Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Apirilak 27

Parlamentuak Estatuko Gobernua premiatzen du pobrezia energetikoa prebenitzeko lege esparrua sor dezan

Eskatu dio energia “lehentasun sozial” gisa kudeatzeko berariazko politika abian jar dezala, “funtsezko ondasun komuna” baita

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean, Espainiako Gobernua premiatzen du “lege-esparrua alda dezan, halatan elektrizitatea eta horren produkzioa, hornidura, banaketa eta merkaturatzea herritarren zerbitzura egon daitezen, eta pobrezia energetikoa prebenitzeko”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek alde bozkatu dute, eta UPNk eta PPNk aurka.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Espainiako Gobernua premiatzen da “Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea alda dezan, BEZ murriztu bat ezarriz etxeko erabilerarako gasaren eta elektrizitatearen preziorako”. Puntu horretan UPNk eta PPNk aurkako botoa eman dute eta PSN abstenitu egin da. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa berretsi dute.

 

Azkenik, EH Bildu taldeak in voce zuzenketa bat aurkeztu du eta ekimenaren titularrak, I-Ek, onartu egin du. Horrenbestez, erabakian Parlamentuak eskatzen du “epe luzeko energia-plan bat egin dadila, jasangarritasun irizpideak eta energiaren prezioen sistema zuzenago bat oinarritzat harturik”. UPNk eta PPNk aurkako botoa eman dute, eta gainerakoek aldekoa.

 

Jatorrizko erabakiak bazuen hirugarren atal bat, eta bertan Espainiako Gobernuari eskatzen zitzaion sektore elektrikoa nazionaliza zezala, “horrela ekonomiako sektore estrategiko hori interes orokorraren zerbitzura jartzeko”. UPN, PSN eta PPNren aurkako botoek eta Geroa Bairen abstentzioak gaina hartu diote EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren sostenguari.

 

Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak sustatutako erabaki horrek, zioen azalpenean, pobrezia energetikoarekin lotzen ditu “gainkostua, etxeetako beharrak asetzeko ezintasuna edo bizi kalitatearen galera”, eta ohartarazten du pobrezia energetikoa larriagoa dela “landa eremuetan edo biztanle gutxikoetan eta are gehiago osasun arazoak dauden etxeetan”.

 

Gero zenbait azterlan aipatzen dira, Espainian, “EB27ko herrialdeetatik elektrizitatearen prezio garestienak dituen estatuan, Maltaren eta Zipreren atzetik”, elektrizitatearen prezioak izan duen igoera neurrigabea agerian jarri dutenak. Nafarroan 100.000 pertsona inguruk pairatzen dutela pobrezia energetikoa eta Espainian hotzaren ondoriozko heriotza gehigarriak 7.000 izan litezkeela adierazten da.

 

Horiek horrela, “pobrezia energetikoari aurrea hartzeko berariazko politikarik” ez dagoela egiaztatuta, Europar Batasunari begiratzen zaio, bertan energia “funtsezko ondasun komuntzat” hartzen baita, eta energia “lehentasun sozial” bihurtu behar dela aldarrikatzen da. Helburu hori, bistan denez, “bateraezina da Alderdi Popularraren Gobernuak abiarazitako energia-merkatuaren erreformarekin eta tarifa-defizit delakoarekin”. Hain zuzen ere “arazo hori ez konpontzea da kontsumitzaileei ezarritako prezioen eta, beraz, pobrezia energetikoaren gorakadaren arrazoi nagusia”.