Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Irailak 11

Oinarrizko eskubideen babesa EBn, eztabaidagai Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelan

Parlamentuko lehendakariak gobernuen arteko elkarrizketa eta erakundeen lankidetza eskatu ditu migratzaileentzako arreta hobetzeko

Nafarroako Parlamentuan, María Teresa Gil-Bazo Newcastleko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbideko irakasleak gaur hitzaldia egin du gai honi buruz: Oinarrizko eskubideen babesa Europar Batasunean. Erakundeen arteko elkarrizketak asiloaren eta migrazioaren arloan.

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eman dio hasiera jardunaldiari, eta poza agertu du “gaur-gaurkoak” diren gai horiek mahai gainean jarri direlako legebiltzarraren egoitzan, legegintzaldi honetan egiten den lehenbiziko “zabalkunde-ekitaldian”.

 

Askotan “gizartea politikaren eta erakundeen aurretik” dabilela azpimarratu du Hualdek, eta adibide gisa gogora ekarri du azken urte hauetan Europan bizi izan duguna: milaka pertsona gerratik edo pobreziatik ihesi, edota uda honetan Open Arms ontziari Mediterraneoan gertatutakoa. “Oinarrizko eskubideen babesak batzuetan talka egiten du zenbait herrialderen politika bihozgabearekin”, erantsi du.

 

Lehendakariaren iritziz, Europar Batasunak “bizkorrago babestu behar lituzke oinarrizko eskubideak”. Nafarroako erakundeek, kasu honetan Parlamentuko Lehendakaritzak, Europaren garrantzian eta estatuen arteko batasunaren onuretan sinesten dutela gehitu du, eta "gobernuen arteko elkarrizketa eta erakundeen arteko elkarlana” eskatu ditu “migratzaileentzako arreta hobetzeko eta asilo kontuetan bizkorragoak izateko”.

 

Bestalde, Asunción de la Iglesia Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelaren zuzendariak Nafarroako Parlamentuari eskerrak eman dizkio “nafar guztien etxera” gonbidatzeagatik eta bertan egindako harreragatik.

 

De la Iglesiak balio handikotzat jo du legebiltzarrak 2002. urteaz geroztik Nafarroako Unibertsitatearekin duen lankidetza, “herritarrak eta ikasleak kezkatzen dituzten eta erantzuna behar duten gaiei ekitea” ahalbidetu baitu. Gaineratu du Nafarroako Parlamentua beti izan dela “aktiboa immigrazio gaietan”, eta arazo sozialez eta premia politikoez arduratzen den hizketagune hau sortzeko prestasuna eskertu dio.

 

María Teresa Gil-Bazo Nazioarteko Zuzenbideko irakaslea da Newcastleko Unibertsitatean. Asiloaren eta migrazioaren arloko Europar Batasuneko lege-esparruaren berri eman du, EBren sorreratik hona izan duen bilakaerari erreparatuz, eta asiloaren eta harreraren arloan egindako erreforma guztien xehetasunak azaldu ditu.

 

Hitzaldiaren ondoren, entzuleen eta hizlariaren arteko solasaldi batean, azaldutakoarekin lotutako hainbat gai jorratu dira, esate baterako errefuxiatuen gizarteratzea.

 

María Teresa Gil-Bazo Zuzenbideko lizentziaduna eta Nazioarteko Zuzenbideko doktorea da, eta asilo-eskubideari buruzko tesia egin du. Deustuko Unibertsitatean egin ditu ikasketak. Gaur egun Nazioarteko Zuzenbideko irakaslea da Newcastleko Unibertsitatean, eta Amnistia Internazionalean asiloaren inguruko gaien arduraduna izan da (Europar Batasunerako bulegoan, Bruselan). Baditu hainbat argitalpen, eta errefuxiatuen babes juridikoari, asilo-eskubideari eta migrazioen gaineko legeriari buruzko eskolak ematen ditu hainbat masterretan. Asiloaren, babesaren eta barne-lekualdatuen gaineko zenbait kontzeptu landu ditu.

 

Honako parlamentari hauek izan dira ekitaldian: Alberto Bonilla (Navarra Suma), Arantza Biurrun, Nuria Medina, Carlos Mena, Patricia Fanlo, Inma Jurío (PSN), Laura Aznal (EH Bildu) eta Marisa de Simón (I-E)

 

Gaurko hitzaldiaren antolatzailea, Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela, "unibertsitateko komunitate osoaren zerbitzurako tresna izateko” sortua da, eta beraren bidez “sakonean ikertu eta ezagutu nahi dira sistema politiko-parlamentarioa eta sistema juridiko-konstituzionala".

 

Xede hori garatzeko, Ikasgelak urtero jardunaldiak eta hitzaldiak antolatzen ditu askotariko gaiei buruz. Entzute eta maila zientifiko handiko hizlariak ekartzen ditu betiere.

 

Nafarroako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko Sailak kudeatzen du Ikasgela, 2002az geroztik unibertsitate horren esku baitago, Nafarroako Parlamentuarekin egindako hitzarmen baten ondorioz.