Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea
Osoko bilkuran onetsia. 2020ko abenduaren 10ean
Nafarroako Parlamentuaren Osoko bilkurak gaur Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi du. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta Navarra Suma abstenitu egin da.
Gobernuak bultzatutako lege honek araua turismoaren egungo errealitatera egokitzeko beharrari erantzuten dio. Izan ere, turismoa “etengabe eboluzionatzen eta eraldatzen ari da” eta jarduera antolatu beharra dago, “enplegua eta aberastasuna sortzeaz gain hura eskuratu eta baliatzeko hesiak ezabatzeko. Gainera, 2015/2032 Zuzentarauan kaudimengabeziatik babesteko aurreikusten diren baldintzen transposizioa egiten da, bidaia konbinatuei eta lotetsitako zerbitzuei dagokienez.
Testuinguru horretan, foru legearen aplikazio eremua zabaldu egiten da, barnean hartuz jarduera turistikoak egiten dituzten zenbait pertsona fisiko edo juridiko. Horretarako sakonean birformulatzen da jardueraren antolamendua, kontzeptu hauek definituz, besteak beste: eskaintza turistikoko kanala edo plataforma, bidaia konbinatuak eta lotetsitako bidaia zerbitzuak.
Gainera, bidaiarien babesa indartze aldera, turismoko establezimendu eta zerbitzuen publizitate, informazio eta deskripzio orok “erabilgarria, zehatza eta egiazkoa” izan behar duela ezartzen da, eta erabiltzaileei Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea eman behar zaiela azpimarratzen da. Hala ez egitea, nahitaezkoa denean, “arau-hauste astuntzat” joko da.
Modu berritzailean arautzen da, halaber, jarduera bati ekin edo lizentzia bat eman aurretik turismoko enpresek eta toki entitateek kontsulta egin ahal izateko aukera.
Bestalde, hobetu egiten da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko araubidea. Hala, jatetxe enpresek inskripzioa aukerakoa izanen dute, eta bitartekotza jarduera osagarriak egiten dituzten enpresek ez dute inskribatu beharrik izanen haien jarduera nagusia turistikoa ez denean. Gainera, zehatzago erregulatzen da zer ondorio duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak erregistroan izena emateko eta zer ondorio, halaber, adierazpenean zehatza ez den edo gezurrezkoa den zerbait jartzeak edo zerbait falta izateak, edukia funtsezkoa bada.
Eta Nafarroako Turismo Erregistroaren erregulazioa osatu egiten da, inskripzio kode bat eratzen baita, jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileen eskubideak bermatu daitezen eta funtsezko tresna bat izan dadin bidegabeko lehiaren, gezurrezko publizitatearen eta intrusismoaren kontrako borrokan sektore turistikoan.
Enpresek betebehar berriak izanen dituzte, eta horietako bat da departamentu eskudunari jakinaraztea enpresen datuak, baldin haien jarduera, zerbitzu edo establezimendu turistikoak merkaturatzen eta/edo publizitatzen badira Erregistroko inskripzio kodea adierazi gabe, inskripzio hori nahitaezkoa denean.
Halaber ostatu turistikoaren kontzeptua aldatzen da (etxebizitza turistikoak eta ostatu bereziak eransten dira), eta zehatzago erregulatzen da zer kasutan lekatzen ahal den, salbuespenez, ostatu turistiko bat inskribatzeko edo kategoria jakin batean sartzeko eskatu beharreko gutxieneko betekizun eta baldintzetako bat betetzetik. Bestalde, establezimendu turistikoen kalitate-baldintzetan haien irisgarritasunaren erreferentzia eransten da.
Azaldutakoaren haritik, figura berri bat sortzen da, barnean hartzeko, zehazki izaera turistikorik izan gabe, “bidaiaren esperientzia hobetzen laguntzen” duten establezimenduak edo jarduerak, eta, horretarako, zehazten da zer ezaugarri izan behar dituzten eta zein den hala sailkatzeko modua.
Jatetxeen jarduerari dagokionez, kafetegiak eta taberna bereziak kentzen dira jarduera horren modalitateetatik; jatetxeak bakarrik hartuko ditu bere barnean, baita geroago erregelamendu bidezko garapena izanen duten beste modalitate batzuk ere. Horien artean aipatzen dira “interes turistikoa deklaratu zaien jarduera gastronomikoak antolatzen eta/edo horien garapenean parte hartzen duten ostalaritza establezimenduak, edo ospetsuak, bereziak edo herrian sustraituak direnak”.
Bitartekotza turistikoa delakoa 2015/2302/EB Zuzentarauari egokituko zaio. Zuzentarau hori bidaia konbinatuei eta lotetsitako bidaia zerbitzuei buruzkoa da, eta berritasun aipagarriak ekarri ditu bidaiariaren babesari dagokionez, bidaia konbinatuak antolatu eta merkaturatzeari dagokionez (kaudimengabeziaren ondoriozko arrisku guztiak estaltzen dituen bermea eskatzen da) eta lotetsitako bidaia zerbitzuei dagokienez (figura hori foru araudian sartzen da).
Ildo horretan, aukera ematen zaie enpresa batzuei bitartekotza turistikoaren jarduerak egin ditzaten, beren jarduera nagusiaren osagarri. Eta bitartekotza turistikoko enpresen multzoan sartzen dira enpresa turistikoen taldeak, “merkaturatze amankomuna” xede dutenak.
Arau-hauste eta zehapenen araubidean, bestalde, isunen zenbatekoak eguneratzen dira arau-hauste astunetarako (9.000 euro arteko isuna) eta oso astunetarako (75.000 euro arteko isuna), eta zigorrak mailakatzeko beste bi inguruabar eransten dira: arau-haustearen oihartzun soziala eta arau-hausleak merkatuan duen kokapena eta garrantzia.
Azkenik, Foru Komunitateko Bidaia Agentzien Erregelamendua onesten da, finkatu gogo baitira bidaia konbinatuak eta lotetsitako bidaia zerbitzuak antolatzen edo merkaturatzen dituztenek eratu behar dituzten bermeen baldintzak.
Legeak araubide iragankor bat aurreikusten du berak indarra hartu baino lehen hasitako prozeduretarako (hasi zirenean indarra zuen araudia beteko dute, tramitatzen ari diren zehapen prozedurek izan ezik, horietan arau-hauslearen aldekoen den araudia aplikatuko baita); eta hiru hilabeteko epea ezartzen du goian aipatutako bermeak eratzeko.
Batzordean egindako eztabaidan 27 zuzenketa eztabaidatu ziren, eta horietatik 10 onetsi. Hain zuzen ere, “turismo-baliabideak, ingurumena, paisaia eta gure kultura zaindu eta mantentzeko” betebeharra ezartzen da, eta administrazio publikoei eskatzen zaie behar diren neurri guztiak har ditzatela, baita “energia-efizientzia”ren arloan ere.
Turismo sektorearen prestazioak kontrolatzeko asmo horren erakusgarri da Nafarroako Turismo Behatokia barne hartu izana, informazioa bildu eta sortzeko tresna estatistiko gisa.
Xede horrekin, turismoaren kudeaketa hobetzeko komenigarritzat jotzen diren organo eta entitateak sortzeko aukera ere aurreikusten da, esaterako Turismo-guneak Kudeatzeko Unitateak edo antzeko beste batzuk.
Turismo sektorearen sustapenaren alorrean erabaki da Departamentuaren Urte anitzeko Jarduketa Planean nahitaez ezarri beharko direla aurrekontua eta finantzaketa, politika publikoen jarraipena eta ebaluazioa erraztea helburu.
Osoko bilkuran eginiko eztabaidan ordezteko zuzenketa bat onetsi da, zioen azalpena ordezkatzen duena, eta PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek sinatu dute eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proiektua (88. NPAO, 2020-08-21ekoa)
- Zuzenketak (126. NPAO, 2020-11-16koa)
- Irizpena (135. NPAO, 2020-12-02koa)