Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Ekainak 19

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Pedaladas de Visibilidad proiektuaren ordezkaritzari

Unai Hualdek eskertu egin du Besarkada eta C.D. para Ciegos elkarteen “sormenezko ahalegina”, ikusgaitasuna emateagatik “tabua den eta agenda sozialean zein Parlamentuaren agendan gero eta maizago agertzen den gai bati”

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Pedaladas de Visibilidad proiektuaren ordezkaritza bati. Besarkada-Abrazo eta Club Deportivo para Ciegos de Navarra elkarteen ekimen bat da, eta xede du suizidioak aztertzeko eta prebenitzeko plan nazional bat lantzeko babes soziala eta instituzionala biltzea.

 

Topaketan, Besarkada eta C.D. para Ciegos de Navarra elkarteen eledunek ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkiote lehendakariari: tandem bizikletan egindako hamahiru etapatan (maiatzaren 18tik 30era), ekimena aurkeztu dute Frantses Bideko udalerrietan, eta orain aurkezpenak egiten jarraitu nahi dute Donejakue bideko estatuko gainerako udalerrietan.

 

“Donejakue bideak aukera aparta ematen du udalek, komunikabideek eta herritarrek bat egin dezaten esku-hartze integral bat aurreikusiko duen suizidioaren prebentziorako plan nazional baten eskaerarekin. Ez gara osasun mentalaz bakarrik ari. Aldarrikatzen dugu beharrezkoak direla, orobat, heziketa emozionala, prestakuntza eta hainbat esparrutako ikasleak zein irakasleak baliabidez hornitzea; besteak beste, medikuntzaren, psikiatriaren, psikologiaren, erizaintzaren eta gizarte-lanaren alorretako profesionalak, irakasleak, segurtasun-indarrak, bizirauleak, senideak, etab.”, adierazi du Juan Carlos Carcavillak, Besarkada-Abrazo elkartearen eledunak.

 

Horretarako, eta herritarren eta erakundeen ahalik eta babes handienarekin iristeko irailaren 10era, Suizidioaren Prebentzioaren Mundu Egunera, “udalerri eta udal guztietara eramango dugu gure sinadura-bilketako kanpaina. Itxaropen-mezua zabaldu nahi dugu bizirauleen ingurukoen artean. Datuak oso latzak dira: 4.227 suizidio ofizial, 85.000tik 120.000ra bitarte suizidio-ahalegin eta hainbat eta hainbat pertsona eta familia ikusezin sufritzen ari direnak eta suizidioak aztertzeko eta prebenitzeko plan nazional bat galdatzen dutenak”, azaldu du Carcavillak.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, eskerrak eman dizkie bi erakundeei suizidioaren fenomenoari ikusgaitasuna emateko sortu duten ekimen honekin erakutsi duten sormenagatik. Lehendakariaren hitzetan, “suizidioaren fenomenoa tabu izatetik edo ikusezin egotetik Parlamentuaren agendan gero eta maizago agertzera igaro da, bai gazteen eztabaidetan, bai ohiko jardueran edo egin berri diren Eskola Kontseiluaren jardunaldietan”.

 

Orobat, Unai Hualdek konpromisoa hartu du bi elkarteek helarazi dioten manifestua taldeei igortzeko, eta adierazi du prest dagoela Osasun Batzordearen lan-bilkura batean parte hartzeko, ekimena eta elkarteen aldarrikapenak lantze aldera.

 

Honako hauek osatu dute lehendakariarekin bildu den Pedaladas de Visibilidad proiektuaren ordezkaritza: Juan Carlos Carcavillak, Francisco Carcavillak (Besarkada-Abrazo), Pablo Segurak, Unai Vicandik (C.D. para Ciegos), Daniel Solak eta Txema Graciak (Ayuda IN).

 

Club Deportivo para Ciegos de Navarra irabazi asmorik gabeko antolakunde bat da, eta Nafarroako pertsona itsuen eta ikusteko desgaitasuna dutenen kirolaren esparruan jarduten du 2007az geroztik.

 

Besarkada-Abrazo pertsona maitatu baten suizidioak ukitutako pertsonen elkarte bat da, bizipenak partekatzeko eta sentsibilizazioaren, heziketaren eta ikerketaren alorretatik prebentzio soziala gauzatzeko xedez sortua.