Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Otsailak 20

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko 14/2004 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi da

Testu berriak garatu egiten du foru lege-dekretuak, erregelamendu eskumenen esleipena eta araugintzarako ahalmenaren erabilera arautzen dituen esparru juridikoa

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Batzordeak gaur bere irizpena onetsi du Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proiektua dela eta.

 

Gobernuak sustatutako foru lege proiektu horren helburua da, lehenik eta behin, foru lege-dekretuen onespena eta Gobernuari eta kontseilariei erregelamendu eskumenak esleitzea arautzen dituen esparru juridikoa garatzea. Gainera, arau horretan bakarrik jaso nahi da arau eskumenen esleipena, bai eta legegintzako ekimena izapidetzeko prozedurei buruzko xedapenetako bakoitzaren definizioa ere. Hori guztia egiteko, azpimarratzen denez, testu osora hedatzen den hizkera inklusiboa erabili da.

 

Foru lege-dekretuei dagokienez —Gobernuak kasu berezi eta oso presakoetan erabil dezakeen aukera, behin-behineko legezko xedapenak eman ahal izateko—, garatu egiten da prerrogatiba hori, 14/2004 Foru Legea onetsi ondoren gure ordenamenduan sartu zena. Zehazki, urriaren 27ko 7/2010 Lege Organikoaren bidez gehitu zitzaion Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoari.

 

Gobernuak kontseilari eskudunen proposamenez onesten dituen foru lege-dekretuak aldarrikatu eta hogeita hamar eguneko epean berariaz baliozkotu behar ditu Parlamentuak, eta baliozkotu ezean indarrik gabe gelditzen dira. Epe horretan legebiltzarrak erabaki dezake foru lege-dekretuak foru lege proposamen gisa izapidetu daitezela presako prozedura erabiliz.

 

Bestalde, Estatuko legegilearekin bat etorriz, hark uste baitu xedapen arauemaileak prestatzeko lana administrazio prozedura arautzen duen arauan erregulatu eta jaso behar dela, urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusten den bezala, ildo horretatik berrantolatzen dira Gobernuaren legegintza-ekimenaren eta araugintzarako ahalmenaren izapideak.

 

Hizkera inklusiboari dagokionez, testu osoko hitzak eta esamoldeak eguneratu egiten dira sexismorik gabeko estilora egokitzeko, eta horrek, kasu honetan, karguen izenei eragin die batez ere. Hala, gaztelaniaz “vicepresidenta o vicepresidente”, “consejera o consejero”, “directora general o director general”, “secretaria o secretario” eta horrelako izenak jarri zaizkie karguei.

 

Batzordean egindako eztabaidan zuzenketa bakarra eztabaidatu da, bai eta onetsi ere, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen abstentzioarekin. Zuzenketa teknikoa izan da eta PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Irizpena onetsi ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proiektua hilaren 28ko osoko bilkurara eramanen da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Unai Hualde (Geroa Bai talde parlamentarioa) aritu da gaur arratsaldeko bilkuraren buru, eta bertan izan dira Carlos García Adanero, Begoña Ganuza, Luis Casado, Pachi Irízar (UPN talde parlamentarioa), Patxi Leuza, Jokin Castiella (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Carlos Couso, Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa), Inma Jurío, Conchi Ruiz (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).