Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Irailak 13

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Alzheimerra eta bestelako dementziak dauzkaten pertsonen senitartekoen Nafarroako Elkarteari (AFAN)

Alzheimerraren Nazioarteko Egunaren karietara, Hualdek azpimarratu du sentsibilizazio eta zabalkunde lanetan lankidetzan jarraitzearen garrantzia

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean Alzheimerra et bestelako dementziak dauzkaten pertsonen senitartekoen Nafarroako Elkarteko lehendakari Amelia Lecumberriri, zeinarekin batera etorri baitira Idoia Lorea psikologoa eta Victoria Erice gizarte-langilea.

 

Bileran, Lekumberrik aldeztu du “behar diren neurriak ezartzea, eraginkorrak izan daitezen Alzheimerrak ukitutako pertsona guztien inguruko eskari guztiak, eta horrek eskatzen du “kontzientzia sortzea ikerkuntzan inbertitzeko beharrari buruz, aurrerabidea egiteko modu bakarra baita. Ikertu behar da gero ekiteko, eta horrek konpromiso politiko eta instituzionala eskatzen du. Izan ere, Espainian alopeziaren ikerkuntzara bideratzen den dirua Alzheimerrarekin erabiltzen denaren bikoitza baino gehiago da. CEAFAren datuak ditugu horiek”.

 

Beste alde batetik, datorren 21ean ospatuko den Alzheimerraren Nazioarteko Eguna dela-eta, AFAN elkarteko arduradunek aipatu dute aukeratutako leloa (Gaitzaren ibilbidean ikertzea), modu osagarrian nabarmentzeko ikerkuntza soziosanitarioa, sendabiderik ez den bitartean ezinbestekoa delako kalitatezko arreta ematea ukitutakoei eta haien familiei. Ikerkuntza biomedikoa ez da aski, ibilbide osoak joan behar du aldez aurreko ikerkuntzatik amaierako doluraino”.

 

Unai Hualdek, berriz, azpimarratu du “Parlamentuak AFANekin sentsibilizazio eta zabalkunde lanetan lankidetzan jarraitzearen garrantzia, areago Alzheimerraren Nazioarteko Egunaren karietara”.

 

Alzheimerra daukaten pertsonen senitartekoen Nafarroako Elkarteak (AFAN) laguntza integrala ematen dio gaixoaren zaintzaz arduratzen den senitartekoari, eramangarriagoa izan dadin gaixotasuna informazioa, prestakuntza eta laguntza emozionala ematearen bidez. Baliabide soziosanitarioak sustatzeaz eta horiei zabalkundea emateaz gain, sentsibilizazio-lanaz eta ikerkuntzetan lankidetzan aritzeaz ere arduratzen da.

 

Irabazi-asmorik gabeko laguntza-erakundea da, onura publikoaren deklarazioa duena eta Nafarroako Gobernuak osasun-zentro gisa kreditatua. Bazkideen ekarpenen bidez, erakundeen eta entitateen dirulaguntzen bidez eta dohaintzen bidez finantzatzen da.