Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Otsailak 15

Nafarroako Gobernua premiatzen da musika-ikasketa profesionalak Nafarroatik kanpo egiten dituzten ikasleen aukera-berdintasuna berma dezan

Arrazoi geografikoak direla medio Irungo Kontserbatorioan matrikulatzea erabakitzen duten Nafarroako iparraldeko ikasleentzat, matrikulazio-tasak sei aldiz handiagoak baitira

Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatzen baitio “musika ikasketa profesionalak Nafarroatik kanpo egiten dituzten ikasleei ekitatea eta aukera berdintasuna bermatzeko beharrezkoa diren neurriak har ditzala, ordaindu beharreko tasen prezioan aldea handia denean nolabaiteko konpentsazioa eginez, izan lankidetza formularen bat bilatuz, izan musika eskolei ematen zaien dirulaguntzetan lurralde kohesioaren irizpidea ere txertatuz, edo egoki ikusten den moduan”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Hezkuntza Departamentuak igorritako informazioari heltzen dio egiaztatzeko Nafarroako iparraldetik eta, zehazki, Malerrekatik edo Bortzirietatik, lruñerako distantzia geografikoaren eraginez, Irungo Udal Kontserbatoriora joan behar duten ikasleek sei aldiz gehiago ordaindu behar dutela Iruñekoek baino.

 

Ez da gauza bera gertatzen Nafarroako hegoaldetik Aragoira edo Errioxara joaten diren ikasleekin, hauen kasuan ez baitago alde nabarmenik. Horregatik guztiagatik, proposamena egin duenak “lurralde-kohesio” arrazoiak aipatu ditu “desberdintasun hori zuzentzeko neurriren bat” eskatzeko.

 

Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Pedro González, Raquel Garbayo, Isabel Olave, Alberto Bonilla, José Suárez, Ángel Ansa (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz eta Patricia Perales (EH Bildu).

 

* Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek ez dute bilkuran parte hartu. 

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus 

• Mozioa (18. NPAO, 2023-02-03koa)