Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 24

Nafarroako Gobernua premiatzen da iraila baino lehen Enplegu Plana aurkez dezan

Enplegu eta garapen arloko politiken baitako interes ekonomiko eta sozialen defentsa zehazteko, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren irizpideen arabera

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Geroa Bai eta I-Eren abstentzioarekin eta EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua dei dezan urgentziaz, betearazte aldera Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak 2017ko urtarrilaren 25ean sinatutako akordioa, Enplegu Plan bati buruzko konpromisoa ezarri zuena”.

 

Bigarren atalean, onetsitako ebazpenak Nafarroako Gobernua premiatzen du “aurtengo iraila baino lehen igor dezan 2019tik 2023ra bitarteko Enplegu Plana, aldez aurretik Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluarekin adostua”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak oroitarazten du Administrazio Publikoen eta ordezkaritza handieneko solaskide sozialen arteko elkarrizketa sozial iraunkorra gizartearen hobekuntza orokorraren aldeko politika komunak taxutu eta parte hartzeko ezinbesteko bitartekoa direla. Hala ezartzen du Europar Batasunak Europa 2020 Estrategian, gobernantza publikoa eta erreforma ekonomikoak eta sozialak hobetze aldera egindakoan.

 

Hori dela eta, interes horien defentsan, kontuan hartuta Enplegu Planak direla babes horren berme nagusia, Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak 2017an onetsitako ibilbide orria zehazteko eskaera egiten da.

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioaren argitalpena (59. NPAO, 2018-05-08koa)