Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 18

Nafarroako Gobernua premiatzen da Ekonomia eta Ogasun Departamentua moderniza dezan, teknologia digitalak erabiltzearen bidez

Osoko bilkuran onetsia. 2021eko otsailaren 18an

1.- Nafarroako Gobernua premiatzen da Ogasuneko Departamentuaren eguneratze teknologikorako egutegi bat ezar dezan, bai softwarean bai hardwarean, sistema guztien modernizazioan inbertituz, bereziki zaharkitze teknologikorako arrisku handia duten sistemetan.

 

2.- Foru Exekutiboari eskatzen zaio kredentzialen sistemak (identifikazioa) erabiltzaileen erabilera hedatuko sistemetara egoki ditzan, hala nola Cl@ave eta ziurtagiri digitala izenekoak, pixkanaka eta lehenbailehen NAN+PIN sistema zaharkitua eta kaltebera ezabatuz. Era berean, aitorpen biometrikoa sartzen joatea departamentuko eragiketa guztietan, Estatuko eta Europako legeriak eskaintzen dituen bermeekin.

 

3.- Foru Exekutiboa premiatzen da Foru Ogasuna “zero paper” ereduaren arabera eraldatzen jarrai dezan, guztia urrutitik eta formatu digitalean egiteko aukera emanez.

 

4.- Gobernuari eskatzen zaio konputaziorako eta biltegiratzerako gaitasuna handi dezan, batez ere zerbitzu handiko egunetan, prestazioa eteteko arriskurik egon ez dadin.

 

5.- Nafarroako Gobernua premiatzen da pandemia betean inauguratu zen “laguntzaile birtualen” zerbitzua finkatu eta handi dezan, hartara herritarrei laguntza pertsonalizatua ematearen aldeko apustua eginez, non dauden alde batera utzita eta aurrez aurreko beharrezko arretari kalterik egin gabe.

 

6.- Foru Exekutiboari eskatzen zaio adimen artifizialaren, big dataren eta datuen ingeniaritzaren erabilera ustia dezan iruzurraren aurka borrokatzeko, zergadunarentzako laguntza eta Ogasunaren eskura dauden zerga-kontrolerako bitartekoak hobetuz.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Ekonomia eta Ogasun Departamentuko langileriarentzako eta oro har herritarrentzako prestakuntzarako eta gaikuntza teknologikorako plan bat ezar dezan, tresna digitalen erabilerari buruzko ezagutzak eta trebetasunak bereganatzeari bultzada ematearren.

 

PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin onetsi da.