itzultzeagatik jasotako kopuruek Nafarroako zergadunentzat sor ditzaketen eragin fiskalak.

 

Horretarako, eta kontuan hartuta Foru Komunitateak bere tributu araubidea ezartzeko, mantentzeko eta arautzeko ahalmena daukala, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginari beste xedapen gehigarri bat gehitzen zaio, zeinak ondorioak sortzen baititu Zoru-klausularen alorrean kontsumitzaileak babesteko presako neurriei buruzko urtarrilaren 20ko 1/2017 Errege Lege Dekretuak indarra hartu duenetik aurrera.

 

Errege Lege Dekretu horretan, maileguko edo higiezin-bermedun kredituko kontratuetan jasotako zoru-klausulak aplikatuta kreditu-erakundeek bidegabeki sorrarazi zituzten kopuruen itzulketagatik jasotako kopuruen trataera fiskala arautzen da, besteak beste.

 

1/2017 Errege Lege Dekretua Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai baten ondorio da; izan ere, 2016ko abenduaren 21ean epai horrek Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia indarrik gabe utzi zuen, itzulketaren ondorioak zoru-klausulen abusuzko izaera deklaratu zuen ebazpen judiziala eman zenetik (2013-5-13) ordaindutako kopuruetara mugatu nahi baitzituen. Beraz, indargabetzearen adierazpenak bai behin betiko epaiak hartu dituzten egoerak bai 2013ko maiatzaren 9aren aurretik ordaindutako kopuruak ukituko ditu.

 

Foru legean ezarritako zerga tributazioko irizpideen arabera, zoru-klausulen itzulketak (diruz nahiz bestelako konpentsazio-neurrien bidez egindakoak) eta kalte-ordainetako haien interesak ez dira sartuko PFEZaren zerga-oinarrian.

 

Klausula horiengatik ordaindu diren eta preskribatu gabeko ekitaldietako ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko kenkariaren zati izan diren kopuruei dagokienez, bidegabeki egindako kenkariak akordioa egiten den edo epaia edo arbitraje-laudoa lortzen den zergaldian erregularizatuko dira, berandutza-interesik sartu gabe. Maileguaren zenbateko nagusia murrizteko erabili diren kopuruak, berriz, ez dira erregularizatuko.

 

Preskribatu gabeko aurreko ekitaldietan gastu kengarritzat edo ondarearen murrizketatzat (jarduera ekonomikoen etekinak eta kapital-etekinak) jo diren kopuruei dagokienez, aipatutako ekitaldietako aitorpenak zuzentzeari ekingo zaio, zehapenik, berandutza-interesik eta inolako errekargurik aplikatu gabe, gastua edo ondarearen murrizketa baliogabetze aldera. Aldaketa akordioa hartzen den egunetik PFEZaren aitorpena aurkezteko hurrengo epearen amaierara bitartean eginen da.

 

Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak aldaketa-zuzenketa bat aurkeztu du, aho batez onetsi dena. Horrenbestez, Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak eskatuta, azken atal bat gehitu da, zeinak entitate finantzarioak behartzen baititu Foru Ogasunera bidaltzera judizioz kanpoko akordioen edo epai judizialak edo arbitraje-laudoak betearazi edo betetzearen baldintzak adierazten dituen ziurtagiria, “ezarritako neurrien zerga kudeaketa errazte aldera”.

 

Zehatz-mehatz, eta zerga-arloko arau-haustea egiteagatiko zigorra egonda (13/2000 Foru Legearen 72. eta 74. artikuluak), entitate finantzarioek itzultzen diren kopuruen berri eman beharko dute, hautatutako modua edozein dela ere (esku-diruzko itzulketa, mailegua murriztea edo beste batzuk), horiei dagozkien urteko kuotak banakatuta, baita ukitutako zergadunaren/zergadunen berri ere.